Idazle Eskolak edozein lanetan euskaraz idazteko gaitasuna bermatzea du helburu eta euskara oraindik ohikoa ez den alorretan erabilgarri egiteko baliabideak eskaini nahi ditu. Bestetik, idazle profesionalei idazle literarioek erabili ohi dituzten baliabide erretorikoak eta estilistikoak ezagutarazi nahi dizkie. Hau kontuan hartuta antolatu du Idazle Eskolak bi ikasturteko ikastaro berria. Ikasketak praktikoak izango dira, eta ikasleek hasieratik hainbat hedabidetan idazteko aukera dute, horien artean orrialde hauetan 2004-2005 ikasturteaz geroztik larunbatero Idazle Eskolari eskainitako tartean, ikasleen lanez osatuta Ikasle Eskolak berak urtean bitan argitara ematen duen "L. Luma berrien eleak" aldizkarian, edo 2006-2007 ikasturtetik aurrera ikasleek zabalik duten leiho telematikoan. Irailaren 28ra arte dago ikastaroan izena emateko epea. Horretarako, inskripzio orria bete eta curriculum labur bat bidali behar da zuzendaritzak ikasleak hautatzeko. Matrikulazioa, berriz, urriaren 2tik 11ra egin beharko da. Modu telematikoan egin ahal izango da, eta zalantza guztiak E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. helbidean, Bergarako UNEDeko ikastetxean edo Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioan argi daitezke. Bestalde, Idazle Eskolak bi literatur mintegi antolatu ditu ikasturte honetarako. "Idazleak Irakurle" izenekoa hileko lehenengo larunbatetan egingo da eta Itxaro Bordak, Aingeru Epaltzak, Felipe Juaristik, Karlos Linazasorok eta Amaia Lasa Alegriak hartuko dute parte, beren obran eragina izan duten beste idazleen lanak irakurriz. Paulo Iztuetak hasiko du zikloa Orixe idazleaz hitz eginez, eta Joseba Sarrionandiak egindako hausnarketa-liburuez egingo den mahai-inguru batekin amaituko da. Bertan parte hartuko dute Ruper Ordorikak, Txema Larreak eta Joxemari Iturraldek. Bestea, udaberrian, larunbatero, Anjel Lertxundiren azken obraz izango da eta idazleak post scriptum "Ihes betea" edo nobela baten eraikuntza egingo du liburua osatzeko urratsak eta hausnarketak plazaratuz sei saiotan, eta zazpigarrenean Jorge Gimenezekin arituko da.