Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Bizi gara 
li84    

MANUEL ITURRIOZ.BORROKALARI BATEN BIZIPENAK. Joxemari Iturrioz, Alberdania 2011.

Saiakeren atalean du argitaletxeak honako liburua. Irakurri ondoren, ordea, autobiografia baten antz handiagoa duela esan daiteke. Dena dela, abenturazko nobela baten zantzuak ere topa dakizkioke. XX. mendeko zenbait gertakari historikoren berri ematen digu, bertatik bertara bizi izan zituen norbaiten eskutik. Era berean, artzain eta baserritarren bizimoduaren gogortasuna deskribatzen ditu, baina baita orduko zorion uneak ere.

Manuel Iturrioz Malkorra 1902an jaio zen Orexan (Gipuzkoa) eta 1991n hil, Donostian. Laurogei urteren bueltan zebilela, haurtzarotik zahartzarora bizi izandakoak idazteari ekin zion. Inori ez zion esan zeregin horretan zebilenik, eta soilik hil ondoren eskuratu zituen Jon Andoni semeak aitak idatzitako bi koadernoak. Bertan irakurritakoekin txundituta geratu zen eta gehiago jakiteko gogoa piztu zitzaion. Azkenean Manuelen iloba batek, Joxemari Iturriozek, material guztia batu eta bere osabaren biografia osatu du. Lehenengo pertsonan dago idatzia, protagonistak berak sortutakoa eta beste zenbait dokumentu baliatuz, baina batere sinesgarritasunik galdu gabe.

Kronologikoki dago egituratua liburua. Oraindik haurra zela Baztanera morroi bidali zutenekoa kontatzen zaigu hasieran. Horren ondoren, herrira itzuli eta artzain zein baserritar bizimoduak uztartu zituenekoa. Zumarragako hotel batean ere aritu zen bost urtez, tren geltokira iristen ziren bidaiariak hoteleraino lagunduz. Bertan nahiko pozik bizi arren, bere bizitza aldatuko zuen erabakia hartu zuen, mikelete sartu baitzen. Kontuan izan behar da gerra aurreko urteak zirela, garai zail eta nahasiak. Gerra lehertzean milizianoekin elkartu eta hainbat borrokatan aritu zen, Intxortakoan, besteak beste.

Azkenean, Asturiasen preso hartu zuten, baina ihes egitea lortu, muga pasa eta berriro borrokara lotu zen, Segre eta Ebroko batailetan, kapitain karguarekin. Gerra galtzean Frantziara egin zuen ihes, eta geroago Donibane Lohizunen harrapatu zuen beste gerra baten hasierak. Bigarren Mundu Gerran Comete sarean ibili zen, hegazkinlari aliatuak zonalde okupatutik Espainiarako muga zeharkatzen laguntzen. Hamabi orduko ibilaldiak egiten zituzten ezkutuan Donibanetik Oiartzuneraino. Berriz preso erori, Meliton Manzanasen eskuetatik pasa, eta ostera ere ihes egitea lortu zuen. Bukaera aldera, azken gerra honen ondorengo garaiak kontatzen zaizkigu, emazte eta hiru seme-alabekin Ambert eta Paris inguruetan bizi izan zirenekoak.

Guztiok zoriontzeko modukoa da tamaina honetako gizakiaren berri eduki izana liburu honen bitartez. Beharbada, izango dira kontatzea merezi duten beste istorio batzuk ere hor nonbait, gehienontzat ezezagunak diren pertsonenak, sekula ezagutuko ez ditugunak. Kasu honetan, liluratuta uzten zaituen kontakizuna da Manuel Iturrioz Malkorraren bizitzan oinarritutakoa. Izenburuan dioen bezala, borrokalari baten bizipenak dira.

Iban Balerdi

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago