Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
«Ogi hutsa»

Patuari ihes

OGI HUTSA MOHAMED XUKRI : Mohamed Xukri. Itz.: Arantzazu Royo Manterola.  Igela 2010

li62    

Ez dira gutxi azken hamarkadan gurean sartu diren etorkinak. Sailkatu egiten ditugu multzotan, hangoak, harantzagokoak eta urrundik etorriak; gaiztoak, maltzurrak, langileak edo isilak. Haien jatorria erabiltzen dugu izendatzeko, gutarra ez dela argi gera dadin agian. Nondik etorri diren berehala jakin arren ez dugu halako jakin-minik izaten bidaia horri buruzko zergatiaz, agian badakigulako atzean kontu ilunak agertuko direla eta ez dugu halakorik entzuteko gogorik.

Pentsa genezake, ez da oso zaila asmatzen, oso gustura bizi ez zirelako etorriko zirela dena utzita, pentsa genezake pobreziak astinduta biziko zirela eta horregatik mugitzen dituztela oin baldartuak. Hala ere, mugimendu horiek ez dira beti jatorrizko herrialdeko mugetatik harantzagokoak ¡zaten, zenbaitetan albokoarenera hurbiltzen gara guztiok zori txarra bota eta zori ona eskuratzeko itxaropenez. Hori da Mohamed Xukriren kasua. Patuak pobreziaren erreinuan bizitzera eraman zuen eta senitarteko giroa kontsolagarri izatetik urrun, itogarri zaio, laztanak baino zaplaztekoak jasotzera kondenatua. Marokon kokatzen da kontakizuna, hezur-haragitan bizi izandako kontakizuna. Rifeko eskualdetik Tetuanera eta handik Tangerrera, tartean hara-hona ibili edota ibiltzera behartua izan ostean, hori da beharrizanaren zurrunbiloak harentzat prestatutako mapa.

Ihesa izango litzateke. nire ustez mapa horretan horrenbeste joan-etorri trazatzera eraman duen arrazoia, ihes egiten baitu, lehenengo aita basatia begi bistatik kentzeko,ihes sabeleko haize hotza kanporatzeko, ihes gero poliziarengandik eta amaieran aitortzen duen bezala, ihes patuaren eta batu duen ingurunearen artean antolatu duen bizimodutik, nahiz eta badakien berandu dela, bere buruari dagoeneko ez dio ihes egingo <<aingeru izateko , beranduegi zen niretzat>>.

Aingerutzat hartzen du aitak hildako anaia, eta deabrutzat bere burua, ogi puska bat hartzeko, lapurretan, borrokan eta kontrabandoan aritu delako. Aingerua da bere ama eta deabrua aita, eta giro herretan prostitutak batzuetan aingeru eta beste batzuetan deabru. Aparteko aipamena merezi du emakumeak eleberrian hartzen duen protagonismoa, hierarkiaren piramidea arras sendo dagoen gizarte batean, piramidean agertu ere ez direla egiten esango nuke, gizonek egiten dute gora eta behera bertan, eta emakumeak beheraldi horietan larrutan egiteko panpinak dira, etsipena izerdi-saio gordin batekin ahazteko; emakumeak goraldietan larrutan egiteko panpinak dira, garaipena ospatzeko, garaikur dira.

Gordintasun osoz azaltzen ditu autobiografiari rol-banaketak, eta gordintasun osoz agertzen da sexua, putetxeetan gehienetan, kanpaia joz askotan eta egoerak behartutako maitasun desitxuratuaren ohantzean noizean behin. Gordintasun osoz agertzen dira Marokok bizi dituen barne-gatazkak, Frantziako protektoratuak eragiten dituen iritzi kontrajarriak, Espainiako mendekotasunak eragiten dituenak bezala.

Dena den, hori guztiori testuingurua besterik ez da, hori ez da eleberriaren muina, bere herrialdean etorkin den nerabearena bizimodua ulertarazteko ezinbesteko osagaiak baizik.

Liburua debekatu egin zuten Marokon 2000. urtera arte, baina idazle-protagonistaren oihartzuna ez da haatik bere baitan lehertu. Hainbat hizkuntzatan irakur daiteke trilogia baten lehen ale hau, euskaraz ere bai Igelari esker.

Iker Zaldua

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago