Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Zentzu komunaren bidetik
SINESMENAK ETA USTEAK  Agustin Arrieta-Urtizberea  Alberdania, 2010
 
li42    
pdf    
«Sinets al dezaket nahi dudan guztia? Edukial dezaket nahi dudan iritzia edo ustea? Askatasun osoa al dago edozein uste, iritzi  edo sinesmen edukitzeko? Nola finkatzen  edo errotzen dira uste, iritzi eta sinesmenak? Zein da uste, iritzi eta sinesmenen  eginkizuna? Ba al dago araurik zerbait usteizateko edo sinesteko? Uste izatearen jokoa nolakoa da? Zeintzuk dira balizko joko  horren arauak?»
 
 

Honako galdera hauekin hasten da Agustin Arrieta-Urtizberearen liburu berria. “Istripuak”ipuin bilduma argitaratu  ostean, saiakera batekin datorkigu oraingoan EHUko Filosofiako irakaslea. Bertan, izenburuko kontzeptuetatik abiatuz,  zentzu komunaren alde egiten du egoera  eta eredu desberdinen aurrean, ikuspuntu dogmatiko eta azalekoen arteko espazioaren alde, alegia.

Beraz, sinesmen, iritzi eta usteen (des)berdintasunak aztertu ondoren, usteak gizakiongan finkatzeko hiru eredu  deskribatzen ditu, hala nola ostrukarena,  autoritatearena eta koherentziarena. Lehenengoan, zalantzak baztertzeko uste bat bereganatzen du pertsonak eta gero tinko eusten dio uste horri, ostrukek moduan, beste guztiari muzin eginez. Bigarrengoa, artzaina eta artaldearen adibidean oinarritzen da; eta hirugarrengoan, berriz, aurrez ditugun usteak gailentzen dira ebidentzien gainetik.

Horien ondotik, zentzu komunaren eredua aztertzen du «ia-ia inkontzienteki erabiltzen dugun» hori. Bere esanetan, zientzia zentzu komunaren garapen bat litzateke, baita filosofia ere, hirurak bat eginda ulertzen dituelarik. Hemendik kanpo uzten du, ordea, erlijioa.

Erlijioari eta beronekin gutxienez zeharka lotutako zenbait kontzepturi beste atal bat eskaintzen die liburuaren bukaeran. Zientifikoki probatu gabekoetan sartzen garenez, eremu honetako arauak ez dira berdinak, nolabait esatearren, sinesteko askatasun handiagoa baitago. Egileak uste eta sinesmen guztiak zalantzan jartzearen alde egiten du, guztiak eztabaidagai bihurtzearen alde. Bide honetan erlijioek –katolizismoaren kasuan gutxienez– beren esparruak nola finkatzen dituzten kontatzen du, balioen mundua beraiena balitz bezala jokatuz. Ondorioz, erlijiorik gabeko gizarteak baliorik gabekoak lirateke, azken boladan sinestarazi nahi diguten analisia.

Erlijioari atxikitzen zaion kapituluan, suizidio nahiz abortuaren gaineko analisiak ere egiten ditu, eta bietan ateratzen dituen ondorioak antzekoak dira. Kontzeptu eztabaidaezinak izatetik, beste fase batera igaro direla. Niri interesgarriena abortuari buruzkoa iruditu zait, hain gai korapilatsua izanik eskertzekoa baita horren adibide grafikoak eskaintzea.


Azken finean, oso liburu pedagogikoa egiten saiatu da egilea, kontzeptuak ahalik eta modurik ulerterrazenean azalduz. Adibideak erabiltzen ditu etengabe azaltzen dituenak hobeto adierazteko, kaleko adibideak, eguneroko bizitzakoak. Alde horretatik, eskoletarako modukoa da, hasieran esan moduan, dogma eta fribolitatetik aparte, usteak beste modu batean jaso daitezkeela defenditzen baitu. Eta datuak ikasteko baino, pentsatzen ikasteko behar luke eskolak.

Bukatzeko, merezi du aipatzea liburuaren amaieran edozeini luzatzen diola gonbita edonolako iruzkin edo kritikarik egin nahiko balu, bere helbide elektronikoa horretarako lagaz.

Iban BALERDI

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago