Eguneroko
Pasadizoa
Etxeko terrazan dabil ZZZZZZZ soinuari erreparatu dionean. Maindireak alde batera utzita, bere begiak saiatu dira soinuaren jatorria agerian uzten; orduantxe, amaraunarekin topo egin du, horra hor, soinuaren sorburua. Hortxe daude, biak, sarean: armiarma eta eulia. Biak eme, biak beltz, biak intsektu; natura bereko arimak, kate bereko aleak. Bat hegalaria, bestea ez. Eta borrokan ari dira, maila desberdineko borroka izan arren; armiarmak egoera horren kontrola mantentzen duen bitartean, eulia irauteko borrokan dabil, sutsu, baina alferrik, dagoeneko galtzailearen bidea hartu du eta. Bista saretik aldenduz, lanari ekin dio berriro; segundo batzuetako kontua baino ez, eta isiltasuna, ez dago ezer: bere begiek ez dute lortuko bikote beltzaren arrastorik bilatzea. Desorekak ez du utzi borrokaren zantzurik, anonimotasun galduan, begi pare baten testigantzarako. |