1. EKITALDIA
Musika entzuten da. Eszenatokia ilunetan dago. Bertan lau eskutlura daude. Mikrofonoetatik ahots batek hurrengo egunean izango den erakusketaren berri ematen du, lehendabizi euskara batuan, ondoren zuberotarrez eta azkenik Atxabaltako euskalkian.
GRABAKETA:
ETORRI, IKUSI, ETA GOZA EZAZUELA ERAKUSKETAREKIN.
Hunki jin gügenheim müseulat. Jakinarazten dereiziegü, ezi, bihar, bigerren estajeko hamahirurgerren gelan, Erramun Gohienetxe arte gizun xiberutarraren lanaren presentaziunia izanen dela. Erakutsiren deikün lana osatia düzie Üskal Herriko historia muldarazi dien jente eli batez.
Ondo etorrixak izan zaittezela Gugenheim museora. Jakizue bixar, Erramun Gohienetxe eskultore Zuberotarraren lana erakutzikoula 2. pixuko 13. aretuen. Oinguen Gohienetxek Euskal historixan inportantiak izen dien gizon-emakume batzun irudixak ekarri dittu.
Musika entzuten da. Poliki-poliki argiak pizten dira eta ikuslegoaren artetik bi garbitzaile azalduko dira, jendeari hautsak kentzen, komentarioak egiten, abesten…
HARITZ: Maritxu nora zoiaz eder galant hori….
AMAIA: Itxurrira Bartolo nahi bozu etorri…
HARITZ: Itxurrixen zer dau ba…
AMAIA: Ardautxo zurixa…
HARITZ: Bixok erangou hori…
AMAIA: Nahi dogun guztixa…
HARITZ: Ene Amaia! Hemen dauuu hautza, hemen!! (jendeari buru gainetik hautzak kentzen dieten keinua eginez)
AMAIA: Bai…hoenik eztaue euren buruak aspaldixen garbitxu e? KOTXINO!!
HARITZ: Ikusten dozu hau? Zelako itxuria… orraztu ero…zeozer in e?
AMAIA: Eta zu zer e? Traban zauz ta kendu zaitxez paretik!!
HARITZ: lalalarararalalala
AMAIA: Bixar dala erakusketia? BA eztakitx zela garbitxubioun hau danau! Neuk behintzet gogo haundirik eztaukat!!
HARITZ: Ze pentzetan daue ba? Dana geuk inbioula ala? Txarrixak halakuak….zzzzziiiikinak halakuak!
(Poliki-poliki eszenatokiraino jaitsiko dira eta irudietan jartzen duena altu irakurtzen hasiko dira)
AMAIA: Zu Haritz, hau indauenak badauko baloria e?
HARITZ: Bai horixe! Beitu ze jartzen dauen hemen, “Eneko Haritza” Aiba! Nire izena…Iruñeako lehen erregea, 824, 852. urteetan bizi izandakoa. Orreaga-Garaziko burrukan parte hartu ondoren lehen buruzagi edo errege izendatu zuten.
AMAIA: Eta hemen? Blanka Artoiskoa, Nafarroako erregina 1270-1274. Bere garaian piztu zen Iruñean auzoen arteko gerra.
HARITZ: Iparragirre, hau tipo dotoria…! Gizpuzkoar kantari eta olerkaria 1820-1881. Munduan zehar bilitakoa, berak asmatu zuen Gernikako arbola abesti ezaguna.
AMAIA: Eta hau? Erausoko katalina 1585-1650. Moja sartu zuten gazte-gaztetan , ihes egin zuen eta gizon jantzita Ameriketara joan zen. Hango guduetan alferez izendatu zuten, hilzorian zegoela emakumea zela aitortu zuen, baina osatu zen eta handik aurrera idazle lanetan aritu zen.
HARITZ: Ondo ondo garbitxubiekoitxu…
(Hautsak kentzen, fregonarekin goitik behera garbitzen…kantuan ari dira)
AMAIA ETA HARITZ: Garbitzen ari nintzen, Gughenhein museoan, lagunarekin batera, jo ta fuego lanien, lagunarekin batera, jo ta fuego lanien (brodatzen ari nintzen)
(Halako batean…PLAST! Nafarroako Blanka eta Eneko Haritzaren irudiak bota eta puskatu egiten dira)
AMAIA: Ostras pedrin! Ederra indou, ta oin zer? Laster badatoz hau ikusi biedauienak eta…? Zeozer pentzau biekou e? ai ama...
HARITZ: Bueno ba…(belarrira hurbildu eta bere ideia kontatzen dio) psssssss…..psssssssssssss ….bla…bla…bla…
(Musika entzuten da, argiak itzaltzen dira, bitarte horretan garbitzaileak mozorrotu egingo dira eta puskatutako bi irudien lekua hartuko dute)
2.EKITALDIA
(Musika entzuten da, argiak poliki-poliki piztuko dira, erakustokian 4 irudiak azaltzen dira baina haietako bi Amaia eta Haritz dira)
(Bi moja eta fraile bat erakusketa ikustera hurbiltzen dira. Sor Anak oso gutxi ikusten du eta eskulturetara hurbildu beharrean jendearengana zuzentzen da.)
SOR ANA: Ene Jainkoa! Baina…zenbat eskultura egin dituen gizon honek…1…12…18… baina….baina…100 baino gehiago daude eta…
FRAI ANTON: Amabirjina maitea…honek…honek ez du ezer ikusten!!
SOR MARIA: Edo…larregi agian…hemendik Sor Ana…hemendik…begira ezazu honuntza…
FRAI ANTON: Erausoko katalina hau…MOJA LOTSAGABEA…
SOR ANA: Baina emakume ausarta…!
SOR MARIA: Tira… tira, isildu zaitez!
(Sor Ana berriz jendeari begiratzen hasten da)
SOR ANA: Eta hura? Ze errege zen hura? Bai, bai…hango hura…
FRAI ANTON: Zea…! PORRUKOTXARAKO erregea, no te jo…Ene, Maria Santisima barkatu…
(Bitartean mozorrotutako garbitzaileek keinuak egiten dituzte, jendeak mojak abisatu nahi ditu baina hauek ezer igarri nahi dutenerako besteak geldi-geldi jartzen dira)
SOR MARIA: Hemen zerbait gertatzen da ez da? Ze…Eneko haritzaren garaietan erlojurik ba al zegoen ba?
FRAI ANTON: Egia…Jainko maitia…Goazen…goazen hemendik istilutan sartu aurretik…
SOR ANA: Joan?...nora? Hemen dagoenarekin?
SOR MARIA: Karmengo ama maitia…honek ez ikusi, ez entzun, ez ulertu…goazen, goazen hemendik!
(Musika entzuten da, Sor Ana ia arrastaka ateratzen dute beste biak ikuslegoaren artean eseriko dira. Hauek jarriaz bat hiru gazte azalduko dira, despistatu antzean)
ENDIKA: Ze taberna don ba hau?
AMAIUR: Hi, xelebria ba haz e? hau eztok tabernia leluoi, Gughenheinera sartu gaituk..!!!
ENDIKA: A…eta ze ikusi biejonau ab hemen? Guazenan kalera hi!!
JOKIN: Etxoik! Ikusi hi! Mojia alfereza izen zuan hau!
ENDIKA: ba…honek…e…kuadrilako Amaian antza jaukek!
AMAIUR: Bai zea…! Eta beste honek Haritzena eztok?
ENDIKA: Ba…bai! Hi bai! Haretxena jauken ba!
JOKIN: Tontokeixaik ezik esan, hori Eneko Haritzaren irudixa dok eta hori bestioi, Blanka de Navarra o holakoz erbaitx!
(Irudiek, baietz, beraiek direlako keinuak egiten dituzte…hiru lagunak harritu egiten dira eta barrezka hasi)
AMAIA: Ixo!!...txoimaluok, zuzendarixa enteretan bok guriak injok…
AMAIUR: Gugatik ez larritxu e? Gu isil-isilik egongo gaitxun.
HARITZ: Tira…aide hemendik e?
ENDIKA: Bai, guazak, guazak, bestela ertzainak honen kulpia be geuri botako juskuek eta!!
JOKIN: Guazak, guazak!
(Musika entzuten da, hiru lagunak barrezka ateratzen dira eta jende artean eseri. Eseriaz ba bi japoniar agertzen dira argazki makina aldean dutela denari argazkiak ateratzen)
NIKITA: Guatxenara…tererereiire, taraema de do dooo ontzire
JOSIKO: Guana istori me…omouskoni…matala, matala.
(Irudiak mugitu egiten dira nekatuta daudelako eta bi japoniarrak aretoan zehar korrika hasten dira beldurturik. Jendeari begira gelditu eta…)
NIKITA ETA JOSIKO: Otoialeko mekatala matala mekatala…
Euskal helia, benetan belezia…ui! UI! AI! AI!
(Musika entzuten da, japoniarrak jendearen artean eseriaz bat Erramun azalduko da bere artelanari azken begirada egitera)
ERRAMUN: Heben zide, ene artelan txipiñiak, untsa, untsa, baliman asetüren düzue jenten gogua…hainbeste nekheren khostüz horra beitzide. (hementxe zaudete nire artelantxuak…ondo, ondo…ea jendearen gustokoan zareten. Hainbeste kostatako lana…)
(Irudiak nekatuta daude eta mugitzen hasten dira, jendeak erramun jakinaren gainean jarri nahi du baina…)
ERRAMUN: Ez, ez dütük higitzen ari…bena…hain untsa eginik tük…ürdüri beitie egiazkuak, ez dea hala? ( Ez, ez dira mugitzen ari, baina hain ondo eginik daude…benetakoak diruditela ezta?)
(Jendea, mojak japoniarrak…ohiuka, Erramunek buelta hartzen du eta…)
ERRAMUN: Bena, bena ordian…zer dük hau? Adio ene omenari; züzendariak ehoko nai!! (baina, baina, zer da hau? Agur nire ospeari, zuzendariak akabatuko nau!!)
HARITZ: Ez… ez … gu geldi-geldi egongo gare.
AMAIA: Bai, bai zu lasai, guk ondo ingou gure papela.
ERRAMUN: Hobeko düzue hola, bestenaz kasu ematen ahal düzie…! (hobe duzue horrela, bestela…!!
3.EKITALDIA
Musika entzuten da, Erramunek urduri alde egiten du, argiak itzaltzen dira. Berriz argiak piztean pertsonaia guztiak eszenatokian azalduko dira, museoko zuzendaria jendeari begira dago aurkezpena egiteko prest, Erramun bere ondoan dago eta beste guztiak irudiei begira kuxkuxeatzen.
AGIRRE ANDEREA: Ixo… ixo… gela honetako artelan paregabeen aurkezpena egitera goaz…
BESTE DANAK: Bai…bai…ixilik…eta…GELDIK.
AGIRRE ANDEREA: Zeerr?... Hemen nire ondoan Erramun Gohienetxe artista eta atzean…
(Atzera begiratzean bat mugitzen dela iruditu zaio)
AGIRRE ANDEREA: Jesus…zera pentsatu dut…Eneko Haritza mugitu egin dela!!
ERRAMUN: Ejemmm!!! Ejeemm!!
BESTE DANAK: EZ! KE BA! EZ! EZ!
AGIRRE ANDEREA: Ba…esaten ari nintzen…
(Bat-batean bi irudiak andrearen gainera erortzen dira)
AGIRRE ANDEREA: Baina zer da hau? Zuek…? Eta zu Erramun!!!
(Musika entzuten da, zuzendaria aretoan zehar danak jarraika hasten da, antzezleak aretoan desagertzen dira. Berehala agurra egitera aterako dira. Agurra egiteko beste musika bat entzungo da, lehendabizi bana-banan aurreratuko dira antzezleak, azkenean danak eskutik helduta.)