EL GABINETE DE UN AFICIONADO.
HISTORIA DE UN CUADRO
Anagrama argitaletxeak eskaintzen digun liburuaren izenburua dugu: El gabinete de un aficionado.El gabinete de un aficionado koadroaren historiatik abiatzen da narrazioa, ibilbide korapilatsua eginez, margotze artistikoaren mundura iristeko. Eleberri berezia, dena den; izan ere,
Georges Perec idazle frantziarrak (Paris 1936-1982) koadro jakin horren historia hartu zuen aitzakia Herman Raffke garagardo ekoizle alemaniarraren bizitza kontatzeko. H. Raffkek gaztetatik ekin zion lanari Alemanian bertan, geroago Ameriketara iristeko. Kasualitatearen eraginez sortu zitzaion margo lanekiko zaletasuna, urteetan areagotuz joan zena, pixkanaka, margo-lan ugarien jabe egin zen arte. Horrela, Pittsburghen, Ohion, 1913an estreinako aldiz, ikusgai jarri zuten Heinrich Kürz-ek margotutako El gabinete de un aficionado. Koadroan agertzen zen Herman Raffke eserita, lortutako koadro ondareari begira. Raffke jauna zendu ondoren, faraoien modura lurperatu zuten, berak eskatu bezala, bere koadroa berekin zuela. Hortaz, koadroa lurperatuta, oinordekoek arte bildumako lanen enkanteari ekin zioten...
Sorpresaz beteriko liburua dugu hau. Sorpresak etengabe. Lehenengoa koadroaren egitura bera da. Izan ere, joko berezia sortzen da koadroa bera bere barruan sartzen denean. Gelditu ezina den jokoa, erreprodukzioz erreprodukzio, kopiaz kopia tamaina erreduzituz, azkenean, puntu txiki bat izatea iritsi arte. Baina, ez da berezitasuna soilik horretan gelditzen, zeren eta kopia bakoitza ez da aurrekoaren kopia zehatza. Kopia batetik bestera detaileak aldatzen dira, ñimiñoak izan arren, ikusezinak batzuetan, lupa baten beharrez ikustekoak askotan.
Behaketa tresna moduan erabiliz, koadroan bildutako beste oihalen berri ematen digu idazleak, arte eta historiari buruzko ezagutza nabarmenduz. Koadroen inguruko informazio zehatzena eta pentsaezina agertzen du, 2 zm x zm 1eko koadroa deskribatzen duenean bezala. Beraz, deskribapen zehatzak eginez, informazio osatuena ematera iristen da Perec, beti ere hizkuntza erraza erabiliz. Hori bai, umorea ardatz izanik bere idazteko moduan. Askotan handikerietarako joera agertzen du, gustukoa du absurduaren mugaraino iristea, horrek berak irakurlearengan, irribarrea edo barrea sorraraziz.
Berezitasuna eta bizitasuna dira, nire ustez, liburu honen ezaugarri aipagarrienak. Originaltasuna, errealitatea eta fikzioa konbinatzerakoan, originaltasuna ere literatura, artea eta pentsamendua uztartzerakoan. Horrez gain, umorea eta atrebentzia esanguratsuak izango dira idazlea, literatur talde batean kokatzeko. Hain zuzen ere, Georges Perec-ek OULIPO-ko (literatura potentziala lantzeko tailerra) kidea izan zen Raymond Quenneau eta François Le Lionnais-ekin batera.
Liburu honek, dudarik gabe, irakurraldi bat baino gehiago eskatzen du. Daukan hizkuntza erraza eta orri kopurua kontuan hartuta, har daiteke egun bateko irakurgai bezala, baina ez da hori gomendagarria, aspergarria suertatu daitekeelako. Egokia da, aldiz, lagunarteko irakurketa egiteko; aproposa arratsalde atseginak igarotzeko Perec-en idazteko modu berezia komentatzen den bitartean.
Lineala ez denez, sorpresaren gaia berrartu nahiko nuke iruzkin honen amaieran, kontakizunaren sekretua eta harridura ere liburuaren azkeneko orrirako gordetzen baitira. Edozein irakurle afizionatuk aska dezake korapiloa.