ZUBELDIA DE ESTEBAN,Leire "Zuhaitzaren adarrak" (Liburu Iruzkinak)
- Xehetasunak
- Nork idatzia: Zubeldia de Esteban,Leire
- Kategoria: LIBURU-IRUZKINAK
- Bisitak: 16298
Zuhaitzaren adarrak
NOR BERE BIDEAN (ORBETARRAK III) Joan Mari Irigoien Elkar, 2010
1986. urtean gaude. Urte honetarako hilak dira Maria Bibiana eta Gabino ez beste anai-arreba guztiak, baita Nazario Orbe, Regina Aldasoro eta izeba Ernestina ere. Funtsean, ia zazpiehun orriko eleberria, Gabino eta Damasoren arteko gutun trukaketa bat da. Gabinok, duela 15 urte anaia zenak idatzitako eskutitz sortari erantzutea erabakitzen duenean hasten da dena. Kontakizun trukaketa horren bidez, sendiko kideen paraderoaren berri jasotzen du irakurleak. Zorigaiztoko paraderoak, orbetarren familiaren gainbehera irudikatzen dutenak. Alde horretatik, aurreko bi liburuetan kontatuarekin eta gertatuarekin bat datorren jarraipena da hirugarren hau. Irakurleari ezagunak zaizkion erreferentziak agertzen dira protagonisten oroitzapenetan: Nazarioren anaia Bernardo, Villalbako markesa, aita kalonjea, Felipe Gastaminza, eta nola ez, Benjamin Maria, orbetarren leinuaren ohorea zikindu zuen orbana.
Baina, nago, bestetik, Nazario Orbe, Regina Aldasoro, Teofilo Maria, izeba Ernestina eta Damasoren azken urteen (Domingo eta Adaren patua bigarren liburuan ezagutu genuen) kontakizunak baino pisu handiagoa duela bi anaien artean sortzen den eztabaidak. Pertsonaien bidez, frankismo garaitik trantsiziora arte, elizak, politikak eta oro har gizarteak jasan duen bilakaerari buruzko hausnarketa egiten du Irigoienek, eta honek bigarren maila batean uzten du trilogiaren benetako ardatza, zuhaitzaren enborra.
Finean, arrazoiketa lan bat da Irigoienek dakarkiguna. Zenbaitetan, nobelaren ordez saiakera bat irakurtzen ari dela iruditu zaio irakurle honi. Aipatutako ariketa burutzeko pertsonaien erraietaraino sartu da egilea. Bakoitzaren izaeraren zoko ezkutuenetan begiratu du. Bere eskua baino hobeto ezagutzen ditu idazleak liburuko bi protagonistak. Maisuki osatu eta modelatu ditu, eta erabateko koherentziaz hitz eginarazi die. Baina susmoa dut hitz horiek enborretik gehiegi desbideratutako adarrak ez ote diren, kimatu beharrekoak zuhaitzari behar baino zama gehiago erantsi ez diezaioten.
Zuria eta beltza dira Gabino eta Damaso: lehena Elorrietako santutegian bizi dafraile franziskotar egin zenetik. Fededuna da beraz, nahiz eta Jainkoarengan sinesteko eran aldaketak jasan dituen. Abertzalea eta euskaltzalea ere badugu. Aldiz, Damaso zientzialaria da, ateoa, eta Cervantesen hizkuntza miresten du euskara mespretxatzen duen modu berean. Ideala eta arrazoia; bihotza eta burua; euskal mundua eta erdal mundua. Beraz, bi elementu antagonisten arteko eztabaida da irakurleak topatuko duena. Enbor bereko bi ezpal ezberdin, biak ere enborraren norabidetik desbideratuta, nor bere aldera, «norbere bidean».