Historia baten istorioak
SOFI OKSANEN. Garbiketa Itzul:Mia Rissanenek eta Joseba Ossak. Alberdania& Erein
Lehen orrialdetik antzematen zaio liburuari istorio gogorra gordetzen duela. Aurrera egin ahala ez da arintzeko betarik, gogortasuna sendotu egiten dela esango nuke. Tonu hori mantentzen da ibilbide guztian, eta agertokia gertakari historikoa dela kontuan izanik, hots, fikzio oso errealista dela aintzat hartuta, gogoeta ez da aparte, zein itsu bizi garen gure txikian, alegia. Sofi Oksanen idazle finlandiarrak bi emakume jarri ditu aurrez aurre. Zara eta Aliide 1992. urtean Estoniako landa-eremu batean elkarrarazi ditu, errepublikak independentzia berreskuratu berritan. Mesfidati hasieran, pixkanaka elkarrengana hurbiltzen dira eta irakurlea luxuzko testigua da, begirada zenitala du, guztia ikus dezake, agerian dagoen guztia behintzat. Izan ere, datu ugari maisuki ezkutatzen ditu idazleak, datuekin jolasten du, irakurlea asmakizunetan jartzen du eta azken kolpean erakusten ditu karta guztiak. Ondorioz, liburua itxi arte ez da puzzlea behar bezala osatzen.
Gainera, historiaren lerroa ebaki egiten du eta jauzika dabil. Garai historiko ezberdinetara igaroko gara kapituluak amaitu ahala, aurrera eta atzera, etengabeko feedbackean. Errusiaren barneratzeak, Alemaniaren esku-hartzeak, Sobiet Batasunaren eraketak eta horrek guztiorrek Estonian eta, batez ere, estoniarrengan eragiten duen sentimendua borborka ageri da. Egitura hori eraikitzerakoan idazleak ez du irrist egiten; alde batetik, dokumentazio-lan handia behar da eta nago ez diola muzin egin orduak dokumentazioa arakatzen egoteari; beste alde batetik, pertsonaien garapena ongi zaindua da, bizipenek eragiten duten bilakaera bikain islatzen da haien izaeran. Kapituluak laburrak dira, horrek erritmoa bizitzea dakar, nahiz eta berez ez izan motelegia, gertakariek aurrera begira jarriko baikaituzte, hurrengo orrialdeari heltzeko gogoz, taupada bizian. Abiadura hori moteltzeko deskribapenak, maiz eta luze zenbaitetan, errepikakor ere bai tarteka, agian hortxe koska bakarra, bekatu txikia, hala ere.
Gertakari historikoen testigantza modura har daiteke nahi bada, baina hastapenean adierazi bezala, liburuak istorio bat gordetzen du. Maitasun istorio ezinezko batek dirdira egiten duela esatera ausartuko nintzateke. Aliide eta Hans nekazari estoniarren ezinezko maitasuna da historikoa erakusteko istorioa, edo hobe esatera, Aliideren maitasun ezinezkoa, sokaren beste muturrak ez baitu balizko maitasun horretan inolako interesik. Bada dirdira egiten duen beste istorio bat ere, hain zuzen, hastapen horretan aipatu dudan beste emakumearena, Zararena. Estoniara ihesi joana, emakume-trafikatzaileen saretik ihes, mafia arriskutsu batetik aldendu nahian. Aipatu dezaket, era berean, bizirauteko grina, liburuan tantaka agertzen diren pertsonaia askorengan balio hori azpimarratuko nuke. Horri dagokionez, Hans ekarri behar ezinbestean. Guduak harrapatuta geratutako estoniar nekazaria, ororen gainetik bere herriaren independentzia duena xede. Herrialdean antolatuta, komunismoari aurre egiten saiatzen den koitadua. Bide batez, ezin aipatu gabe utzi haren oharrak, koaderno batean idatziko dituenak eta guk kapitulu apartekoetan irakurriko ditugunak.
Horixe bada, Alberdania eta Ereinek eraikitako Batera apaletik jaso dudan azken harribitxia, Mia Rissanenek eta Joseba Ossak bikain itzuli dutena.
Iker ZALDUA