Solas eta jolas

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
zubizarreta1.gif

 

SUGUS

Sugusak beti sugus. Betidanik gainera. Txiki-txikitatik izan dira nire bizio, nire gozagarri, aringarri. Gainontzeko dena zaplazteko denean, hor izaten dira sugusak, laztan leunak. Sugusak beti sugus. Errua ordea, errua urre bilakatzen da. Harrigarria, baina halaxe. Dena zure errua dela esaten dutenean, dena oker dagoenean, hor dago atea zabalik, bestalderako zubia. Bitartean, ordea, sugusak. Ondoren ere bai. Besterik ez agian. Hemen edo han, sugusak beti sugus.

Eguna goizean goiz hasten nuen garai haietan ere, lan egiten nuen egun haietan, bakarren bat eramaten nuen patrikan. Plazebo dosi txiki bat. Etxerakoan, autobusean jaten nuen ia beti. Horia, laranja edo urdinen bat, eguneroko grisa kolorez jantzi nahian. Gainontzekoan egunak zuri beltzekoak ziren. Bata bestearen gainean pilatzen ziren, inolako zentzurik gabe. Bat gehiago edo gutxiago, lehena edo azkena, denak berdinak. Sekulako piloa, sekulako zama. Ordu bakoitza, egun bakoitza, tona bat gehiago zen. Gauak berriz amesgaizto ziren. Bitartean nora joanik gabe, inora joan nahi gabe nenbilen. Ez nuen artean irtenbidea ikusi.

Sasoi hartan ezerezetik gertu nenbilen, denboraren zamak ia estalita, ilunpean. Eta argia piztu zen, matraileko bat emanez errutinari. Etxerako bidean, autobusean sugus urdin bat jaten ari nintzela hasi zen dena. Urdina zen bai, nire guskoena. Sugusak beti sugus. Txikitako garaiez oroitu nintzen, amaren faltaz eta aitaren gerrikoaz. Nire errua zela eta gerrikoa. Eta nola amamak negarrez ikusten ninduenean sugus bat ematen zidan. Bai, hori dena gogoratu nuen, beste askotan bezala. Baina oroipen berri bat segidan, itsutasunean kandela piztu bat. Ez negarrik egiteko eta ispiluan begiratzeko. Ispiluari so jarri, leihotik begira bezala, eta bestaldean ez zela arazorik, irriak irri zirela, errua urre bilakatzen zela eta sugusak sugus zirela. Sugusak beti sugus. Eta hala suertatu zela, ez zela nire errua ez inorena. Niri bizitza emateko berea galdu zuela. Baina ama ere ama zela bestaldean. Eta beste sugus bat.

Eta musu bat. Amamaren ahotsa zen. Berak ere zerbaiten falta, norbaiten falta eta agian gerrikoa ere ezagutuko zituen. Agian. Baina sugusak beti sugus.

 
«Orain, ordea,
ez dut bestaldean
itxaropenik.
Ez bestaldean ez inon.
Kaiola simetriko berean nago.
Sugusak bakarrik
geratzen zaizkit.
Sugusak beti sugus»
Hurrengo egunean bertan erosi nuen ispilu handi bat. Bi metro luze eta metro erdi pasatxo zabal, egurrezko marko eta guzti. Egongelako paretan zintzilikatu nuen, bigarren ate bat. Egunero egoten nintzen begira, minutuak, orduak. Lanetik etorri eta ispilu aurrera. Bertan ahazten nituen eguneroko akatsak, builak, nire errua zela eta kito horiek eta gaueko amesgaiztoak. Bazirudien bestaldean dena desberdina zela. Erlojuaren orratzak ere kontrako aldera, pentsa! Ordura arte zama ziren tak-tik horiek aringarri behar zuten izan bestaldean. Area grabitateari gailenduz. Eta amamak zioen bezala, noski, amama beti amama, irriak irri eta sugusak sugus bezala, errua urre zen han. Erlojuari begira, haren islari begira egotea gustatzen zitzaidan, obsesio palindromikoa, leku guztietara berandu iristeko edo ez iristeko. Baina ez nuen inora joan nahi. Sugusak betisugus. Ez alde hartako inora behintzat. Nahiago nuen erlojuaren islari begira egon, denbora galdua irabazten bezala. Sugusak jaten nituen, baina ez jada autobusean, ez bainintzen etxetik irteten, ez bainuen paretan zintzilikatu nuena beste aterik ikusten. Sugusak beti sugus. Sugusen paperak ispiluan irakurtzen nituen, sugus zirela baiezta tuz. Eta ama ama eta irriak irri eta errua urre. Joko berriak asmatzen nituen: inoren ero ni eta nik enara neraman amaren aranekin bezalakoak. Arkatza eta papera hartu eta frogatzen nuen behin eta berriz ama ama zela eta irria irri eta errua urre eta beste hainbat hitz joko. Azkenean berdin idazten nuela eskuinetik ezkerrera zein ezkerretik eskuinera ohartu nintzen. «Erru» idazten nuen orritxo batzuetan, islan urre bilakatu zirela ikusi eta patrikan sartzen nituen. Patrika bete-betea nuen. Jada ez nintzen lanera joaten. Han nire errua izaten zen dena, txikitan bezala, dena gaizki egiten nuen. Sendabidea banuen, ordea, ispilua nuenetik. Paretan zabalduta ate bat, beste norabait, pitzadura bat elur izoztuan. Goizean jaikitzeko arrazoi bat bihurtu zen, sugusez gain beste bat, paradisu bat. Loa ere gozoagoa zen bolada hartan. Han begiratuta zamak arintzen ziren. Irtenbide bat zen, bakarra. Lekuz kanpo egongo ez nintzen mun-du bat ikusten nuen ispiluan. Neure islari begira egoten nintzen: erlojua kontrako eskuan ikusiz, orratzak denbora oparituz.
 
Pareko bikiari eskua ematen nion, hark ere nola eskua gerturatzen zuen ikusiz. Irri egiten nion, hark ere nola irri egiten zuen ikusi. Irriak beti irri. Eta nik zerbait esatean hark ere bai, eta kontrako aldera esaten nion eta hark ulertu. Idatzi ere egiten nion, eta hark kontrako aldera nola idatzi zuen gauza bera erakusten zidan. Eta halako batean etortzeko egin nion eskuaz eta hark ere berdin erantzun. Orduantxe egin nion buruaz keinu, baietz, hara joan nahi nuela. Berak ere baiezkoa eman zuen une berean. Hura zen zirrara! Sekula aurkitu nuen irtenbide bakarra zeharkatzera nindoan, kaiola utzi eta bizitzen hastera, nire lekuan, merezi nuen lekuan. Biok batera hasi ginen ispilurantz, geldo, beldurrez bezala. Esku bat lehenik eta ispilua biguna zen, ur jauzi bat bezala. Hanka bat ondoren, bikiak eta biok batera eta saltotxo bat. Zera bat sentitu nuen, kilimak edo sabelean, dutxatik irten berri bezala baina lehor eta bestaldean jada.

Ordutik hemen nago erlojuaren tik-tak soinu berrira eta bihotza ezkerraldean izatera ohituta. Patrika gainera urrez beteta. Beste aldean nintzela, hemen primeran izango nintzela uste nuen. Baina urrea gutxitzen doa, ordea, eta amesgaiztoak itzuli dira. Ispiluko bikiari ere nabari diot desilusio bera aurpegian. Amildegi ertzeko egunetan bezala, loari beldur diot berriz, han agertzen baitzait aita, gerrikoa, «hire errua duk» eta labankadak; labankadak eta odola aitaren oihuak esnarazten nauten arte. Orain, ordea, ez dut bestaldean itxaropenik. Ez bestaldean ez inon. Kaiola simetriko berean nago. Sugusak bakarrik geratzen
zaizkit. Sugusak beti sugus.

Joseba Zubizarreta Urbizu

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago