Ez dakit zergatik uzten dugun bidean horrenbeste gauza. Egin nahi ditugu, esan nahi ditugu, baina… Konturatzerako… orduak, egunak, urteak, irristan joan zaizkigu. Eta ez ditugu egin, ez ditugu esan.
Egia da, hitzez ezin da dena esan. Ez dago munduan, barruan daukaguna adierazteko nahiko hitz. Nola hustu zama hau?Energia hau?
Nola esango dizut gaur ez dudala jaiki nahi, horizontal honetan gorde nahi dudala neure burua, neure gorputza. Munduarengandik dibortziatu nahi dudala. Ez niri hitz egiteko. Ez inor nirekin akordatzeko. Uzteko nire soiltasunean, nire biluzian, nire ezerezean.
Nola esango dizut gaur bizitzaren parte sentitzen naizela. Inguruko guztiak besarkada batean estutu nahi zaituztedala, muxu zaparradaz busti. Naizena zuei zor dizuedala aldarrikatu. Nola esango dizut beldur naizela, batzuetan desberdin sentitzen naizela. Zuek munduarekin bat egiten duzuen bitartean ni zuengana ezin hurbildu sentitzen naizena. Garrasi egin behar dudala.
Baina une horretan ito egiten naiz, mututu. Eta orduan hasten naiz idazten, askatzen, neure munduan bizitzen.