Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
 Ni naiz orain zoria

ZU ZARA ORAIN TXORIA Mikel Etxaburu, Elkar 2011

li90  

Mila eta bat aukera ikusten ditut, baina ez dago lekurik aukerarentzat. Harengandik urrundu nahia modu zibilizatuan onartu beharreko ikasgaia da, eta gainerako guztia askatasun hitzaren pean ezkutatutako askatasun gabezia da. Egia da hutsminaren izuak joak gaudela eta lasaitzen gaituela kateak. Gizakiak ez du askatasunik nahi.

Thomas Bernhardt-en aipu horrekin hasi du Alcala-Mecoko kartzelatik idatzitako poema-liburu hau Mikel Etxaburuk, eta kartzela honetara iritsi da azkenean bere hitz zaparrada. Mota askotako kartzelak baitaude bizitzan. Bernhardtek zioen gizakiok benetan ez dugula askatasunik nahi, baina Etxaburuk diost xirulirulika saiatzeko aske izaten, maitatzen. Orain ni naizela txoria diost, eta hori idatzi didanez gero bertso-lerro poetiko hunkigarrietan airatu naiz gora.

Goitik so egiten dizuet irribarretsu zoriontsu zaretenoi inbidiaz, eta maitasunezko muxu zaparrada eroriko al da nire begiotatik! Beharbada amets bat baino ez da askatasuna, eta ez dugu asko behar bizirik irauteko, baina zoriontsu izatea ere ez da hain zaila; norberaren burua maitatu ondoren, bestea, zu, maitatzea da zoriontasuna, ala?

Aitor dezagun: kateek pisatzen dute, baina konpainia ere egiten. Hala ere, kaiolan ohartzen da txoria zein aske eta ez aske zen, eta askatasun ezaren baitan askatasun zentimetro koadroak bere buru eta eskuen indarraz sortzera eraman dute poeta. Botila hutsik dirudienean botilari arretaz begiratu eta han behean oraindik ere tanta bat dagoela ohartu naiz Mikel Etxabururen poema-liburu intimista irakurri ondoren. Poeta armiarmekin jolasten da eta haurtzaroari deitzen dio, haurtzaro xume bezain zoriontsu hari, berriro ere zoriontsu izan gaitezen.

Kartzelak ez-lekuak direla esaten dit Etxaburuk pio-pioka, egunero txoria agertzen baita ziegako leihora «orain zu zara txoria» esatera, eta barroteetatik ezin dugunez atera, jolasean hasten gara, txikitan bezala, haur gineneko kantuak ateratzen zaizkigu paretetako zirrikituetatik. Bakoitzak bere zama dugu bizkarrean, iragana~ bultza egiten gaitu etorkizunera norabait, orainean, inon ez gauden honetan.

Ez-leku hauetan poetak haurtzaroko zirkuko pertsonaiak ditu gogoan, eta akrobatekin ibiltzen da oreka mantendu nahian bizitza ez seguru honetan. Ez, ez dugu asko behar bizitzeko orain, ez-leku eta ez-denbora honetan; berba goxo bat soilik, eta akaso esperantza amiñi bat, agian. Zama honek hiru kintal pisatzen amen du, eta bizitza badoa hogei hasperenek bultzaturik. Lau horma zuri hauetan ezintasuna beti da bat gehiago, baina bakarra malkoa. Negarrez nagoen arren bakarminez, olerki itxaropentsu hauek irakurriz hemen, lau pareten artean, salbu nago, nahiz eta ez den maitasun-gutunik iristen hona, ni re maitasun-gutunen erantzun gisa. Azken txokolate-ontza bat eman dit eskura poeta honek LASTER ARTE begiekin esan didanean, eta nik begiak itxiko ditut poetaren utopia irudikatzeko; ez-lekuetan leku pribatuak gutxi direlako, ni aurkitu nauzu, poeta! Mila eta bat gau pasatu ditut bertso hauek irakurtzen, zuk nirekin topo egin arte, eta atzo erakutsi zenidan pailazoaren gisa irribarre egiten, negar egiten dugun aldioro.

Ni naiz beharbada pailazoa, eta palazioa haizezkoa eraikiko dugu itsasoetan. Zaila da agur esatea euria ari duen arratsaldeetan, argia joaten den gauetan, eta “maite zaitut, laztana” esan behar zidanean, nire deia ere eten zen. Eten da jada gure arteko harremana, udazkena jadanik udatik negurako etena denez gero. Hitzik esan gabe joan zela oroitarazi didazu, niri ere MAITE ZAITUT hura haizean dilindan gelditu zitzaidan, eta gaur oraindik badut esperantza hori entzuteko berriro, haizean hegaka nabilenez gero. Ni naiz orain zoria, hegaka, lurrera inbidiaz begira, ilargian berriro damutzeko zain gaudenon kartzelak baitira izarrak, eta zori-onak hegan etortzea omen da ez-ohikoa joan ondoren, eta datozenean ausart eta indartsu airatu behar da lur hotz honetatik bihotz epelagoetara

Ainara Maia

E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago