Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Maitasun-harriak 
GILTZURRUNEKO HARRIAK Milena Agus | Itz.: Fernando Rey Cenlit, 2010
 
li59    
pdf    
Hondakin pilaketa batek sortzen du harria, gorputzak hura desegiteko behar dituen substantziak izan ez eta giltzurrunetan  hartzen du ostatu. Mugimenduen errepika batek, zonaldean hartutako kolpe batek edo, besterik gabe, denboraren joanak mugiarazi egiten du harria. Orduan hasten da oinazea, ureterrean behera egiten duen bidaian zehar zauriak sorrarazten ditu barruan, odola ere askatzen da gernuarekin zenbaitetan eta ez du bakerik emango harik eta maskurira iristen den arte. Orduan, mina joan ez baina arindu egiten da eta askatzean paradisua zabaltzen da; mina desagertu eta harria kanpoan da.

Gaixotasun bilaka daiteke gaixoarengan joera bilakatzen bada prozesu hori. Horixe da eleberri honetako protagonistak duen gaitza, gainera, zeharkako ondorio modura, seme-alabak izatea mugatzen diona. Dena den, Milena Agusek metafora modura erabili zuen aipatu gaitza, izan ere, kontakizunean agertzen diren guztiek dute orbain bat, harri bat, barruan, askatzeko zerbait barruan, kolpe batek edo denboraren joanak eraginda bizimoduak sortutako korapiloa deslotzeko premia.

Liburu laburra da, trantze-une bizkorrik gabea, irakurlearen imaginarioan dirdira berezirik gabe sartuko dena, etxeko liburutegian isilik mantenduko dena, bere apalean jasota, xume. Finean, amaiera onik ez duten maitasun istorioak jaisten dira ureterrean behera eta mugimendu horretan protagonistaren mina, samina eta etsipena islatzen da.

XX. mendeko erdialdean kokatzen da eleberria, Sardinian eta Italian. Gerra tarteko, gizonak armak hartuta joan dira eta emakumeak zain daude senargaiak noiz itzuliko, bisitaren irrikaz, gero eta gehiago luzatzen diren bisiten zain. Bitartean amona bainuetxera bidaltzen dute giltzurrunetako gaixotasun hori sendatzera eta han ezagutuko du maitasuna, sekula santan askatuko ez duen harri hori.

Protagonistek ez dute izenik; amona, birramona, koinata, amonaren senarra, aitaren ama eta amaren amona aipatzen ditu narratzaileak. Hirugarren pertsonan ari da, amonaren istorioa kontatuz eta oso nahasgarri egiten da zenbaitetan pertsonak izendatzeko halako jokoen zaleez garenontzat.

Lerro artean beste gai bat mugitzen da erretenean behera, hain zuzen, artista eta ero bitasuna, izan ere, auzi hori mahai gainean jartzen du idazleak, hots, bizimodu artistikoa hautatzea erokeria den edo eroen eldarnio baten ondorio den. Musikariak eta poesia zaleak erotzat joko dituzte auzoek baina, badirudi, Milena Agusek auzia alde batera eraman nahi duela  berariaz, izan ere, auzokoen epai horietan  artisten erokeria baino auzokoen ezjakintasuna interpretatzen da aise.

Hori da, finean, “Giltzurrun-harriak”, atzeko azalean irakur daitekeenez, milioi bat irakurletik gora txoratu duen liburua  eta 26 hizkuntzetara itzuli dena. Egia esatera, irakurle hau gehiago txoratu da  familia-loturak egiten, liburuaren lilurak  harrapatuta baino. Itzulpenari dagokionez, iruditzen zait lan txukuna egin duela Fernando Reyk, gainera hainbat espresio jatorrizko bertsioan utzi ditu, azpian azalpena emanez. Hautu hori, irakurketa traba badezake ere, egokia dela iruditzen zait, zenbaitetan errealismoa ematen baitio kontakizunari eta hartan sartzen laguntzen du.

Iker Zaldua
E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago