Gidoiak eta antzerkia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
 ARGI ILUNAK

4SINOPSIA

Martin mutiko isila da. Gelan parte hartzea eta galderak egitea ez du gogoko. Bere lagun mina Lukenek ez du honen antzik, ez dauka honek mingainean herdoilik. Martin gela guztiaren aurrean galdera bat egitera ausartu den egunean, Amaia irakasleak , ez dio erantzunik emango. Martinek erantzuna beste bide batetik aurkituko du. Zein da iluntasunaren kolorea?

PERTSONAIAK:

Martin : Pertsonaia nagusia. 11-12 urte inguruko ikasle argia. Gelan isila bada ere, lagunartean beste era batekoa da.

Luken: Martinen ikaskide eta lagun mina. Martinek gelan egiten ez dituen galdera denak beak egiten ditu. Mutiko bizia.

Amaia Irakaslea: Inprobisazioa gogoko ez duen irakaslea. Dena beti kontrolpean izan behar du.

Josu: Ikaskidea.

Ugaitz: Ikaskidea June: Ikaskidea

Amane: Ikaskidea

Amona: Martinen amona. Zaletasun askoko emakumea: irakurtzea, atsotitzak, sukaldaritza...

Aitona: Joxe izena du. Erretiroa hartu arte itsasgizon izandakoa. Itsasoko istorioak kontatzea ikaragarri gustatzen zaio.

Izeko Nekane: Tren gidaria. Rap kutsuko abestiak sortu eta kantatzea gustatzen zaio. Emakume alaia.

Ama: Arantxa izena du. Martinen eta Ikerren ama. Emakume atsegina.

Aita: Xabi izena du. Martinen eta Ikerren aita. Gizon zintzo eta lagunkoia.

Iker: Martinen anaia zaharra. Nerabezaroko kontuak pil-pilean ditu.

Pertsonaia hauetaz gain, antzerkian parte hartzeko manipulatzaileak eta eszenografia aldaketetan parte hartuko duten ikasleak beharko dira.

ESZENATOKIA:

4 eszena daude. Lehenengo eta azken eszena espazio berdinetan gertatzen dira. Zati bakoitzak espazio bat irudikatuko du. Batetik bestera joateko beltza eta musikak erabiliko dira trantsizio moduan. 2. Eszenaren barruan ere eszenografia aldaketa bat emango da. Hainbat proposamen aurkituko dituzue, musika eta eszenografiaren inguruan.

ARGI ILUNAK

1.ESZENA

(Eskolako ikasgelan ikasleak binaka ikasmahaietan eserita. Irakasleak, liburua eskuetan duela, azalpenak ematen dihardu. Ikasleek apunteak hartzen dituzte, batzuk adi, beste batzuk ondokoarekin hizketan... Irakaslea galderak egiten hasten da).

AMAIA IRAKASLEA: Beno gaiarekin amaitzeko errepaso galderekin hasiko gara.

Zer da unibertsoa?

(JUNEk, AMANEk, JOSUk eta UGAITZek eskua altxatuko dute).

AMAIA IRAKASLEA: Esan, Josu.

JOSU: Existitzen den guztia unibertsoa da.

LUKEN: Ni unibertsoa naiz?

AMAIA IRAKASLEA: Bai, zu ere unibertsoaren parte zara Luken. Baina eskua altxa hitz egin aurretik.

AMAIA IRAKASLEA: Norbaitek zerbait gehitzeko? ( Amanek eskua altxata)

Esan, Amane.

AMANE: Unibertsoa astro guztien multzoa da eta horrek betetzen duen espazioa.

AMAIA IRAKASLEA: Primeran, Amane. Beste galdera bat. Hitz egin dutenak isilik oraingoan. Zer dira astroak?

(JUNEk, AMANEk, JOSUk eta UGAITZek eskua altxatuko dute).

AMAIA IRAKASLEA: Esan June.

JUNE: Astroak zeruko berezko gorputzak dira: izarrak, planetak, kometak, sateliteak, etab.

AMAIA IRAKASLEA: Ondo. Eta nola sortu zen Unibertsoa?

(Junek, Amanek, Josuk eta Ugaitzek eskua altxatuko dute).

LUKEN: Nik, nik nik... Big-banda, bai hori da banda , banda eta eztanda.

AMAIA IRAKASLEA: Luken, ez da erantzun zuzena, eta eskua altxa gabe ezin da parte hartu. Txandak mantentzea oso garrantzitsua da. Beti berdina errepikatzen ari naiz. Eskua altxaaa! (Haserre tonuarekin) Ea, betikoak ez. Esku berriak ikusi nahi ditut! Zer da esne-bidea?

 (JUNEk, AMANEk, JOSUk, UGAITZek eta LUKENek eskua altxatuko dute).

AMAIA IRAKASLEA: Ea Ugaitz azal ezaiguzu.

UGAITZ: Gure galaxiaren izena da.

AMAIA IRAKASLEA: Beno, oraingoan galderak nik egin beharrean zuek egitea nahiko nuke. Zerbait argitzerik nahi duzue? Zalantzarik baduzue?

(MARTINek eskua altxatuko du)

AMAIA IRAKASLEA: Martin! Zure eskua altxata ikusteaz pozten naiz! Esan zer jakin nahi duzu?

MARTIN: Zulo beltzak aipatu dituzu, ezta?

AMAIA IRAKASLEA: Bai, adi egon zara.

MARTIN: Ba honekin loturiko galdera bat dut. Zulo beltzak, iluntasuna...(pentsatzen)

Zein kolorekoak dira... edo dute zulo beltzak ? Nolakoa da iluntasuna?

AMAIA IRAKASLEA: A zer galdera, Martin! Kolorea? Zer interes du koloreak!

( Buruarekin ezezkoa keinua eginez)

AMAIA IRAKASLEA: Kolorea galdetzen didazu? Eta iluntasuna?

Ez...(Aurpegiarekin ezezko keinua eginez) (

MARTIN gorri-gorria ipintzen hasiko da. eta ikasleen artean barreak nabarituko dira.)

AMAIA IRAKASLEA: Nolakoak izango dira ba! Zulo beltzak? Zulo beltzak! Izenak berak esaten du, beltzak! Beltzak, Martin! A ze galdera xelebrea, Martin!!! Horrelako galderak....Ezin dira erantzun.

(AMAIAk esaldia amaitu baino lehen eskolako txirrina entzuten da. IKASLEAK beren eserlekuetatik zutitu, motxilak hartu eta eszenatokitik ateratzen hasiko dira. AMAIAk liburua hartu eta MARTINI ezezko keinuak eginez ateratzen da eszenatokitik. Zalaparta nabarituko dugu. Pixkanaka giroa lasaituko da. MARTIN eta LUKEN bakarrik geratzen dira eszenatokiaren albo batean.)

MARTIN: Amaia! Ez dut ulertzen! Ez al da behin eta berriro eskatzen didana!

(Amaiaren ahotsa imitatuz) Martin! Katuak mingaina jan dizula dirudi! Altxa eskua eta galderak egin! Galderak egin beldurrik gabe! (Bere ahotsera bueltatuz) Beldurrik gabe?

LUKEN: Lasai, Martin! Hartu arnasa!

MARTIN: Ta zu zer! Adarra jo nahian? 

LUKEN: Ez, motel. Ez zintudan aspaldian hain aztoratuta ikusi.

MARTIN: Behin galdera bat egitera ausartu! Eta... ez du erantzun! Ez du ezer irakatsi nahi? Ez dut galdera gehiagorik egingo. Isil-isilik geratuko naiz. Betirako (Haserre)

LUKEN: Ez horixe! Amaiak erantzunen bat gogoko ez duenean haserre aurpegia jartzen du. Ez al zara orain arte ohartu?

MARTIN: Ohartu? Zertaz?

LUKEN: Amaiari iluntasunak beldurra emango dio eta beltzarekin erlazionatzen du.

Baina zulo beltzak, iluntasuna. Zer galdetu nahi zenion?

MARTIN: Argi dago, zulo beltzak, iluntasuna... Iluntasunaren kolorea nola definitzen den jakin nahi nuen. Hain zaila al da galdera hau ulertzea?

LUKEN: Iluntasunak zein kolore duen. Hori da jakin nahi duzuna, ezta?

MARTIN: Bai.

LUKEN: Presta ezazu biharko erantzuna eta berriro eskua altxa. Ea Amaiak zer aurpegi ipintzen duen.

MARTIN: Horixe egingo dut. Bai, gustuko dut ideia hori. Ez naiz isilik geratuko. Ideia bikaina, Luken!

(Elkarri bostekoa eman eta poz-pozik ateratzen dira eszenatokitik.) (Argiak itzali eta irratia entzungo dugu)

2.ESZENA

(Eszenatokiak sukalde batean gaudela irudikatzen du. Horretarako, sukaldeko mahai handi bat aulkiz inguratuta. Mahai gainean sukaldeko hainbat tresna: xukadera, mozteko ohola, labanak... Ondoko mahaitxo batean irratia. Argiak piztean mahaian 

AMONA ikusiko dugu. Lekak zuritzen ari da, irratia entzuten duen bitartean.MARTIN sartzen da eszenatokian motxila bizkarrean daramala.)

MARTIN: Kaixo, amona!

AMONA: Ene, maittia! Gaur ez zintudan espero! Ez dut arroz-esnerik prestatu!

MARTIN: Berdin zaio, amona. Amak egindako ogitartekoa motxilan daramat.

AMONA: Basokada bat esne eta amonak egindako bizkotxo zatiari ez diozu muzinik egingo, ezta?

MARTIN: Gustura hartuko dut zure bizkotxo zatia! Munduko gozogilerik onena zara!

AMONA: Gozogilea! (Aulkitik altxatuz)

MARTIN: Eta munduko amonarik onena ere! (Amonari muxu bat emanez) Noski!

AMONA: Baina, nolatan etorri zara?

(MARTINek motxila aulki batean utzi eta beste aulki batean eseriko da.)

MARTIN: Galdera bat egin nahi dizut, eta bihar arte itxaron beharrean, eta zure etxea eskolatik hurbil dagoenez... geldialdi bat egitea pentsatu dut.

AMONA: Galdera bat? Atsotitz berriren bat behar al duzu?

MARTIN: Ez, amona.

AMONA: Ta zer da, orduan? Ni eskolako kontuetan... ez dakit aproposena ote naizen!

MARTIN: Eskolako kontu bat da, bai. Irakasleak ez dit erantzunik eman, baina zuk, zure jakinduriatik erantzutea nahi dut.

(MARTINek motxilatik koadernoa eta boligrafoa ateratzen ditu. AMONA baso esnearekin mahaira hurbiltzen da, Martinen alboan eseriz.)

AMONA: Jakinduria asko ez , baina bizi izandako esperientzia luzea badut behinik behin. Saiatuko naiz.

MARTIN: Banekien zuk ez zenidala huts egingo.

AMONA: Asko daki zaharrak, erakutsi beharrak. Badakizu, Martin ez dago arrosarik arantzarik gabe. Ametsik gabeko bizia, izarrik gabeko gaua.

MARTIN: Entzun amona. ( Zurrutada bat esne hartuz). Badoa galdera. Zer kolore du iluntasunak ?

AMONA: Iluntasunak... ( Une batez begiak ixten ditu eta Martinen eskua heltzen du.)

Iluntasuna bakea da, gaua. Eguneko unerik ederrena. Egunari amaiera emanez, deskantsua eta irudimenaren munduan sartzeko unea da Baina, kolorea, kolorea galdetu didazu, ezta laztana?

(Martinek baiezko keinua egiten du eta amona aulkitik altxatzen da. Musika hasten da. Proposamena: hegoak astindu . Amona musikarekin dantzatzen hasiko da. Mahai gainean dauden tresna denak kenduko ditu mahaitik. Sukaldeko izkina batean dagoen otar batetik koloredun zapi handi bat ateratzen du. Zapiaren punta bat Martini eman eta koreografia txiki bat egiten dute . Dantzaren amaieran bien artean mahaia zapiarekin estaltzen dute).

AMONA: Hauxe da iluntasunaren kolorea ( Mahai-oihala seinalatuz) Eguzkia eta euria erromako zubia. Iluntasuna itsuen argia.

MARTIN: A ze nolako erantzuna, amona! (Koadernoa hartu eta bertan erantzunak idazten) Banekien, bai atsotitz batekin amaituko zenuela.

Iluntasuna itsuen argia. Ez nuen inoiz entzun.

(Une honetan izeko NEKANE sartzen da eszenatokian, rap abeslari baten moduan jantzita).

AMONA: Hemen nire oinordekoa ere! Bisita sorpresa zuk ere?

NEKANE: Kaixo, Martin! Amonari bisita egitera ?

AMONA: Bai, galdera bat egin nahi nion.

NEKANE: Ni ere galdera batekin natorkizu , ama.

AMONA: Beste galdera bat?

NEKANE: Bai, abesti berri bat prestatzen ari naiz, eta izenbururako zure atsotitzen bat egokia izan daitekeela pentsatu dut. Nahi duzue abestia entzun?

MARTIN: Nola ez! Ni zure abestiak entzuteko beti prest.

NEKANE: Badoa, orduan.

(NEKANEk sukaldean dagoen arrabola mikrofono moduan hartu eta abesteko prestatzen da. Abestiaren doinu proposamena: FLAKOFONKI - GAZTE ARRUNTAREN KOPLAK

Goizean jaiki eta banoa trenera

Joan etorria eten ezina da

Lanera, eskolara nahiz zinemara

Helmuga berdinean milaka aukera

Helmuga berdinean milaka aukera

(Irrintzi batekin amaitzen du)

(AMONA eta MARTIN txalokatuz zutitzen dira.)

MARTIN: Ona, Izeko! Betiko hitza oraingoan ere!

NEKANE: Zertaz ari zara?

MARTIN: Trena, izeko! Zure abesti gehienetan trena ageri da.

NEKANE: Hala da, bai. Nire lanbidea izanik, inspirazio gunea hortik datorkit.

AMONA: Ba izenburua bistakoa da “ Bizitzaren geltokian hartu tren egokia”

NEKANE: Uau! Zure emaria izugarria da, ama! Bikaina! Mundiala! Demasa! “

Bizitzaren geltokian hartu tren egokia” .(Saltoak eginez)

MARTIN: Bai, amona demasakoa da. Hemen zaudela aprobetxatuz. Nik ere badut galdera bat izeko.

NEKANE: Bai, bai, egin galdera lasai.

MARTIN: Zein koloretakoa da iluntasuna?

NEKANE: Gogoko dut galdera! (Mahaiaren inguruan bueltak emanez) Iluntasuna... Iluntasuna argitasuna da niretzat. Aurkako kontzeptuak dirudite, baina ez! Trenean bidaiatzean tunel ilun askotatik pasatzen naiz; baina, tren gidari moduan sartzean ilun izateari uzten diote. Iluntasuna argitasun bihurtzen da, eta kolore laranja du. Bai, laranja.

MARTIN: Ba primeran bikote! (Koadernoan apunteak hartuz).Erantzun baten bila sartu eta birekin aterako naiz.

(Une honetan AITONA sartuko da sukaldean.)

AITONA: Etxe honetan ez da siesta lasai egiteko modurik! Bada kantua ta zalaparta!

Zertan zabiltzate?

AMONA: Aldi joana ez da itzultzen, Joxe! Utzi loa alde batera eta zatoz gazte airea hartzera. Bizi zaitez, bizi..

AITONA: Bai, bai, emakumea badakit ... (Amonari baiezko keinu konplizea eginez)

Ta zer dugu gaur? Amonak egindako gozoen bila? 

MARTIN: Ez, aitona. Galdera bat egitera etorri naiz eta joan aurretik zuri ere galdera egingo dizut.

NEKANE: Bai, Martin aprobetxa ezazu marinel zaharraren esperientzia.

(Amona eta izeko Nekane eszenatokitik ateratzen dira.)

AITONA: Nire eskutan badago erantzungo dizut, noski!

MARTIN: Entzun aitona! Zer kolore du iluntasunak zuretzat? Zein koloretakoa da iluntasuna?

AITONA: Iluntasuna?(Pentsatu eta) Inork inoiz egin didan galderarik polittena da, Martin. Arrantzan majina urte eman ditut, jakin badakizu. Itsasoan iluntasuna beltza dela diote, baina hori ez da egia osoa. Egun lainotu eta ekaitz ilunetan dena beltz ikusten da, baina.....

MARTIN: Zer aitona?

AITONA: Itsasoko gau ilunek dir-dir kolorea dute.

(Argiak itzaltzen dira. Itxasoa eta kaioak entzuten dira, ondoren itsasontzi baten bozina hotza. Bitarte honetan, eszenografia aldaketa bat ematen da. Sukaldeko mahaiari buelta eman eta itsasontzian bihurtzen da. Honen aurrean itsasoa irudikatzen da, kolore urdineko telak erabiliz. Argiak piztean aitona eta Martin mahoiez jantzita, marinel moduan agertzen dira itsasontziaren barnean.)

AITONA: Ederra da itsasoa, ezta? Eguna joan eta eguna etorri ez naiz nazkatzen. Beti margolan berri bat dugu aurrean. Batzutan bare-bare, lasai; bestetan, ain-arin dantzan, eta haserretzen denean ikusgarria! Ekaitzen topagunea, Bortitza!

MARTIN: Beldurra ematen du?

AITONA: Inposatu egiten du! Begirunea zor zaio. Ahalduna da.

MARTIN: Eta gaua iristean? Egun argiz dena politta ikusten da, aitona. Baina eguzkiak alde egiten duenean?

AITONA: Eguzkiak alde egiten duenean... Nahi duzu ikusi zer gertatzen den iluntzean?

MARTIN: Bai, aitona! Irrikatan nago!

( Argiak pixkanaka itzaltzen dira. AITONAk bi kriseilu piztuta ateratzen ditu eta MARTINi bat ematen dio. )

AITONA: Gure kriseiluek argitasuna ematen dute, gorantz begiratzen baduzu, zerua izarrez beterik ikusiko duzu. Eta hori gutxi balitz (Pentsatuz) Iluntasunak bizitza berezia hartzen du itsasoan.

(Musika proposamena: El Olivo. MANIPULATZAILE moduan guztiz beltzez jantzita, 5 edo nahi adina haur sartzen dira musika erritmoa jarraituz. Eskuak ezkutuan eramango dituzte. Itsasontziaren inguruan geratzen dira, batzuk zutik besteak makurtuta. Eskuak agerian jartzean zilarrezko arrainak ikusten ditugu. Zilarrez margoturiko eskularruak arrainak irudikatzen dituzte. )

MARTIN: Begira aitona! Zer da itsasoan ageri dena?

AITONA: Goza ezazu Martin, zure galderaren erantzuna begien aurrean duzu. Dir-dir kolorea. Une hau harrigarria da, magikoa!

( Eskularruak mugitzen dira, argiz beteriko hainbat botila ere sartuko dira eszenatokian. Musikaren doinua jarraituz arrainen dantza irudikatzen dute manipulatzaileek. MARTIN eta AITONAk elkar besarkatu eta arrainen dantza begiratzen dute, txundituta. Dantza amaitzean arrainak pixkanaka eszenatokitik ateratzen dira eta berriro hasieran entzun dugun Itxasoaren soinua entzuten dugu. Eszenatokia hasierako sukaldera bueltatzen da eta MARTIN eta AITONA hasierako arropekin agertzen dira. )

AITONA: Iluntasuna? Iluntzean itsasoak bizitza berezia hartzen du, itsasoko arrainak itsaso azpitik azaleratu eta itsasoa zilarrezko lorategi bihurtzen dute. Itsasoko gau ilunek dir-dir kolorea dute. Iluntasuna arrainen distira da.

MARTIN: Bai, Aitona! Distira hori ikusi egin dut! Izugarria izan da Arrainak nire inguruan dantzan sentitu ditut eta distira ikusi dut.

( MARTINek aitona besarkatzen du. NEKANE eta AMONA eszenatokian sartzen dira) 

AMONA: Zer zabiltzate? Sukaldeko mahaia ez al dut koloredun zapiaz apaindu?

AITONA: Bai, bai, hemen dago.

(Aitonak lurretik zapi urdin bat jaso eta mahai gainean ipintzen du.)

MARTIN: Barkatu, amona! Aitonak itsasoa irudikatu nahi izan du, eta neu ere bertara eraman nau.

( Koadernoa esku artean duelarik)

NEKANE: Bai, aitona beti izan da ipuin kontalari trebea.

AMONA: (Mahaiko zapia seinalatuz) Baina mahaian ipini dudan zapia, ez al zen koloreduna?

( AITONA eta MARTINek elkar begiratu dira keinu konplizea eginez.)

NEKANE: Zuekin arratsaldea pasako nuke, baina lantokira joan behar dut.

MARTIN: Ni ere izekorekin joango naiz. Bihar bueltatuko naiz.

( MARTINek koadernoa motxilan sartu ondoren eta sorbaldan jartzen du)

AMONA: Ondo da , Martin.

(AITONAk eskua poltsikotik atera eta zilarrezko eskularruarekin agurra egiten dio. MARTINek barrez agurtzen du. )

( Argiak itzali eta trantsizioko musika entzungo da )

3.ESZENA

(Martinen etxeko sukaldea irudikatuko da. Horretarako nahikoa izango da, aurreko sukaldeko hainbat elementu aldaketarekin. Mahaia sukalde erdian, lau eserleku, platerak,edalontziaketa espagetizbeterikolapikoaerdi-erdian.MARTIN,etaAITA eserita. AMA zutik espagetiak plateretan banatzen).

AMA: Iker! Mahaian gaude! Non zabiltza?

MARTIN: Non egongo da, ba? ( Buruarekin burla keinuak eginez). Anetxu!!!

AITA: Iker! Mahaira! Afaltzeko ordua da! Utzi mugikorra behingoz!

( IKER sartzen da mugikorra poltsikoan ezkutatuz. Martinen ondoan eseri eta amari platera ematen dio. Martini mehatxu begirada botatzen dio.)

AITA: Mugikorrak! Gazteek ez duzue beste konturik!

AMA: Gazte, zein heldu, Xanti!

MARTIN: Nik, ez! ( Kexaka) Gelan ni izango naiz, mugikorra ez duen bakarra!

AMA: Ta hala izaten jarraituko du.

AITA: Zer moduz joan da eguna?

IKER: Ondo.

MARTIN: Eskolarako lan bat egin nahian nabil eta aiton-amonen etxean izan naiz.

Izeko Nekane ere agertu da.

AITA: Ondo, Martin! Mugikorrik ez izatearen abantailak.

MARTIN: (Minduta) Ez, aita! Mugikorra dudanean ere aiton-amonei bisita egingo diet. Zer ikusi dauka mugikorrak horrekin?

IKER: (Adarra jotzen) Arroz-esnea jatera?

MARTIN: (Haserre) Ta zuri zer, axola! Kontua bisita egitea da!

AMA: Nahikoa da mutilak! Afal dezagun bakean. Zer moduz dago izeko?

MARTIN: Mundiala da! Abesti berri bat prestatzen ari da! (Izebaren abestia kanta- marmarrean) Galdera bat egin nahi nien.

AITA: Galdera? Zer galdetu diezu ?

MARTIN: Orain zuei egingo dizuet galdera bera. Zer kolore du iluntasunak? Zein koloretakoa da iluntasuna?

( Mahaian isiltasuna nagusitzen da. Aita, ama eta Iker espageti luzeak jaten.)

MARTIN: Zer gertatu da? Gosea sartu zaizue bat-batean? Jan, jan baina...

( Ez du erantzunik jasotzen)

MARTIN: Zer aita! Googlera jo behar al dut erantzun bila?

AITA: Ez, Martin pentsatzen ari naiz. Ta... uste dut aurkitu dudala erantzuna. Une honetan gertatu denak isiltasun kolorea du. Iluntasuna sosegua da, oreka.

AMA: (Txaloka) Ederra, Xabi! Aspaldian ez nuen horrelako erantzun sakonik entzun!

Isiltasun kolorea!

MARTIN: Zure txanda, ama!

AMA: Aitarekin ados nago. Une honekin lotzen dut nik ere iluntasunaren kolorea.

MARTIN: Afaltzeko orduarekin?

AITA: Isiltasunarekin?

AMA: Bai eta ez.

AITA: Zer da bai eta ez?

AMA: Familia. (Eskuekin mahaian daudenak seinalatuz) Etxean elkarrekin egoteko unearekin lotzen dut iluntasunaren kolorea. Kolore bat jartzekotan berdea edo okre kolorea jarriko nioke, elkartasun eta esperantzaren unea baita.

AITA: Arrazoi duzu, Arantxa! Nik ere horixe esan nahi nuen.

MARTIN: Erantzun ona, ama. Apuntatuko dut.

( MARTINek koadernoan idazten du. Ikerrek espagetiak jaten jarraitzen du, bere barne munduan.)

MARTIN: (Ikerri) Ta zuk zer diozu?

IKER: Eee! ( Bere mundutik ateraz) Ezer ez!

MARTIN: Erantzun horrek ez du balio.

IKER: Ez dakit, Martin! Ez dut ulertu zure galdera.

MARTIN: Ai... Iker, Iker! Non ote dabil zure burua orain ere?

AMA: Beno platerak jaso eta postrearen bila noa.

AITA: Lagunduko dizut maitea.

(AITA eta AMA mahaiko plater eta ontziak jasoz eszenatokitik ateratzen dira. MARTIN eta IKER mahaian gelditutzen dira)

MARTIN: Zein koloretakoa da iluntasuna? Hori da erantzun beharreko galdera.

IKER: Ez dakit, Martin!

MARTIN: Nik egindako galderak ez zaizkizu interesatzen, ezta? (Txantxa moduan) Ume kontuak dira Ikerrentzat. Iker heldua da...

IKER: Ez, Martin! Ez da hori! Esaten dudan guztia nire aurka erabiltzen duzu, ez dakizu isilekorik gordetzen. Gela guztiaren aurrean kontatuko duzu nire erantzuna?

(MARTINek ezjakin keinua egiten dio.)

IKER: Ba ez duzu erantzunik jasoko.

MARTIN: Martin! Zu nire anaia zaharrena zara, nik zutaz ez dut inoiz barrerik egiten, eta are gutxiago besteek! Ez horixe! Zer uste duzu ume kakalardo bat naizela?

Kontakatilu bat?

(MARTIN haserre mahaitik jaikitzen da. IKER ere jaiki eta bere parean honen begietara begiratzen geldituko da.)

IKER: Iluntasunak suaren kolorea du. Iluntasunak tripan tximeletak eraginarazten ditu, zorabioa. Ezpain gorrien kolorea du.

MARTIN: Ane?

(GURASOAK hitz egiten entzuten ditugu. IKERrek MARTINi isilik egoteko keinua egiten dio eta biak mahaian esertzen dira).

AMA: Konpota ederra prestatu du aitak.

AITA: Sagar pila bildu dugunez, zerbait egin behar! Zer Martin, galdera gehiago ba al duzu?

MARTIN: Ez, uste dut gaurkoz nahiko erantzun bildu ditudala.

( Martin bere koadernoan idazten ikusiko dugu. Argiak itzaltzen dira.)

4.ESZENA

(Eskolako txirrina entzuten da eta argiak pizten dira. 1.eszenako ikasgela dago eszenatokian. IKASLEAK eserlekuetan eserita eta AMAIA IRAKASLEA zutik)

AMAIA IRAKASLEA: Gai berriarekin hasiko gara.

(MARTIN eskua altxata ikusten dugu)

AMAIA IRAKASLEA: Bai, Martin?

MARTIN: Atzoko galdera ez zenidan erantzun.

AMAIA IRAKASLEA: Agian ez zen galdera aproposa izan? (Harridura aurpegiarekin)

MARTIN: Apropos edo despropos atzoko galdera argitu nahiko nuke gelaren aurrean.

AMAIA IRAKASLEA: Zer galdera zen? Kolorea?

( MARTIN bere eserlekutik altxatu eta irakaslearen ondora abiatzen da, koadernoa esku artean duelarik)

MARTIN: Zer kolore du iluntasunak? Zein koloretakoa da iluntasuna? Hau da, atzo erantzun gabe utzi zenuen galdera eta hauek dira jaso ditudan hainbat erantzun.

( LUKENek adore keinua egingo dio bere tokitik.) Eta gainera, izeko Nekaneren erara emango ditut erantzunak.

( MARTIN eszenatokiaren erdian ipintzen da. Entzungo dugun koplaren musika doinua entzuten da, Martin abesteko prestatzen den bitartean.)

MARTIN:

Kantatzera noazu bertso bat edo bi

Galderek erantzuna dutela ikusi

Julen, Amane, Josu eta Amaiari

Iluntasuna zer den ez ukatu guri

Kolorea du eta adi entzun niri

(Abestiaren estribilloa entzuten dugun bitartean LUKEN jaiki eta Martinen ondoan jartzen da. Martinek koadernoa pasako dio Lukeni eta hau bigarren kopla abesten hasiko da.)

LUKEN:

Iluntasuna bakea da eta gaua

Unerik ederrena dela dio amonak

Irudimena, deskantsuaren unea

Iluntasuna zer da itsuen argia

Eguzkia ta euria erromako zubia

(Abestiaren estribilloa entzuten dugun bitartean AMANE jaiki eta Lukenen ondoan jartzen da. Koadernoa hartzean abesten hasten da)

AMANE:

Argitasun tunela da Nekanentzat

Aurkako kontzeptuek badute zer esan

Iluntasuna argi bihurtzen ote da

Kolore laranja du ba izekorentzat

Kolore laranja du ba izekorentzat

(Oraingoan JOSU jaiki eta Amaneren ondoan jartzen da. Koadernoa hartzean abesten hasten da)

JOSU:

Aitonan begirada itsasoan beti

Bertako gau ilunek kolore berezi

Arrainen distira benetan ikusi

Dir-dir koloreak du itsasoa jantzi

Dir-dir koloreak du itsasoa jantzi

(Ugaitz ere jaiki eta Amaneren ondoan jartzen da. Koadernoa hartzean abesten hasten da)

UGAITZ:

Aitak isiltasuna antzeman du eta

Iluntasunari eman dio aukera

Iluntasuna zer den galderari esan

Sosegua eta oreka omen dira giltza

Sosegua eta oreka omen dira giltza

(Ugaitzek Lukeni ematen dio berriro abesteko txanda.)

LUKEN:

Amak familia du denaren erdian

Elkarrekin batera iluntasunean

Konpainia unea gure indar-gunean

Okre koloreko dantza esperantzan

Okre koloreko dantza esperantzan

(Lukenek Martini emango dio txanda.)

MARTIN:

Amodioa laztantzen du iluntasunak

Tximeleta ferekak dabiltza saltoka

Sugar indartsua da barnean bueltaka

Muxu bero gorriak irudimenean

Muxu bero gorriak irudimenean

( Azken kopla denek elkarrekin abesten dute)

DENEK:

Galdera bakarra ta erantzun pila

Erantzun aukera da aberastasuna

Ikuspegi berriak eman eta zabal

Zaku berean sartu argi ta ilundura

Iluntasuna dela aniztasun itzal

Iluntasuna dela aniztasun itzal

(AMAIA irakaslea beraiengana hurbilduko buruarekin baiezko keinua eginez).

AMAIA IRAKASLEA: Barkamena zor dizudala iruditzen zait , Martin. A ze nolako erantzun bikainak aurkitu dituzun.

MARTIN: Bai, horixe. Jakintsu askoren errezeta.

(Biek barre egingo dute eta argiak itzaliko dira)

Goiz Eder Iturain Aramendi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago