Udaberri udazkendua Europaren bihotzean
Student Agencyautobus horian iritsi gara BudaPestera, Europaren bihotzera. Sargori dago.
Izerditan jaitsi naiz maiatzeko ostiral arratsalde batez BudaPestera lagun aleman batekin. Jaieguna da Txekiar Errepublikan bigarren mundu gerraren bukaeraren edota askapenaren egunaren karietara. Eta nik Txekiatik ihes egin dut Magyar lurraldera.
Udaberriko egun eguzkitsuak ongi berotzen du, eta BudaPest hiriko autobus-geltokia ezagutu dut.
“Excuse me, how do I get the center?” hungarieraz jakin ez eta esperantotzat daukagun ingelesez galdegin dut zentro aldera nola joaten den. Bertan eurorik ez eta florina behar! Beraz, kreditu-txartela atera eta diru poxi bat atera dut geltokian.
Bost mila florin. 250 florinetan dago euro bat. Dirua behar gauza guztietarako, eta erdigunera joan behar dugu han harturik baitugu ostatu. Metroa hartu dugu Ference Ter geltokiraino, eta ostatutik gertu Goulash goxo bat afaldu dugu.
Beroaren beroaz ni izerditan eta hiriko zuhaitzadarretatik malutatxo zuriak erortzen dira, karrika grisak orbel zuriz beztituz. Malutatxoak negar-tanten gisa erortzen dira goitik behera leunki, eta neguko nire negarrak idortzen dituzte malutatxoek.
Lagun alemana eta biok lagun txekiar batzuekin elkartu gara. Goulasha eta garagardo magyarra hartu ondoren, txekiar lagunekin txekieraz-edo aritu naiz. Gehienetan isil, neure txekiera eskasa baita. Nekaturik oheratu gara biharamunean BudaPest egunez deskubritzeko gogo biziz.
Goizean goiz jaiki ondoren, larunbatez gosaldu eta Hungariako Parlamentura joan gara: ikaragarri ikusgarria! Europako handiena omen da, ondoren Londresekoa baitago.
Egun sargoritsua.
Eguzki beroak lagundu gaitu BudaPesteko karriketan barna, eta eguerdiondoan saltxitxak jan ditugu. Eguzki beroa negarrez ari da. Malko zuri leunak jaulki ditu lurrera zuhaitz-adarretatik, eta irribarre triste bat egin dut. Irribarre egin dut hala ere, eta arratsaldean bainu-etxera joan gara. BudaPestera etorriz gero bertako bainu-etxe ikusgarriaz gozatu beharra dago.
Uretan ibili eta afaldu ondoren, leher eginik ostatuan sartu gara.
Igande sargoritsua.
Europako sinagogarik handiena bisitatu dugu: merezi du kutsu katolikoz hornituriko tenplua ikusteak. Barrura pozik sartu gara kanpoko egun sargoritsutik iheska. Bertan, Jenö Restö idazlearen (1905-1943) idazmakina ikusi dut. Hungarieraz jakin gabe, irudikatu dut zeri buruz idatzi izango zuen, edo nik nola idatziko nukeen bere idazmakinarekin. Holokaustoa gogoan.
Europako bihotzaren taupadak hainbat hizkuntzatan mintzo dira, eta Kunderaren sorlekura iristeko, aurretik Bratislava hiria, Eslovakiako hiriburua igaro behar dugu.
Ez dugu geldialdirik egin, ordea, eta berehala iritsi gara izatearen arintasun jasanezina sentitzera. Ordu aunitz gurpil gainean eta gogotsu etxean sartzeko.
Izatearen arintasuna jasanezin zitzaiolako bere sorterrian, ihesi joan zen Parisera noizbait. Geroztik, han bizi da, eta ez du ezer jakin nahi bere sorterriaz, ezta hizkuntzaz ere. Geroztik, txekiera utzi, eta frantsesez idazten hasi zen, eta ez omen du edozein txekiarren eskuetan uzten bere liburuen txekierazko itzulpena. Gainera, ez du gehiago bere ama-hizkuntzan idatzi nahi izan, eta horregatik guztiagatik txekiarrek ez dute gehiegi maite; baina hain arina izan ote da bere idazle-erabaki hori? Hain arina ote gure izatea gure ama-hizkuntzaren ordez beste bat aukeratzen dugunean?
Zein hizkuntzatan literatura egin aukeratzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, gero! Hausnarketa sakona eskatzen du, eta hizkuntza bat edo bestea aukeratzen dugunean, irakurle jakin bat aukeratzen dugu eta beste norbait baztertu. Norbait izatea ez baita arinkeria bat. Idazle izateak bizitzari buruz hausnartzea esan nahi du, eta askotan ez da aringarria; beti jasanezina zaio egunero bizi behar duen izateari idazle izatea.
Brnotik Pragara joango gara, literaturak eta letren errepublikak emandako bidai-txartelarekin. Bigarren mundu gerraren aurretik, XX.mendearen lehen urteetan Pragan bi hizkuntza hitz egiten ziren karrikan. Gehiengoaren eta herri xehearen hizkuntza txekiera zen, eta burges aberats gutxiengoarena alemana. Esan dezagun alemana zela prestigiodun hizkuntza, eta Kafka idazle atormentatu ezagunaren ama-hizkuntza alemana zen. Alemanez idatzi zuen eta mundu guztian da ezaguna haren lana. Jan Neruda ere pragatarra zen, baina txekieraz idatzi zuen. Bere ipuinak ez dira hain ezagunak eta bera ez da oso ezaguna. Ez da hain arina gure izatea, gure ama-hizkuntza beste baten ordez aukeratzea idazteko, ez da aringarria aukera bat hartzea bestearen ordez, eta Xabier Letek behin idatzi zuen bezala, aukeratzearen askatasun lotzaile hori gogorra izango da idazlearentzat, edonola ere: Ai poeta, poeta, gogorra izango da zuretzat askatasunaren eguna!
Gurean ere, Euskal Herrian, munduan egonik, hiru hizkuntza daude, eta euskaraz bakarrik idaztearen hautua eginez gero, beste aukeren pisuaren katea darama idazleak arrastaka arrakastaren bila. Berdin euskara ez den beste hizkuntza hori hautatuz gero.