GERO ARTE!
Banoa. Neu ere beste asko bezala laster hemendixe noa; baina ez dakit nora. Baliteke oso urrutira joatea. Baliteke. Edota bertan gelditzea/ zuengandik gertu. Baliteke.Joateko aukeratu dut. Ez dituzue bere PI! PI! PI! hotsak entzuten? Nire bila datorren trena da, aspaldian itxoiten egondakoa. Ez, ez galdetu, faborez, zergatik aukeratu dudan bidaia hau. Eta ez gelditu niri begira ezagutuko ez baninduzue bezala, mesedez! Gauza bat ahaztu aurretik: ez etorri agurtzera, bakar-bakarrik egin nahi dut bidaia hau.
Oraindik ez dakit lehenengo, bigarren edota hirugarren klasean joango naizen, ezta nire bidelagunak nolakoak izango diren ere. Ez dakit. Hori gerotxoago jakingo dut: laster batean. Bidaiaren bukaeran itxoiten egongo direnak ere, ez dakit nongoak izango diren. Itxura denez, horrelako bidaietan mundu osotik etorritakoak batzen gara. Horregatik oso bidaia bitxia eta aberatsa izango da noraezean eramango nauena. Behin bakarrik burutu daitekeen horietakoa izango baita. Abenturazale handienek egiten dutenen antzekoa: bertan hasi, baina bueltarako pista handirik ematen ez duena.
Abitzear dagoen bidaia honetarako ez dut gauza handirik eramango. Zertarako. Soinean jantzitakoa baino ez dut eramango, gainontzekoa, hots, traba baino egiten ez duena bertan utziko dut: zuentzat, familiakoetzat. Arren, ez haserretu banatzean, goitik begira izango nauzue eta. Dena den, badaezpada, joan-etorrirako txartela erosiko dut zeren eta baliteke bertako giroa ez gustatzea eta berriro etorri behar izatea zenbait lekutan bezala txakur legez ez bada, hezur eta azal. Badator. Banoa. Gero arte! Roman.