Nevadako egunak, Bernardo Atxaga
Nevadako egunak. Bernardo Atxaga . Pamiela , 2013.
Bernardo Atxagaren Nevadako egunak amets goxoak harrapatu eta gaiztoak uxatzeko balio duen saretxoa dela esan nahi nuke, zapelatz luma txikiak zintzilik dituzten saretxo eder eta ia magiko horietakoa. Metafora ez litzateke, ordea, zuzena izango, asko baitira, nire iritziz, liburuari behin betiko atxiki zaizkion amesgaiztoak, hitzezko kaioletan preso irakurleak han-hemenka topatuko dituenak.
Liburua sailkatzea ez da, inondik ere, lan erraza. Alde batetik, idazleak bere emaztearekin eta bi alabekin 2007ko abuztua eta 2008ko ekaina bitartean Renon (AEB) bizi izandakoak kontatuko dizkigu; bestetik, oroitzapen, amets, Reno Gazette Journal egunkariko albiste, L.-rentzako mezu, ipuin eta beste zenbait konturekin tartekatuko ditu bizipenok. Horrela bada, nabarmentzekoak dira lanaren hibridotasuna eta idazketa fragmentarioa; beste hitz batzuetan esateko, hamaika piezaz osaturiko puzzle edo armiarma-sare erraldoia da Nevadako egunak.
Henry Bengoa Inventarium, Obabakoak, Soinujolearen semea, Lekuak… Atxagaren beste lan batzuek argi eta garbi erakusten digute idazleak istorio hibridoak ehuntzeko aspalditik erakutsi duen mai(su)tasuna. Era berean, bada antzekotasunik beste elementu batzuei dagokienez ere: ametsen pisua, pertsonaia eta lekuen aukeraketa, barneko ahotsen mintzoa, gaien lanketa…. Luze joko luke horiek guztiak xehetasunez aztertzeak. Alabaina, begizta ditzagun, labur-labur izanik ere, armiarma-sarea sostengatzen duten hariak mikroskopioaren argitara.
Hasteko, pasarte autobiografikoak (edo autofikzionatuak, nahiago bada), lehen pertsonan kontatu dizkigu lan honetan Atxagak, eta lehenaldiaz baliatu da, aspaldiko argazki eta oharrei so Nevadako iragana berreraiki nahian balebil bezala. Denboraren talaiatik mintzo zaigu, soseguz, hitzak lexiko nahiz sintaxi aberatsaz harilkatzen dituela, eta distantziak emazte eta alaben izenak ere higatzen, mudatzen ditu, asteasuarrak bere etxekoa izan litekeen sofa gorrian esertzera gonbidatzen gaituen bitartean. Renoko biztanleen egunerokoaz arituko zaigu orduan, kale eta parkeetako isiltasunaz eta unibertsitate inguruko sexu eraso eta bahiketez, baina baita desertuko paiute eta navajoez, haiek eta haien tradizioak hobeto ulertzeko grinaz.
Bazterreko pertsonak, elbarriak, preso ohiak… Alegia, izaki ez hegemonikoak eta, Foucault eta Benjaminen terminologia hizpide, garailearekiko morrontza onartu beste erremediorik ez duten pertsonaiak ohikoak dira Atxagaren lanetan. Oraingoan, kasu, Earl du egileak bitartekari desertuko sekretuak ezagutzeko zein erreserba indiarretako AAA errepide-mapa arrotzak eskuratu ahal izateko.
Horrela jakingo du indiarrak zaldi basatiak ehiza ditzaketen bakarrak direla; zaldiak, berriz, itzalen eta egiazko munduaren arteko xendra, iraganaren eta orainaren arteko zubia, animalia sakratuak; izan ere, Atxagak naturarekin lotzen ditu AEBetako jatorrizko biztanleak, eta, “Zazpi etxe Frantzian” liburuan bezala, kolonizazio-prozesuen eraginez haiek historikoki pairatu behar izan dituzten laido eta basakerien berri emango digu oraingoan ere.
Zaldi basatien karira, oso ohikoak dira, egilearen beste lan batzuen gisan, sugeak eta txoriak, eta baita lorategiko mapatxea, Dennisen armiarmak, parkeko hontza, lakuetako pelikanoak eta beste zenbait animalia ere. Hain dira ohikoak eta esanguratsuak, non asteasuarraren zenbait lanetan bezala (adib. Bi anai, Sugeak txoriari begiratzen dionean, Sara izeneko gizona) pertsonaia huts izatetik protagonista edota narratzaile izatera igarotzen baitira. Bestetik, ezin fantasmak aipatu gabe utzi, Adrian eta L. bezala agertu eta desagertzen direnak.
Hainbat eta hainbat pertsonaia, Atxagaren senide eta gaztetako lagun ugari barne, haren oroitzapen eta ametsetan bizi dira, iraganarekin eta heriotzarekin hertsiki lotutako toposak gorpuzten dituzten neurri berean. Beste batzuk, aldiz, hirian (Reno azpimarratu behar, ezinbestean) eta basamortuan, inguru urbanoa vs. landa eremua. Biek ala biek arrisku eta tranpa franko ezkutatzen dute, baina desertua da, Daniel Sadaren hitzei jaramon egitera, errealitatea hobekien islatzen duena: “errealitate desertua zen, eta errepresentazio guztiak, haren aldean, dekoratu hutsak”. Desertua lurrezko itsasoa da, fantasmen bizitokia, toki prehistorikoa, atenporala, heterotopikoa eta, aldi berean, erdigunekoa. Bidenabar, gogora dezagun basamortuak idazlearen beste lan batzuetan (adib. “Bambulo: Ternuako penak, Groenlandiako lezioa, Txoriak kolpeka) duen nagusitasuna, hamaika forma eta koloretakoa izan baitaiteke.
Leku eta pertsonaia horiez baliatzen da idazle gipuzkoarra, haien baitako ametsez, oroitzapenez eta ahotsen polifoniaz bezainbeste (adibide gehiago daude Gizona bere bakardadean, Zeru horiek eta Behi euskaldun baten memoriak lanetan), hausnarketa sakonak plazaratzeko: naturaren eta zibilizazioaren arteko talka antzinako bezain postmodernoa, pertsonaia historikoen mitifikazio prozesu konplexua, erbesteko bizimodua, presagioen esanahi eta interpretazioa… Arestian esan bezala, luzeegi joko luke horiek guztiak xehe-xehe aztertzeak; aitzitik, nago badela Atxagaren lan askotan eta azkenekoetan, batik bat (adib. Paradisua eta katuak, Nevadako egunak, Txoriak kolpeka), gailentzen den gai bat: heriotza.
Nire irudiko, heriotza da zapelatz lumaz apaindutako saretxo eder eta ia magikoak uxatu ezin dituen amesgaiztoen sorburua, Gilgameshen epopeia zaharrean jaun eta jabe dena, Virgilioren artzain zoriontsuek ere gobernatu ezin izan zutena (Et in Arcadia ego), Erdi Aroko eta Errenazimentuko “Vanitas” guztiak inspiratu zituena, gaur egun ere, hein handi batean, idaztera, margotzera, sortzera eta, azken beltzean, bizi garela adieraztera bultzatu eta bultzatzen gaituena. Memento Mori.
Laburbilduz, behin eta berriz irakur daitekeen liburua da Nevadako egunak, irakurraldi bakoitzean Atxagaren amaraun literarioan murgiltzeko eta, harietatik tira egitera gonbidatuz, etengabeko bidaia berri bati ekiteko aukera eskaintzen diguna.