Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Belarra kantari 
LESSING, Doris.  ELKAR, 2008.   Itzul.: NAVARRO, Koro
luma58    

Doris Lessing 1919an jaio zen Iranen (Inpero Britaniarraren menpeko Persian) eta Zimbabwen hazi (britaniarren menpe zegoen garaiko Rhodesian). 36 urte zituela Londonera joan zen semearekin eta handik urte batera “Belarra kantari” idatzi zuen. Horixe izan zen argitaratu zuen lehenengo eleberria, bere esperientzian oinarrituz fikzioa sortu eta Zimbabwen gertatzen zen kolonialismo bortitza salatzeko. 2007an Literatur Nobel Saria eman zioten.

Koro Navarrok  esaldi laburrez eta hiztegi aberatsez euskaratu du elkarrizketa gutxi eta deskribapen luzeak dituen eleberri indartsu hau.

Nobela egunkarian agertutako erailketa batekin hasten da:  Lehen Mundu Gerra ondorengo Rhodesian, Mary Turner bere landetxeko berandan hilik aurkitu zuten, Moses morroi natiboak eraila. Eleberri beltzen estilokoa dirudien  hasiera-hasieratik badakigu, beraz, zein den istorioko ardatza erailketa, eta zein hiltzailea zerbitzaria. Kontua da nola ailegatu den horretara.  Narratzaile orojakile batek maisuki daraman irakurlearen nerbioak dantzan jartzen dira, tentsioa igotzen doa ezin jasanezko bero sargori itogarria bezalaxe.

Kontakizunean zehar Maryren historia ezagutarazten zaigu: aita mozkorti eta beti penatzen dagoen amarekin izan zuen haurtzaro pobrea; gaztaroa, berriz, alaia, ardura handirik gabea hirian; helduaroa nahasia adiskideengandik jasoko duen hipokresiak bultzaturik “barrutira” ezkonduko baita, hainbeste maite zuen hiria utzi eta etxal de batera bueltatzeko ongi tratatu zuen lehendabiziko gizonarekin ezkondu eta gero.

Narrazioak Maryren garapena xehetasunez ematen digu, haren beldurrak, zalantzak, bakardadea, segurtasun falta, obsesioak (etorkizuneko planak, eguraldia, sexua, natiboak), egoera edo pertsonekiko sentimendu eta jarrerak (senarrarekiko mespretxua, beltzekiko nazka, gainontzeko laborariekiko harrokeria...), barne desintegrazioaren hasiera.

Gainontzeko pertsonaietan Dick Turner dugu Maryren senarra: etxaldea gauza guztien gainetik maite duen gizona; gizon etsita, hala ere, emazteak laguntzen ez dion arren, aberasteko egitasmo guztiak martxan jarri eta abandonatu egiten dituenak  beti “datorren urtea” hobea izango delakoan.

Charlie Slatter, Londonetik Afrikara dirua egitera etorritako gizon gogorra, laborari aberats bilakatu da. Dicki alde egiteko esaten diona, emaztea handik ateratzeko erregutzen diona egoeraren  tamalgarria ikusita.

Tony Marston, Ingalaterratik ailegatu berria, Dicken etxaldea gobernatzeko kontratatuko duten gaztea.

Moses, Dicken soroetatik Maryren sukaldera bidalitako eta haren zerbitzuan urte gehien iraun zuen natiboa. Nagusia hil zuenenean ezin esan zenbateraino zegoen damu edo erruki edo mendekuaren pozez.

Dickek eta Maryk ez zuten inongo erla ziorik “barrutiko” gainontzeko laborariekin, urteak baitzeramatzaten landetxetik atera gabe. Isolaturik bizi ziren etxe hondatu eta zarpail hartan.

Kolonialismo garaia gordinki deskribatzen du idazleak arraza eta klase desberdinen inguruko erreferentzia asko ematen duelarik: zurien artean britaniarrak eta afrikarrak ( zuri pobreak) bereizten dira. Beltzak, natiboak, maltzurrak dira, usain txarreko izaki berritsu primitiboak, salbaje zikinak. Zibilizazio zuriak ez zuen onartzen giza harremanik pertsona beltz batekin, ez onerako eta ez txarrerako. Pertsona zuri batek begira ziezaiokeen natibo bati, natiboa ez baitzen zakurra baino gehiago. Gizon beltzek, ordea, ezin zuten eskurik jarri haragi zuriaren gainean.

Emakumezkoaren papera ere argi gelditzen da zein den, ezertan erabakirik ez duen etxekoandrea, alegia: “Baina hau orain zure lana da-eta. Tea zerbitzatu behar etxera ailegatu eta berehala” .

Maryren zorigaitza garai hartako belaunaldi osoarena izan zen, Mosesen sufrimendua izan zen bezalaxe.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago