HIRUGARREN EKITALDIA
Lehenengo eszena
IDAZLEA : Beraz, berorrek oroitzapenak arindu besterik ezin du egin, arindu besterik ez.
Ahanztura : Ez iezadazu berorika hitz egin, arren. Itxura, besterik ez bada ere, zeurea baino gazteagoa erakusten dut, eta bestalde, ez didazu begirune berezirik zor, zure moduko jatorri apala da nirea.
IDAZLEA : Ongi da. (Zigarroari ahokada sakon bat ematen dio) Aditasun handiz entzun ditut zure hitz denak; bada zerbait, ordea, ongi konprenitu ez dudana. Gertatu ostean, oroitzapen bihurtzen da oro, eta gure memoriaren armairuan gordetzen. Baina oroitzapenak gehiegi dira armairuaren edukierarako, eta hargatik, berorrek, zuk, gehienak eraman egiten dituzu. Arindu ez ezik, eraman ere bai.
Ahanztura : Ongi deritzozu. Xumeak, garrantzi gutxikoak dira nik daramatzadanak , besteak norberaren historian atxikita geratzen dira, eta horrela, iragana, modu batean edo bestean, bizirik dirau zeuen memorietan, beti, bizitzak dirauen artean behintzat.
IDAZLEA : Hil arteraino. Orduan aske! (Zigarroa itzali egiten du) Baina berorrek, zuk, ez zenuke armairutik nire oroitzapenik hartu beharko, nik mordoa emango nizuke, bolondreski. Eraman iezazkidazu mingarri zaizkidan horiek, arren, preso naukate aspalditik.
Ahanztura : (Gupidaz begiratzen du) Zenbaitzuk lapurtzat naukate, memoriak eta askatasunak lapurtzearen akusamenduan epaitua izan barik, kondenatu egin naute. Zuk, aldiz, zeure oroitzapenak eraman ditzadan erregutzen didazu. Zin-zinez diotsut, ezin dut. Ez dut horretarako ahalmenik. Arintzeko baino ez.
IDAZLEA : (Beste zigarro bat pizten du) Nik ez dut memoriaren armairurik, zelda baizik, eta zuk atearen giltza. Ez dut preso jarraitzeko ez indar ez adorerik. Zeure , berorren baitan uzten dut nire bizitza ala heriotza (Altxatu eta ateari bizkar emanez geratzen da).
Ahanztura : Eroso aurkituko zenuen zeure burua nik edo beste norbaitek erabaki hori harturik, baina askatasuna ez da erosoa sarritan, beldurtu eta sufritu arazten du.(Isiltasuna) Banoa. Nire lanarekin jarraitu beharrean nago. Izan itzazu bizitza eta heriotza duinak, eta horiek askatasunez erabakitzeko aukera.
(Idazleak buelta ematen du, eta beiran euri tantak besterik ez ditu atzematen. Ahanztura oroitzapen da jada, bere memoriaren armairuan gorderik geratu da, betirako)
Bigarren eszena
Astebete beranduago. Idazlearen arreba sartzen da salan. Beltzez jantzita doa. Terrazako atearen gortinak zabaltzen ditu eta atea irekitzen du. Hainbeste urteren buruan gogoratzen zuen antzera dago guztia Mahai gainean zigarrokinez betetako hautsontzia ikusi eta harantz doa hustera. Hautsontziaren azpian, anaiaren hitzak aurkitzen ditu paper batean, zirriborrorik gabe, txukun; berak noiz aurkituko zain.
TELOIA
Hitzak: Ruth Martin Apecechea
Marrazkiak: Larraitz Mendiable Apezetxea