|
BIDEKOAZ (1)
Bideez ez nezake besterik esan: ibiltzeak nekatzen gaituela,
baina ibiltzeak bakarrik eraman gaitzakela noranahi.
Eta gainera, beste gauza bat: arrotz sentitzen garela
bide ezezagunetan.
Horregatik glosok:
Zuhaitz oker baten altzoan
harri borobila,
eta harkaitz goroldiotsuaren abaroan
adaxka okerra.
Bidean arrastoak uztea,
itzulera ez gorrotatzearen heinekoa da.
Lehengo artzain eta garraiaketa bideak
ez garamatzate jada inora,
ez bada gauzen senera, hitzez-hitz,
ez bada geure baitara.
Zuhaitz oker baten altzoan
harri borobila,
eta harkaitz goroldiotsuaren abaroan
adaxka okerra.
Eta azkenean:
Errainua aurretik dela doanari bidean doala iruditzen zaio.
Atzetik jarraika denean, bideak daramala.
Tere Irastortza