Kontra(k)tu(ra) soziala
Jaio nintzenean, inolako baimenik eskatu gabe, norbaitek –zerbaitek– hitzarmen bat sinarazi zidan jendarteko kide izateko.
Hitzarmen guztiak bezala, honek ere –nik ez nekien arren– bi alde zituen: batetik, gizabanakoa, berez askea, baina jendartean bizitzeko norberaren nahimenari mugak jartzeko prest; bestetik, antolakuntza sozialaren egitura, giza-abere horri babestu, eta laguntzeko prest. Hitzarmen berezi honek, gainera, bi atal zituen, ustez orekatuak: alde batetik, eskubideak zeuden, oinarrizko ahalmen batzuk; bestetik, betebeharrak, gaitasun horien truke bete beharreko baldintzak.
Jaiotzerakoan nik ez nekien denok sinatzen genuenik hitzarmen hau. Are gehiago, nik ez nekien denok derrigorrez sinatu behar izaten genuenik. Horregatik, pozik bizi izan nintzen haurtzaroan; eta ez nuen, garaiz, beharrezko epean, alegaziorik egin.
Behin batean, bospasei urte nituela, irakasleak esan zigun kanpoko norbait zetorrela, eta hari gazteleraz erantzun behar geniola. Guk ez genekien gazteleraz egiten, eta beldurtuta igaro genuen goiz osoa. Handik gutxira, berriz, berdez jantzitako gizon armatuek eskola –ikastola– itxi ziguten, eta oporrak izan genituen, gurasoek, garaiko agintari ez-demokratikoekin, egoera zuzendu zuten arte.
Harrigarria dirudien arren, berrogeita bost urte geroago gogoan ditut egun haiek: ikuskari ilehori herren haren aurpegia, eta pikoleto lodikotea, pistola eskuan, gelako leihotik igarotzen. Nagusitzerakoan, konturatu nintzen, urteetako esperientziaz, eskubideak gehienetan lor ezinak zirela, baliabide faltagatik, egiturak zurrunegiak zirelako, edo baita, tokian tokiko funtzionario nahiz ordezkariek –azken hauek, nolabait geuk aukeratutakoak izan arren–, ez zutelako egoerak aldatzeko gogorik, ez asmorik.
Eskubideak urratu izan zaizkidala sumatu izan dudanean –dena esan behar– ez naiz isilik gelditu, baina ez dut inoiz erantzukizuna zuena aurkitzerik lortu, eta ez dut lortu zanpatutakoaren erantzukizuna zuenak ordaintzerik.
Eta konturatu naiz, ostera, betebeharrak, guztiak, betearazten dizkidatela. Eta betetzen ez baditut mehatxuak, isunak, kartzela edo arazo larriak izan ditzakedala, egitura “babesle” –indartsu– horren aldetik. Beraz, niretzat behintzat, kontratu hori kontraktura mingarria bihurtu zaidala aspalditik, sentitzen dut.
Horregatik, azkenaldian, inposatu diguten lehendakari bati, hedabideetan, zapaldu duen jendartearekin –burua legitimatu nahian edo– kontratu soziala berritu nahi duela entzun diodanean, esan dut, “Nik ere bai!”. Nik kontratu berria nahi dut.
Baina ez dut uste gauza bera esan arren, gauza bera ulertu dugunik. Nire zoritxarrerako.