Babiano
Babiano López de Sabando,Mikel

Urretxun (Gipuzkoa) jaio ninduten 1985eko irailaren 21ean. Artean bospasei urte nituela, amona gurera etorri ohi zen nire aitak ilea apain ziezaion eta, halakoetan, urduri baino urduriago itxoiten nuen nik, txoko batetik begira-begira, nire txanda noiz iritsiko zain.

Eternitatea zirudien denbora tartea. Halako batean, bere buru erdia lehorgailu erraldoi baten erraietan desagertzeaz batera, amonak irribarre egiten zidan. Iritsia zen unea. Txintik ere esan gabe, emakumearen altzora jauzi egin eta orduan entzungo nion, adi-adi entzun ere, otsoak Txanogorritxo nola irentsi zuen, edo Hansel eta Gretel basoan nola galdu ziren, edo katuak munstroa nola garaitu zuen.

Grimm, Perrault, Andersen, Esopo… Izenak artean ezagutu ez arren, haien ipuin eta alegiek jantzi zuten nire haurtzaroa, amonak gurean konplizitatez belarrira xuxurlatzen zizkidan beldurrezko, abenturazko eta misteriozko istorio eder haiek guztiek. Horrela murgildu nintzen literaturaren mundu liluragarrian.

Harrezkero, urte askotxo igaro dira, eta gauza ugari gertatu da nire bizitzan: eskolara joan nintzen, Itzulpengintza ikasketak egin nituen, Alemanian bizi izan nintzen, Euskal Herrira itzuli nintzen… Hala ere, literatura, istorioak idatzi eta irakurtzeko zaletasuna bezainbeste, uneoro izan dut bidelagun. Literaturaren suak etengabe argitu du, Alexandriako itsasargi zaharrak nola, nire bidea.

Gaur egun, idazten eta irakurtzen jarraitzen dut. Zergatik? Plazer hutsez, neure burua eta ingurunea hobeto ezagutu eta interpretatzeko, nire baitako ametsei ahotsa jartzeko. Idazten eta irakurtzen jarraitzen dut eta, orain ere, letra bakoitzak, lerro bakoitzak, orri bakoitzak zirrara berezia eragiten dit, duela hogeita bost urte, ile-lehorgailua buruan zuela, amonak magiazko ipuinak belarrira xuxurlatzen zizkidanean bezalaxe.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago