Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Hilketa baten aztarnetatik errautsetara

ERRAUTS. Eneko Aizpurua. Erein 2011

li105    

Uzta Gorria sailean eman du argitara Eneko Aizpurua lazkaotarrak «Errauts» izenburu duen liburua. Aurretik «Fortunaren gurpila» lana kaleratua zuen eta genero beltzeko eleberri batekin datorkigu eskuartera oraingoan. Euskaraz aldizka suertatzen den eleberri mota izanik, pozgarria da ale berri baten kaleratzea, eta generoa maite dutenentzat, aukera interesgarria.

Kontakizunari heldu aurretik idazleak aipu bidez ohartarazten digu; «Forget it Jake. It's Chinatown». Eta narrazioa hasi eta berehala, bata bestearen atzetik korapilatzen diren gertakari ilunetan murgilduta topatuko du irakurleak bere burua.

Lazkaon, Astotxo Egunean, Itun Berriko Egiptoko Ihesa antzeztu ondoren, labankadaka hiltzen duten etorkin baten pasartearekin hasten da liburua. Handik aurrera, gertaerarekin lotutako hainbat hilketa jasoko dira egun gutxian. Aztarnei jarraika, Mikel Egilleor, lanpostua galdu berri duen kazetaria. Rodriguez abokatuak kontratatuko du Rachid-en hilketak droga kontuekin duen lotura iker dezan. Protagonistaren eskutik kontatzen zaigu eleberria, lehenengo pertsonan, tramaren mutur guztiak zehatz azaltzen direla. Badira beste pertsonaia batzuk ere; Xabier Goikoetxea, informazioa pasako dion laguna, Ikerne Fernandez etorkinekin lan egiten duen zaintzailea, eta abar. Narrazioan gehiegi nabarmendu gabe gelditzen direnak guztiak.

Haria korapilatuz doan heinean hainbat lekutan kokatuko du idazleak narrazioa; Donostiako Groseko, Egiako eta Alde Zaharreko kaleetan, Seguran, Ordizian, Ataunen eta geografia eremu hurbilekoetan. Kontakizunari sinesgarritasuna gehitzen diote leku errealek eta, horrekin batera, arin jasoko diren gertakizunen sostengu ere badira leku-erreferentzia horiek. Kontaketa azkarra, ekintzaz betea, deskribapen gutxikoa, narrazio xehea. Egiturari erreparatuz jarraia, lerro zuzenekoa, hasieratik amaierara etenik gabe gertatzen dena. Elkarrizketak maiztasunez eta, noizean behin, protagonistaren zaletasunetan pausatzen den narrazioa; bazkalorduetako jakien xehetasunetan eta autoan entzundako abestietan. Halere, gertakizunak ziztu bizian harilkatzen diren sentsazioa izan dezake irakurleak.

Eleberriak genero beltzaren osagai guztiak ditu: hilketak, negozio ilunak, ustelkeria, etorkinen egoera eta protagonistak zailtasunez daraman maitasun istorio bat. Haiek osatzera datoz hondakin toxikoen eta zabortegi ilegalen afera, baita etorkin adingabeek sortutako istiluak ere. Gaurkotasunez betetako gai hauek sendotzen dute korapiloaren mamia, azkenaldian oihartzuna izan duten hainbat albiste irakurleari gogora ekarriko dizkiotenak.

Esan beharra daukat eleberriaren lerroetan murgiltzen utzi dudala neure burua eta amaiera aldera, korapiloaren nondik norakoak zehatz ezagutu ondoren, endredoa askatuko zuen beste zerbaiten esperoan izan naizela. Hilketa baten aztarnetatik errautsetara. Eta errautsetatik? Eleberria hasi aurretiko aipua etorri zait gogora. Zer uste nuen bada; hau genero beltza da.

Ekhiñe EGIGUREN

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago