Esku ezkerraz
ESKU ESKERRAZ, Antonio Casado da Rocha
Eskuzabal idatzitako poema bilduma da Antonio Casado da Rochak euskarara ekarri digun bere lehen liburua. “Esku ezkerraz” hau, Utriusque Vasconiae argitaletxearen eskutik kaleratu du Donostia(baina Errenteria)-ko idazleak, Pernan Goñi-ren azaleko irudia nahiz autorearen karikatura barne.
“Eta nik, /eskuak hutsik dauzkat/ eduki gabe emateagatik.” Eta nik, irakurleak, hartu egiten dut, liburua irentsi, oratu esku biez, eskubiaz nahiz ezkerraz, euskaraz zein beste hizkuntzetan (Apología del Aurresku/ Defense of the Aurresku, Alvaro de Campos sai do euskaltegi e vai a tabacaria). Badu Casadok hitza eta hizkuntzari buruz zer erakutsia, ikasteko zer emana. Ikuspuntuak ikuslea aberasten badu, berari zor diogu euskara talaia ezberdin batetik behatzeko poema hauek eskaini izana. Eta halere, hizkuntzaren zein eleaniztasunaren inguruko gogoetak ederrak izanagatik (Zorionekoak haurren modukoak zaretenok, Billy Collins-en liburu batean, ...), ez dira irakurlea kitzikatuko duten bakarrak.
Casado-ren poesia freskoa da, gaurkotasunez betea. Leuna, sotila, azkarra. Erreferentziaz hornitua. Eta berdin ekarriko du Szymborska nahiz Anna Akhmatova-ren poemen ingurukoa lerrotartera edota Zaratustrari idatzitakoa edota Jacques Derrida. Testu iruzkin osatugabea ere une aparta da informazioak, teknologiak eta abiadurak gailentzen duten egunerokoan. Eta gero, gauza ttipien samurtasuna, (Lo kuluxka, Ekografia), informatikaren presentzia (Fideltasuna, Maitale elebiduna), gurasotasuna (Hello Kitty, Guraso maitasuna).
Angel Errok liburuaren hitzaurrean dio; “Antonio Casado da Rocha poeta behatzaileetakoa da, irazten duen idazlea, hizkuntzaren zaintza lan ezinbestekoa buruturik”. Eta idazlearen begirada uneoro dago present, esplizitua batzuetan (Garateko Bordan, Mundurako bidaia), zerrendatua bestetan (Madrilgo metroan...),baina begira. Mundua poemaz idazten eta azaltzen. Jarrera horren erakustoki ere bada autorearen blog-a (http://1aguna.blogspot.com/).
“Eta nik,/eskuak hutsik dauzkat/ eduki gabe emateagatik. / Baina koplak dioen bezala,/ eskuok nireak dira.” Jakina, nahiz eta uneren batean poemok geure esku ezkerraz idatzi izana desira arazten digun. Horrexegatik dira ederrak Antonio Casadoren hitzak, irakurlearen gogoan sortzen duten distiragatik. Begietara ireki zaigun leiho berria da liburu hau.