Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Fernandoren egia 

Joxe Manuel Odriozola ESTATU ETNOZIDAREN KONTRA Elkar. 2011.

li76    

Liburu gogoeta-eragilea bete du Joxe Manuel Odriozolak. Hizkuntzak hartu ditu hizpide: Ez du hizkuntza edo hizkuntza-molde jakin baten alde egin nahi, egoera bat erakutsi nahi du, mahai gainean paratu nahi du Fernandoren egia bat, ikusi arte baitaratzen ez duguna; hots, globalizazioaren aro honetan, berdintasuna aldarri den sasoi honetan, hizkuntzari dagokionez ere botere-nahia dela nagusi, hegemoniaren guraria dela xede, ustezko eleaniztasuna zapuzteko estrategia zuhurrak jorratzen dituela estatu etnozidak eta, gainera, garai honetako jarrera hori iraganaren, iragan luze baten,legatua baino ez dela, oso antzinatik datorren kontua dela hizkuntza bat beste batekin itzaltzeko ahalegina. Bi multzo nagusi aipatzen ditu Odriozolak saiakera osoan zehar, hizkuntza hegemonikoa eta mendeko hizkuntza, arrain handia eta arrain txikia. Ez du esaten zaku batean dagoena bestean dagoena baino hobea denik, zakua bera du aipagai, nagusitasunaren eta mendekotasunaren arteko jokoa, jarrera da liburuan arbuiatzen eta banakatzen dena. Gu, euskaldunok, euskara dugunok, euskara darabilgunok eta maite dugunok, badakigu zein zakutan gauden eta badakigu zenbat izen eman zaizkion zaku horri. Liburuan ere hainbat etiketa ditu zakuak, besteak beste, eremu urriko hizkuntza, mendeko hizkuntza, hizkuntza minorizatu edota hizkuntza diglosiko.

Ez dut ukatuko izendapenak ongi jantzita daudela, baina ezkor samarrak iruditzen zaizkit eta Odriozolak berak ekinaldiaren hastapenean esan bezala, ezkor samarrak gara, egoerak agian alde horretan jarri gaituelako, baina aurrerago esaten duenez, baikor izatea ez da kalte, jarrera hori lagungarri izan daiteke, eta esan dezagun, zergatik ez, tokiko hizkuntzak. Hala ere, eta solasgaiak behin eta berriz tentazioari kosk egiteko gogamena sortzen badu ere, iritzi pertsonalak alde batera uzten saiatuko naiz, liburua iruzkintzen saiatuko naiz eta esan dezadan lehendabizi, hamar ataletan bereizten duela Odriozolak gatazka edo lehia horren inguruko deskribapen aparta. Hitzaurrean aipatzen du luma eskuan hartuta zuelarik buruan zuen asmoa: «Irizpide kritiko batzuen galbahetik igarotako gogoeta-Iana aurkituko du hemen balizko irakurleak».

Eta halaxe egiten du, hainbat adituen zitak bere gordinean eman eta lerroalde horri buruzko hausnarketa, iritzia, ematen du; asko dira aipatzen dituen adituak, besteak beste, David Crystal, Joshua Fishman, Koichiro Matsuura, Klaus Zimmermann, Josep R. Llobera, Carod Rovira, Walker Conor, Jon Sarasua, Koldo Izagirre, Joseba Sarrionandia, Aita Villasante edota Mikel Zalbide. Asko eta askotarikoak, hizkuntzalariak, idazleak, politikariak edota Unescoko zuzendaria bera. Dokumentazio-Ian itzela antzematen da, iturri asko ireki ditu eta horietako zenbait ere eman ditu liburua ongi hornitzen duten azpi-ohar ugarietan, nahi duenak araka ditzan. Euskalduna izaki, noski, gure egoeraz mintzatu da Odriozola, baina ez da gurea izan muina, azken batean, gurea beste hizkuntza bat da eta hitzaurrean ere hala dio: «Norberaren mintzaira berreskuratzen saiatzeak eta besteenak ahazteak ez duela zentzurik» eta «gugandik urrun bizi diren hiztun-herri zapalduen ahots xumea izan nahi luke hausnarketa honek». Hala, mapamundia hartu eta deskribaketa etsigarri bezain dotorea egiten du, hasieran esan bezala, Fernandoren egiaz ohart gaitezen.

Iker Zaldua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago