AITZINSOLASA
Sinesmena eta sinesgabezia
Graham Greene (Berkhamsted 1904 - Antibes 1991) eleberrigile modernorik gailenenetariko bat dugu, bera izan baita irakurleen irudimena mende honetako ezein idazlek baino gehiago inbaditu eta moldatu duena, ez bakarrik bere literatur lanen kopuru eta aniztasunagatik, baizik eta baita sortu dituen pertsonaien jite bereziagatik ere. Badirudi Graham Greeneren pertsonaiek orrialde inprimatuetatik jauzi egiten dutela, teologoei, soziologoei eta haren idazlanak irakurri dituen edonori arazoak, kezkak eta zalantzak planteatzen dizkietelarik. Haren sinesmena (edo sinesgabezia, ateismoaren eta haren fedearen artean ez baitago alderik batere, askoren aburuz) garrantzi handikoa da fikziozko haren munduan, "Graham Greenland" izenekoan: han, laztasuna (eta batzuetan exotismoa) da nagusi, eta bertako pertsonaiak, zeinak izpiritualtasun eztabaidagarri baten jabe baitira, ez dira sekula erabateko heroiak izatera iritsiko.
Haren lagun Alec Guiness aktorearen esanetan, "Graham Greene idazle bikaina izan zen, belaunaldi oso bati taxuz eta ganoraz mintzatu zitzaiona, gainera, ia profetikoa izan zen eta beti apaltasun handiz jokatu zuen".
"Giza Faktorea" liburuan Greenek trebetasun eta sentiberatasun handiz ispilatu zituen zerbitzu sekretuen barneko isolamendua, neurosia eta bakardadea, amaraun korapilatsu bat agerian utziz, zeinari batzuetan ezina egiten baitzitzaion giza bulkada ezkutu eta tupusteko guztiei aurretik antzematea. Bigarren Mundu Gerran Graham Greene zerbitzu sekretu britainiarretan aritu zen: lan hura haren neurri-neurrikoa zen, eta gainera, oso baliagarria izan zitzaion esku artean duzuen liburu hau hezur-mamitzeko orduan.
Idaztea: bokazioa ala beharra?
Ez da batere erraza zehaztea literaturgintzak bokaziotik edo beharretik gehiago daukan Graham Greeneren kasuan. Aipagarria da, alde batetik, "The Times" egunkarian zeukan lanpostua bertan behera uztea erabaki zuela, literaturgintzan buru-belarri aritzeko. Baina, beste aldetik, litekeena da beharra ere izatea. Izan ere, idaztea Graham Greeneren ezinbesteko ihesbidea izan zen, testuak sortuz bere psikologi osasunari eutsi ahal izaten ziolako (kontuan hartzekoa da 16 urterekin hasi zela psikoanalistaren kontsultategira joaten). Egunero saiatzen zen zerbait idazten, eta, gainera, gutun asko idatzi behar izaten zituen, berak jasotzen zituen ehundaka gutunen ordainetan nolabait. Halaxe bizi izan zen azken hatsa eman zuen arte.
Oso gazterik, 21 urte besterik ez zituela hasi zen "The man within" idazten; horixe izan zen argitaratu zuen lehenengo eleberria. Gaur egungo irakurleen begien aurrean ere ez du interesik, tentsiorik edo freskotasunik batere galdu. Liburu horretako gairik behinenak, hala nola, traizioa, jazarpena eta bakenahia, ondorengo eleberrietan erruz landu zituen. "Stamboul Train" eleberriari esker eskuratutako izen ona "The power and the glory" bere hamargarren eleberriaren bidez gailurrera iritsi zen. Mexikoko hegoaldeko estaturen batean apaizak sarraskituak izan ziren; horra liburu hunkigarri haren gai nagusia. 1938an "Brigton Rock" argitaratu zuen, eta Bigarren Mundu Gerraren ondoren (1941etik 1943ra bitartean Foreign Officeen aritu zen lanean, Sierra Leonan), "The Heart of the Matter" (1948) plazaratu zuen, bere lanik aipagarrienetako bat.
Aurrerago idatzitako eleberrietako batzuetan Greenek profetizatu zituen nazioartean garrantzi handia izango zuten zenbait gertakari politiko. Esaterako, "The Quiet American" (1955) liburuan aurreratzen digu estatubatuarrek Vietnamgo gerran parte hartu eta porrot egingo zutela. "Our man in La Havana" (1958) eleberria, berriz, sobietarrek Kuban zeuzkaten misilez ari da, misil haiek han ezarri baino askoz ere lehenago, gainera. "The Honorary Consul" (1973) liburuko gai nagusia ohorezko kontsul ingeles baten bahiketa da, eta zenbait hilabete geroago ordura arte fikzio hutsa zena errealitate bihurtu zen, bahiketa hura benetan eta egiatan gertatu baitzen. "Giza Faktorea" (1978) eleberriak, berriz, sobietarrak Hegoafrikako urre- eta diamante-meatzeen jabe ez egiteko nazioarteko hitzarmen politiko sekretu baten berri ematen digu. Geroago jakin ahal izan zenez, hitzarmen hura ere egiazkoa zen.
Aipagarriak dira, gainera, Graham Greeneren beste eleberri batzuk: "The Confidential Agent", "Hirugarren gizona" (zinemarako egokitua), "The fallen Idol", "Mosignor Quixote" (1982) eta abar.
Kontakizun laburra ere landu zuen: "Collected short stories", non irakurlea ohartuko baita hogeita hamazazpi istorioetan zehar Graham Greene oso aldarte desberdinez ari dela, batzuetan ziniko eta irudimentsu, besteetan jakin-nahizko eta gogoetatsu. Istorio labur horietan guztietan, hala ere, Greenek erakutsiko du narratzaile bikaina dela.
Bere bi autobiografiei esker -"A sort of life" (1971) eta "Ways of escape" (1980)-, Graham Greene gizona hobeto ezagutu ahal izan dugu. Haiexek eman digute Graham Greeneren literaturgintza aztertzeko bidea, haren bizitzari buruzko xehetasun ugari eskainiz eta irakurlea idazlearen nortasun konplexuaren zokorik ezkutuenetara eramanez.
Bukatzeko, saiakerak, antzezlanak, biografiak eta haurrentzako liburuak ere sortu zituen. Horrenbestez, esan daiteke bere literaturgintza kasik bere bizitza bezain aberatsa izan zela.
Bizitza ongarri
Greenek bere bigarren autobiografian, "A sort of life" izenekoan, garbi aitortzen duenez, "eleberrigile guztiek badaukate zerbait espioitik. Hain zuzen, espioiak bezala eleberrigileak ere behatu, entzun, zergatiak bilatu eta pertsonaiak aztertu egiten baititu. Eta horretan ari dela, izotz-pusketa bat dauka bihotzean". Haren iritziz, horixe da eleberrigile baten funtsezko ezaugarria. "Idazleak ez du bere pertsonaiengandik eragin handiegirik jaso behar. Elkarren arteko distantzia zaindu egin behar da. Pertsonaiak gure barne-muinetan sortutako kumeak badira ere, haiekin lotzen gaituen zilborrestea lehenbailehen ebaki behar da". "Pertsonaia nagusia idazlearen irudimenetik sortua denez, idazlearen islada nola edo hala agertuko da harengan. Pertsonaia hori bere sortzailearen bizipenez eta ezagupenez elikatzen da; beraz, ikuspegi horretatik, gu bezalakoa da, gu ere gure gurasoen, aiton-amonen eta berraiton-berramonen ondorengoak garelako. Eskuarki, idazleak eleberriaren hastapena, erdia eta bukaera ezagutzen ditu. Onena da pertsonaiei lema uztea... neurri bateraino bederen". Orobat, berak aitortzen duenez, "idazleak hobe du bizi izandakoa ahaztea. Ahazten dena irudimenaren ongarria da". Bestalde, bere iritziz, "idazleak bere burua errealismoz eta erromantizismorik gabe ezagutzea halako indar-biltegi bat da, zeina idazleak bizitza osoan hornitegitzat izango baitu; indar horren puska ñimiño bat egokiro erabiliz gero, pertsonaia bati bizi-arnasa eman diezaioke". Greenek dio idazleak ez duela bere burua ezabatu behar bere eleberrietan baina, era berean, bere liburuak autobiografikoak izateko tentazioari eutsi behar diola.
"Giza faktorea" liburuari dagokionez, bizitzak "ongarri" ugari ekarri zion Graham Greeneri, idazgaia sortu eta kontatzeko eta pertsonaien psikologia moldatzeko.
Zerbitzu sekretuak ondotxo ezagutzen zituen (hortxe kokatzen da kontakizuna); hamaika bidaia egina zen munduan zehar; nazioarteko politika ez zitzaion batere arrotz egiten, ezta politikariak ere (batzuk haren lagunak izan ziren). Hori zela eta, Greenek nazioarteko konplot bat eratu zuen, errealitatetik oso-oso hurbila, geroago jakin ahal izan zenez.
Estatuaren auziak, interes ultrasekretuak, herri boteretsuen arteko azpijokoak... tartean zirela Maurice Castle, eleberri horretako pertsonaia nagusia, xake-partida bateko peoiaren modura ageri da: lehiakide biak (zerbitzu sekretu britainiarra eta sobietarra) prozedura berberez baliatzen dira eta antzeko helburu ilunen alde ari dira lanean. Castle ez da heroia, biktima baizik, kinka larrian bizi den agente sekretua. Beste gizaki batenganako fideltasuna bere herriarenganakoaren aurretik jarri zuen; funtsean, peoia izateari utzi eta gizaki izaten hasi zen. Hauxe da, beharbada, Castleren pentsamenduaren alderdirik "heroikoena": beste pertsona batenganako maitasunagatik prest zegoen traidoretzat hartua izateko ere. Castlek gizakiengan sinesten du, eta ez doktrina politiko batean edo erlijio jakin batean.
Berkhamsted, Greeneren jaioterria
Castle Berkhamsted-en bizi izan zen bere familiarekin; herri huraxe izan zen, hain zuzen ere, Greeneren jaioterria eta hantxe eman zituen bere lehendabiziko urteak. Haren aita bertako ikastetxe bateko zuzendaria zen. Haren familia ugaria eta ezaguna ere Berkhamsted-en bizi izan zen. Herri-lurra idazlearen haurtzaroari eta nerabezaroari estu-estu lotuta dago, non, Berkhamsted-etik hurbil egonda, Greene mutikotan saiatzen baitzen bizitzatik ihes egiten, batzuetan ezin aspergarriago iruditzen zitzaiolako. Beste batzuetan, berriz, erruleta errusiarrari lotzen zitzaion ingurune zabal eta bakarti hartan, bere lehenengo maitasun-desengainuaren ondoren, etsipenagatik baino gehiago zerbait berria eta kilikagarria egiteagatik egunez egunekoaren asperdurari kito egiteko. Begi-bistakoa da onik atera zela jarduera arriskutsu haietatik; azkenean, egia esanda, zirrara baino gehiago beldurra sortarazten zioten. Harrezkero, Greenek bide lasaiagoak aukeratu zituen asperdurari aurre egiteko, hala nola, bidaiak egitea eta idaztea. Asperdurak, hala ere, beti arrisku handia ekarri zion haren oreka psikologikoari. Ingurune hura, beraz, oso hurbila zuen Greenek, bere bizipenik barnekoenen lekuko isila izan zelako. Gauzak horrela, ez da batere harritzekoa idazle ingeles horrek toki hura aukeratu izana eleberriaren zenbait pasarteren kokagunea izateko: Castlek hantxe uzten ditu mezu sekretuak; bere semearekin eta Davisekin handik zehar eskutaketan jolas egiten du; inguru hartan ibilaldiak ere egiten ditu bere txakurrarekin... Herri-lurrak Castleri ere bere sekretuak zaintzen dizkio.
Barne borroka
Erlijioaren ikuspegitik nabarmentzekoa da Greene eta Castle bat zetozela, biak ere eszeptikoak zirelako. Castlek bere ateismoaren aurrean etsi egiten du, Jainkoarengan sinetsi nahi izango zukeelako. "Beharbada, erdi fededuna izateko jaio nintzen", adierazten du "Giza Faktorea" liburuaren pasarte batean. Esaldi horrek oso-osorik jasotzen du, laburbilduta jaso ere, Greeneren ikuspegia; ez du esan nahi, ezta antzik ere, erlijioa erabat baztertuta eta ahaztuta zeukanik, baizik eta egunero borrokan ari zela sinesteko, horretarako, berak irentsi ezin zituen dogmei aurre egin behar bazien ere. Aipagarria da Greene katoliko bihurtu zela emakume katoliko batekin ezkontzeko; ez zituen, hala ere, katolizismoaren arau guztiak inoiz bere egin. Bere nortasun kritikoa zela medio, Greenek ezin izan zituen dogma batzuk onartu, aurretik sakonki aztertu arren. Leopoldo Duranek idatzitako "Graham Greene, amigo y hermano" liburuan aipatzen denez, "Graham Greeneren fedea borrokalaria zen, Miguel de Unamunorena bezala. Fede hark ez zien ez bati ez besteari bakerik ematen. Bien iritziz, benetako bizitza borroka da, hilzoria". Greeneren esanetan, "fedearen eta sinesmenaren artean bereizi beharra dago. Nik fedea dut, baina gero eta gutxiago sinesten dut Jainkoarengan. Horregatik, erabat ziur nago nire sinesmenik eza zeharo okerra dela; halakoxea dut fedea". "Ez dut sinesten nire sinesgabezian". Leopoldo Duranen iritziz, ezin da azken hau baino esaldi zehatzagorik aurkitu, Graham Greeneren fedea definitzeko, haren barne bizitza deskribatzeko. Apaizek, bestalde, berebiziko xarma zuten Graham Greeneren begien aurrean. Bere lehenengo autobiografian aitortu zuenez, behin, ezkondu aurretik, apaiz sartzeko gogoa piztu zitzaion, dudarik gabe, konbertsio berriak eraginda. Haren liburuetan apaiz ugari azaltzen dira pertsonaia nagusien eta bigarren mailako pertsonaien papera jokatuz. Fede eta teologi arazoak haren gogoan sarritan sortzen zirenez, Greenek apaiz bat behar zuen, apaiz lagun bat, edozein momentutan harekin hitz egiteko prest egongo zena. "Giza faktorea" liburuan ere apaizen batzuk txertatu ditu Graham Greenek kontakizunaren zurrunbiloan; Castlek onartzen du Afrikan teologi araurik zentzugabeenak irensteko zorian izan zela bi apaizen lanari esker: "Zuk badakizu ni ez naizela inoiz fededuna izan. Eskolako kaperan abandonatu nuen Jainkoa. Baina Afrikan ezagutu nituen apaiz batzuei esker fedea berreskuratu nuen... lipar batez eta kopa batek lagunduta, besterik ez bazen ere. Apaiz guztiak horrelakoak izan balira eta ni dezentetan berekin izan banintz, beharbada Berpizkundea, Sorkunde Garbia, Lazaro eta gainerako guztia irentsiko nuen".
Greeneren ikuspegi kritikoa
Liburu honetan Greenek zalantzan jartzen ditu "traizioa" eta "abertzaletasuna" bezalako hitzen egokitasuna; izan ere, haren ustez, gauzek ez dute zertan izan diruditen bezalakoak, erabilitako ikuspegiaren araberakoak direlako. Greeneren aburuz, gizakion erreakzioak sakonki aztertu behar dira, ezin baita inoren jokabidea besterik gabe arbuiatu. "Traizioa", "abertzaletasuna" eta tankera horretako hitzak arriskutsuak dira, lehenbizi, oso manipulagarriak direlako, eta bigarrenik, gizakiok bortizki jokatzera bultza gaitzaketelako. "Giza faktorea" liburuan idazleak heroi abertzale-espioi-britainiarra multzoari loturiko topikoak alde batera uzten ditu, bere kasa pentsatzeko ahalmenik ere ez daukan estereotipo horren aurretik gizakia jartzen duelako: gizakien barne-muinetan miatzea erabakitzen du Greenek, gizakiok ere beldur eta zalantzengatik erabat libre ez gaudela onartzeagatik ere. Horrela, askoz ere ikuspegi objetiboagoa, errealistagoa eta, aldi berean, hunkigarriagoa eskaintzen du zerbitzu sekretuei buruz: bertan lanean ari direnak euren lanaren gatibu dira, eta gainera, filmerik eta eleberririk gehienetan ez bezala, haien bizitzak ez dira inola ere erakargarriak. Greenek oso sinesmen zalantzagarrietan finkatutako mundu bat aurkezten du non gizon baten zorigaitzak agerian uzten baititu jende orok onartutako oinarri politiko-sozial-erlijioso baten gabeziak. Egitura horren barrenean, gizakia betidanik bigarren mailan egon da, bere herriarekiko edo jainkoarekiko menpetasunak harrapaturik.
"Giza faktorea" liburuan, nire iritziz, Greenek, Castle bitarteko duela, gizakiari bere protagonismoa eman behar zaiola aldarrikatzen du, eta hori lortzekotan gizakiak bere buruari ezarritako menpetasuna gainetik kendu behar duela. Borroka latz horretan, maite dituen ia gauza guztiek pixkanaka-pixkanaka eskuetatik ihes egingo diote Castleri, eta geratzen zitzaion gauza bakarra ere galtzeko zorian izango da: itxaropena.
Kazetaritza eta porrot egiteko beldurra
Estiloari dagokionez, erraz eta zehatz idaztea zuen helburu Graham Greenek. Soberako hitz guztiak ezabatu egingo ditu. "The Times" egunkarian ikasi zuena oso baliagarri izango zaio aurrerago: bere literatur sorkuntzan erabiliko du. Greenek narrazioa ahal denik gehien trinkotzen du, baina hori bai, testuaren xedea zapuztu gabe. Prestakuntza non hartu zuen kontuan izanda, espero izatekoa zen, noski, idazle hark oso estilo loratua ez izatea.
Greenek bere lehendabiziko autobiografian, "A sort of life" izenekoan, argi adierazten duenez, "ez zait bururatzen egunkari dezente kontserbatzaile bateko zuzendariordea zenbait urtez izatea baino karrera hoberik eleberrigile batentzat. Arratsaldeko lauretatik gauerdi aldera arte aritzen da bulegoan, horixe du lanaldia. Gaueko atsedenak indarberriturik, goizak sorkuntzan ematen ditu. Bulegoko jendea atsegina eta argia izaten da eta eleberrigileak baino esperientzia handiagoa izaten du: ez dago gela txiki batean bakarrik, adierazpen-arazoak atsekabeturik; bulego-orduetan ere astirik izaten du liburuetarako eta elkarrizketarako (gutako gehienek liburu bana eraman ohi genuen lanera, tarteka-marteka irakurtzeko), bulegoan gelditu ere egin gabe ematen dituzten egun bakanetan salbu. Lana ere ez da aspergarria. "Scrabble" jokoan bezala, letra berberak erabiliz hitz ezberdinak osatzen dira atergabe; lanaldia hasteko orduan, inork ez daki arratsaldeak zer emango duen".
Graham Greeneren esanetan, "zirrara egoera bat da, gertakari isolatu bat, pentsamendutik, metaforatik eta konparazioetatik bereizi beharrekoa. Konparazioa hausnarketa-mota bat da; zirrara, berriz, hausnartzeko astirik ez dagoenean gertatzen da. Ekintza adierazteko, aditz bat, subjektu bat eta objektu bat erabil daitezke, eta beharbada erritmo bat ere bai, baina ezer gehiagorik ez. Hitzek idazlearen barnean sortutako plazerra mezuaren beraren gardentasunaren aurretik jartzeak ondorio txarrak ekar ditzake, eta hori dela-eta idazlea gehiegikerietara lerra daiteke". "The man within" liburuari esker idazle ingelesaren entzuna dezente zabaldu zen, baina ondorengo liburuekin izandako porrotak txertoa eman zion gehiegikeria horien kontra. Bere hamargarren eleberria, "The power and the glory", oso arrakastatsua gertatu zen, baina ordurako, porrot egiteko beldurrak sustrai sendoak ezarriak zituen haren baitan eta pentsamolde hori beti lagun izango du. Ez da batere harritzekoa, beraz, Greenek uste izatea eramangarriagoa zela bere liburu batek arrakasta izango zuen ala ez jakin gabe bizitzea porrota ziurra zela jakitea baino.
Literaturgintzaren arloan egindako lan ikaragarria eta uneoro idazkuntzan erakutsitako ahalmen paregabea saritu nahirik, bere herrialdean, Ingalaterran, "Companion of Honour" izendatu zuten 1966an, eta geroago, 1986an, "Order of Merit" delakoa eman zioten. Harrigarria izan arren, ez zuen inoiz Literaturako Nobel Saria jasotzeko ohorea izan: kritikari eta literaturzale guztien aldarrikapenei entzungor egin zieten, jende guztiaren iritziz, Graham Greenek horretarako behar beste merezimendu eta gehiago eginak baitzituen.