Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Publizitate
irenegil3
pdf

Erakargarria egiten zait publizitatearen mundua. Hiriei ukitu jostaria ematen die: metroko geltokietan horma grisak alaitu, markesinetan kristalaren hoztasuna epeldu, garraio publikoaren uniformaltasuna hautsi... Irudi koloretsuak eta mezu enkriptatuak: jokoa.

Arreta berezia eman dit abiatu berri den kanpaina batek. Argazkian hiru gizonezko. Hiruretan lehena lan-jantzitan dago, bigarrenak panazko jaka marroixka eta diseinuzko betaurrekoak daramatza; hirugarrena markako trajez jantzita, italiako moda seguruenik. Hurrenez hurren: langile arrunta, garai bateko gorri aburgesatua eta exekutibo arrakastaduna. Ustezko negozio baten metalezko pertsiana pisutsua altxatzeko eginahaletan dabiltza, hirurak batera, elkartasunean, lelo bakar baten pean: “Zure negozioak behar duen bultzada”.

Izan zitekeen giza-eragile baten auzo-lanerako deia, edo sindikatu baten maiatzaren 1.aren aldarria, edo lan sailaren dirulaguntzen eskaintzaren iragarpena. Izan zitekeen, baina ez da: banketxe baten publizitate kanpaina da. Eta hortik nire harridura. Krisiari aurre egiteko 200.000 EU, aukera ezin hobea, sekulako mauka. Mesfidati begitantzen diot banketxeetako eskaintza orori bezala, honi ere.

Orduan, ustekabean, argazkia antzaldatzen hasi zait eta hiru gizonezkoak lanean jarri ditut. Lehena, langile itxurakoa, irudikatu dut pertsiana gris baldar horren lamak metalezko xafla bakar mehe bat egiten, eta bigarrena, modernoa, aurrekoak egindakoari bukatu txukuna eta distira ematen. Hirugarrena bankari egin dut, dotore-dotore jantzita, eta xafla metalikoaren beheko aldeari ahoa ateratzen imajinatu dut, buru-belarri, gogotik, ertz ezinago zorrotz eta ebakitzaile egiten, eta, irribarrez, etengabe lelo hau errepikatzen: “Zure negozioak behar duen bultzada”.

Burumakur hurbilduko gara lehiatilara zorrak gainezka egin digula ikusterakoan, hilaren bukaeran eta hilero-hilero. Zenbaki gorriak gero eta puztuago, gu, berriz, gero eta kuzkurtuago. Horren abegikor hartu gintuen trajedunak berak utziko du gure lepoetara erortzen negozioaren pertsiana zena, gillotina bihurtuta, gure heriotz ekonomikoari bedeinkapena ematen dion bitartean.

Erakargarria egiten zitzaidan publizitatearen mundua, hiriei ukitu jostaria ematen zielakoan. Orain, ordea, irudi koloretsuetan orbain beltzak ikusten ditut, lelo enkriptatuetan mezu nahasgarriak, eta jokoaren lekuan azpijokoa. Ezkutuko iruzurra.

Irene Gil

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago