Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 Gure herriaz 

EUSKAL HERRIA:ERREALITATEA ETA UTOPIA. Pako Aristi, Joxe Azurmendi, Brian Currin, Joseba Zulaika, Juan Jose Ibarretxe. Elkar 2012

li107    

Pasa den urteko Euskal Herriko Unibertsitateko udako ikastaroetan bildu ziren liburu hau osatu duten ahotsak. Xabier Insausti filosofoaren koordinaziopean, bost pertsonaren iritzi eta gogoetak entzun ziren izenburuak eskaintzen duen tarte zabala aprobetxatuz. Gaia lantzeko orduan mugarik jarri gabe, Euskal Herriko errealitate soziopolitikoari buruz aritu ziren errealitatea eta utopia kontzeptuak aintzat hartuz. Horren guztiaren paperezko bertsioa da gugana heldu den hau.

Insaustik berak zabaltzen du liburua, eta ondoren datoz Pako Aristi, Joxe Azurmendi, Brian Currin, Juan Jose Ibarretxe eta Joseba Zulaikaren hausnarketak. Guztiek modu desberdinean heldu diote gaiari, diskurtso anitza eta interesgarria osatuz. Bakoitzaren ibilbidearen arabera, ikuspegi kultural, politiko, filosofiko eta antropologikoak topa ditzakegu Euskal Herria gaur egun denaren eta aurrera begira izan daitekeenaren gainean.

Pako Aristi idazleak bizi dugun alderdikraziaren garaia kritikatzen du, eta utopiara bidean estrategia falta konpontzeko hainbat gako azaltzen ditu. Besteak beste, geure historiaren gaiari, biktimen auziari, estatuen berezko biolentziari edota pentsatzearen garrantziari begiratzen die azpeitiarrak. Bere iritzi artikuluetan egiten duen legez, benetakotasuna aldarrikatzen du eta kontsekuente izatearen balioa.

Joxe Azurmendirena da tarterik zabalena hartzen duen zatia. Filosofo eta irakasle zegamarrak ertz ugari ukitzen ditu. Hizkuntzaren erabilerarekin hasten da, adiskidetzea, bakea, garaileak eta garaituak moduko hitzen atzean dauden jarrera desberdinak azalduz. Barkazioaren eta erreferentzia erlijiosoen arteko lotura ere hizpide hartzen du, baita erruaren kontua ere: erru indibiduala, kolektiboa, erantzun-beharra, erantzukizun zibila, berme edo abala…

Etikaren eta politikaren arteko lotura da lantzen duen beste kontu bat, nola helburu eta bitartekoak modu desberdinean nahasten diren denboran zehar. Bukatzeko, gure historiaren ikerketa kritikoaren beharra aipatzen du. Atalik luzeena izateaz gain, sakontasun handiko gogoetak dira Azurmendirenak, lasaitasunez irakurri beharrekoak.

Brian Currin bitartekariak Hegoafrikan nahiz Irlandan gatazkak konpontzeko emandako pausoen berri ematen du, gurerako baliagarriak izan daitezkeelakoan. Azken hilabeteetan ohiko komunikabideetan behin baino gehiagotan aipatutako kontuen ingurukoa da bere atala.

Ibarretxe lehendakariak txikitasunaren balioak goraipatzen ditu lehenik, eta Giza Garapen Iraunkorraren gaineko elementuak azaltzen ditu, identitatea eta berrikuntza zutabe nagusitzat hartuz. Europan azken mendean izandako soberania prozesuei buruz ere egiten du gogoeta.

Bukatzeko, Joseba Zulaika antropologoak ETAren hasierako pentsaera eta printzipioak, eta ondoko bilakaera alderatzen ditu. Yoyesen figuraren garrantzia ere ozen aldarrikatzen du. Bere ustez, Yoyesen hilketak, erakundearen subjektu iraultzailearen porrota adierazi zuen.

Azken finean, bizi dugun aro berri honen jatorria hobeto ulertzeko oso liburu egokia da, baita aurrera begira konpondu beharrekoak mugatzeko ere. Tankera honetako hausnarketa gehiago ere beharrezkoak izango dira aurrerantzean, baina oraingoz oso ale baliotsua helarazi digute autore hauek, tentuz irakurri beharrekoa.

Iban BALERDI

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago