Euskara,nire aukera
Herrixka batean bizi zarenean ez duzu pentsatzen euskaraz egin nahi duzun edo ez, gehienek hala egiten dute eta zeuk ere bai, horixeda naturala. Hiri batean bizi zarenean, aldiz, aldatu egiten da kontua, gazteleraz hitz egiten dute gehienek, batez ere nerabeek. Eta zuk, igoal, hamabost urte dituzu eta atsegin duzu euskara, zeure izatea baita, txikitatik bizi izan zara euskaraz, hala ikasi duzu eskolan, etxean ere egiten duzu euskaraz gurasoekin, neba-arrebekin. Baina lagunak denetarikoak dituzu, batzuk euskaraz mintzatzen dira etxean, besteak ez. Gainera, lagun berriak ezagutzen dituzu eta litekeena da euskaldunak ez izatea. Eta zertan ari zaren jabetu gabe gazteleraz mintzatzen hasten zara, eta konturatzerako zure komunikatzeko bide bihurtu duzu. Eta euskara orduan beste hizkuntza bat da, beste aukera bat, etxean eta eskolan erabiltzen duzu, baina kalean apenas edo gutxi behintzat. Zeren desberdina da euskalduna izatea Adunan edo Irunen. Eta etxean ama etengabe aritzen zaizu euskaraz egiteko esaten, eta ikusten duzu ama kezkatu egiten dela biziki lagunekin gazteleraz entzuten zaituenean. Autoz, lagunak eta zu entrenamendura eramaten zaituztenean behin eta berriro esaten dizu euskaraz egiteko, eta zuk ez dakizu non sartu, a zer lotsak pasarazten dizkizun lagunen aurrean! Baina jakin ere badakizu, taxia nahi baduzu, euskaraz egin behar duzula, eta lagunei haiek bakarrik ulertzen duten aurpegia jartzen diezu, autoan euskaraz egiteko ulertaraziz, hor dagoela zure ama tirano hori. Haien barretxoak entzuten dituzu jarraian, baina saiatzen dira euskaraz egiten, amari belarriko mina eraginez, noski, esaten duenez, nahiko trakets egiten baitute. Eta gero, etxera bueltan, ama eta zu bakarrik zoaztenean, aprobetxatzen du mundu honetara ekarri zintuenak hitzei lasai-demonio bide emateko eta hasikozaizu esaten euskara dela gure hizkuntza, euskarak balio duela denetarako, maitatzeko Aitorren hizkuntza zaharra, euskara dela euskaldun sentitzeko gakoa. Eta, gainera, hamabost urterekin nekez ulertuko dituzun adibideekin ilustratzen dizu hitz jarioa. Erreportajea bukatzen denean, zuk baietz esaten diozu, zuk nahi duzula egin euskaraz, egia esan, erosoago ere aritzen zarela, baina errealitateak bultza egiten zaituela eta ez duzula zomorro arraro sentitu nahi. Ama orduan bihotz minez –ze bere begietan islatzen zaio oinazea– baina baita maite minez ere joaten da iraganera eta eramaten zaitu beste garai batera. Eta esaten dizu bere aitona Rafaelek nola nozitzen zuen, ikusten zuenean ikastolatik irteten ziren neska-mutilek gaztelerara jotzen zutela. Nola egoten zen aitona gure ama eta bere neba-arreben zain autobus geltokian eta hitzen bat gazteleraz entzunez gero, nola esaten zien egiteko euskaraz, hori dela gure hitz parrastaden oinarria; nola esaten zieten zorionekoak zirela horrelako hizkuntza zaharra askatasunez hitz egiteko aukera zutelako. Eta zuk irudikatzen duzu argazkietatik bakarrik ezagutzen duzun aitona Rafael, hantxe, neska-mutil taldearen aurrean, tente eta serio, bihotz taupadak bizi eta hitzei ezin eutsi honakoa esaten: «Egiteko euskaraz, demontre!». Eta ulertzen duzu ama bere lagunen aurrean ere lotsatu egingo zela horrelako aitona zorrotza izateagatik. Baina orduan jartzen zara aitonaren lekuan, eta joaten zara berarekin erbestean egon zen herrixka hartara; ez zara bere izenaz gogoratzen, baina behin edo behin entzun duzu Frantzia eta Suitzaren artean zegoela. Imajinatzen duzu nola biziko zen frantsesez eta tarteka beste erbesteraturen batekin gazteleraz bakarrik egiten zuen euskaltzale porrokatua. Zer izango ote ziren bere gauak, butanozko argigailu txiki hark argitzen zuen ganbara hartan! Nolakoa amestuko ote zuen zure birraitonak euskaraz mintzatzen zen Euskal Herri aske bat! Eta zenbat sufrituko zuen ikustean kanpoan emandako hemezortzi urte haietako 6.570 gauetan amestu zituenak ez zetozela bat kalean aditzen zuenarekin. Ederki konprenitzen duzu zergatik dagoen ama maiteminduta euskararekin. Eta orduan jasotzen duzu Ainhoaren SMSa telefonoan; «Mllmas?» Eta amorrua sentitzen duzu eta erantzun; «Gro detkodizt!» Eta onartzen duzu ama «plasta» daukazula, ez dagoela egun bakar bat euskara aipatzen ez duena. Telebistan albisteak ematen dituztenean ere unea aprobetxatzen du esateko halakok eta bestelakok ez duela maite euskara eta, ez hori bakarrik, bizkar ematen diotela, nahiko luketela Unamunok aipatzen zuen moduan altxor baten gisan gorde kutxa batean. Hau duela gutxi ikasi dugu Literaturan, eta hor eduki gure ondorengoek jakin dezaten bazegoela hizkuntza bat oso aspaldiko sustraiak zituena eta pixkanaka gaztelerak eta bere mandatariek zanpatu egin zutena. Museo batean ikusten duzu euskara, teknologia berri guztiak baliatuz nola azalduko duten 2050. urtean hil zela. Eta irribarrea marrazten zaizu ezpainetan, baina berehalaxe dardara batek astintzen dizu gorputza eta batez ere adimena. Eta une horietan jabetzen zara batzuetan erabaki egin behar dela eta orduan hemezortzi urte bete ez badituzu ere, botoa ematen duzu euskararen alde. Kontzientzia hartzen duzu eta zeure buruari esaten diozu esnatzeko eta onartzeko hobeto sentitzen zarela medikuak egiten dizunean, euskaraz, auzoko dendakoa gure amaren hizkuntzan zuzentzen zaizunean. Eta kontzientzia horretan, seguru asko genetikak bultzatuta, jabetzen zara euskara daukazula zainetan eta ez diozula inori utziko behartzen, eta erabakitzen duzu zein hizkuntzatan nahi duzun bizi; euskera, zure aukera!