Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

 

harold_bloom.gif
EL CANON OCCIDENTAL.LA ESCUELA Y 
LOS LIBROS DE TODAS LAS EPOCAS
 
Harold Bloom • Anagrama, 2004
Ez da erraza, inola ere, liburu kritika-egile bati bere lanaren iruzkina egitea. Are gutxiago idazle honek Mendebaldean idatzi den guztiaren artean, eredua- canona- ezarri nahi duenean. Harold Bloom literatur kritika-egile eta teoriko handia dugu. Estatu batuarra da, New Yorken jaio zen 1930. urtean, eta Humanitate irakaslea da Yale-eko Unibertsitatean. Erromantizismo ingelesaren inguruko hainbat lan idatzi du, baina bere lanik garrantzitsuena, inolako zalantzarik gabe, honako hau dugu.

Liburuak bost zati dauzka, eta horren aurretik, prefazio eta preludioa idazten du. Lehenengo zatian, Canonaren goraipamen batez ematen dio hasiera liburuari. Ondoren, hogeita sei idazle hartzen ditu eredu gisa, Mendebaldeko literaturaren historia aztertzeko. Honela, bigarren zatian Aro Aristokratikoa azaltzen du (Shakespeare, Dante, Chaucer, Cervantes, Montaigne, Goethe...), hirugarren zatian Aro Demokratikoa (Dickens, George Eliot, Tolstoi, Ibsen...) eta laugarren zatian Aro Kaotikoa (Freud, Proust, Joyce, Virginia Wolf, Kafka, Borges, Neruda, Pessoa, Beckett...). Bosgarren zatian canon-aren inguruko ondorioa plazaratzen du.

Mendebaldeko canon-a El Canon Occidental ezartzerakoan, analisi ideologikoaren inguruko teorien aurka ageri da, eta ez ditu aintzat hartzen marxismoaren, feminismoaren zein ikasketa kulturalen ikuspegitik egiten diren proposamenak. Bloom-en iritziz, estetika da canon-a ezartzeko irizpidea, eta hori oinarri hartuz, Williani Shakespeare ezartzen du canon horren buru. Canon honen aurka dauden guztiak Minduen Eskolan biltzen ditu. Bloom-entzat, beraz, garrantzitsuena irakurketaren plazerra da, testu literarioek daukaten balio estetikoak ematen digun plazerra. Orijinaltasun literarioa da kanonikotasuna ematen duena, eta Bloom-en hitzetan “Shakespeare da, oraindik ere, inoiz ezagutuko dugun idazlerik orijinalena”.
     
   «Bloom-en iritziz, estetika da canon-a ezartzeko
irizpidea...»
 
 
Harold Bloom-ek ikerketa zehatza egiten du hogeita sei idazle horien inguruan. Idazle espainiarretan Cervantes baino ez du jasotzen hauen artean. Liburuaren bukaeran, apendize gisa, Bloom-entzat canon hori osatuko luketen idazle eta idazlan guztiak jasotzen ditu. Hor espainiar Estatuko autore gehiago jasotzen dira. Kataluniarrak bereizita ematen  ditu, euskal herritarrak bi baizik ez daude, eta horiek espainiarren artean aipatzen dira: Unamuno eta Blas de Otero. Euskaraz idatzi duen idazlerik,  beraz, ez dago Bloom-entzat Mendebaldeko canonaren barruan.
 «…canon honen aurka dauden guztiak Minduen
eskolan biltzen ditu Bloom-ek»
 
Literaturaren historian gailurra jo duten idazleak ezagutu eta hauen lanei buruz zerbait jakiteko liburu interesgarria dugu hau. Mendebaldeko ikuspuntua baino ez du jasotzen, eta horren barruan, mundu anglosaxoiari garrantzia handiegia ematen dio nire ustez, daukan garrantzia gutxietsi gabe, jakina. Canon-aren inguruan dagoen eztabaidaren aurrean, ados naiz balio estetikoak literaturan daukan garrantzia goraipatzen denean, baina, ez nator bat, ideologizazioa alde batera utzi behar dela esatearekin. Izan ere, uste baitut, Bloom-en aukeraketan ere, badagoela nolabaiteko ideologizazioa (nahiz eta berak balio estetiko soilaz jantzi).

Zenbait momentutan irakurtzeko astun samarra gertatzen bada ere, interes handikoa iruditzen zait, unibertsalak izan arren ezezagun gerta dakizkigukeen hainbat obraren nondik norakoak jakiteko. Hori horrela, hiru izar emango nizkioke.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago