
Soka bat, pioletaren burua eta kondairaren lehen urratsak
Mendiak badu zera zeremoniatsu bat, munduaren izatearen testigantza ukaezina bermatzen den behin betiko bake egoera bezalakoa. Altimetroaren arabera, zazpi mila eta zortziehun metrora nago, Himalaiaren erdi-erdian. Paraje ikaragarria da. Bertan jaiotakoa izan arren, handitasun neurrigabearen aurrean, armagabetu egiten nauen hozkirri mingotsak zeharkatzen nau ezinbestean. Bertan geratu nahi nuke, besterik ez.
Burua altxatzen dut eguzkiaren epeltasunaren bila, baina, tamalez, bakarrik utzi nau. Argi izpi indartsuek itsutzea saihesteko betaurrekoen urdintasunak natura gezurti bat erakusten dit; hala eta guztiz ere, bere edertasun itzelak arnasa itotzen du. Tontorra ere zoragarria da, bere horretan. Egia esan, maitasun itsu batetik aztertuta, seme-alabekiko duzun maitasunaren antzeko zera bat aurkitzen dut. Ezin aukeratu, denak maite ditut berdin, bakoitza bere berezitasunekin. Arrazionalki aztertuta ere, mendi orok du bere zailtasuna, bere alde ona eta txarra, beregana hurbiltzeko modu desberdinak eta estrategia berriak bilatzera bultzatzen zaituen erronka. Edonondik ikusita ere, gordintasun bortitz bat eragiten dizu mendiak.
«Agian bada zerbait mendi gailurrez pixka bat harago, nirekin etor zaitez»; erregu-kantuan aritu zitzaidan Aitor. Tibetarrok ez dugu mendebaldetik etorri ohi den alpinista horien mendi goserik, alderantziz, ez dugu bertara igotzeko grinarik horiek miresteko eta zor zaien errespetua gordetzeko. Naturaren parte izaki, eskuetan jolasean darabilgun harri koxkorrari bezainbesteko lilura erakusten diogu. «Azal zurbilekoek nekez ulertzen duzue hori», esan ohi nion maiz.
Dirua lortu zuen, bere herriko telebista ere erreportaje bat egiteko nahastu eta egin zidan lehenengo deiaz geroztik, aste pare batean Katmanduko aireportuan nengoen bere zain. Oraindik bere zain nagoela esango nuke, berrogei metro inguruko ertz hauskorraren azken tartea gainditzear nagoela, ez diot amaiera biderik sumatzen ordea.
«Ostia!».
Nekatuta nago.
Kontrahorma arrokatsu ikaragarri baten bidezidorra dut begi bistan. Kontzentrazioa galarazten dit, urduritasun puntu bat gorpuzteraino. «Tira, Dawa, hasi oinez, hartu bidexka hori eta ertz madarikatua gainditu ezak. Utzi ezbaiak gerorako». Aitorrek walkie-a hartu eta kanpamentu nagusiarekin hitz egingo zukeen. Horrek lasaitu egiten zuen. Bazekien, ondo jakin ere, bere kideek ezingo zuketela ezer egin, baina hitz pare bat gurutzatzeak, euren ahotsa entzute soilak, bakea ematen zion. Adorea punttu bat ernarazi.
Mantra errezitatzeari ekin diot. Aitagandik ikasi nuen, hark horrelaxe gure arbasoengandik jasota. Izatez, Urretxuko Lehoinabarrak gure arbasoari japamala motzaren arrosario-bihiak -bederatzikoa- bere tokitik atera eta eskularruko hatz zuloen hondoan kokatzeko proposatu zion. Hatz puntekin bihiak ukitzearekin batera «Om mani padme hum, Om mani padme hum», abesten dut gure arbasoak gogora ekarriz.
Lanean jarri naiz mekanikoki. Pauso bat, hemen, kilometro bat korrika baino latzagoa da. Belaun izoztua tolestu eta bota elurretatik libratzea lortu dut, bigarrenarekin ez dut horrelako zorterik izan, ordea. Oina altxatu bai, baina kranpoiekin izotza jo dut eta ahuspez erortzera noa. «Om mani padme hum». Zangoa belaunetik gora hondoratuta dudanez, ez dut sudurrarekin elurra ukitu. Pioleta erabiltzen dut elurraren kontra zintzilik dudan gorputzari euste-puntu bat emateko. Indar gehiegi egin dut nonbait eta pioletaren burua kristalezko geruza zuriak irentsi du. «Om mani padme hum». Berna hezurra krak egitera doa.
«Ostia!».
Ez! Zanbuluka jo dudan zoruko izotza da kexu dena. Eskumuturrean lotua dudan pioletaren uhalari tira egin eta askatzea lortu dut, ez dator bakarrik, tanto horiak dituen soka beltza lodikote bat dakar berarekin. «Om mani padme hum». Gure aurretik beste sokada batek ertz arriskutsua igarotzeko kokatua, orain bizia salbatu dit, mendiaren mirariak.
Sokari jarraituz indarberritzen ari naiz, hotzak ere alde egin didala sumatzen dut. Aldartea goxatua, tontorrera so egin eta itxaropen hari batek bildu dit bihotza. Bertan da, joder. Hala ere, bizpahiru orduko lana aurreikusten dut. Gainditu berri dudan serac-ean jarri dut begia eta gogoa, han behean dago Aitorren gorpua, piltzar-piltzar egina, soka zartatu eta bostehun metro erori ostean. Ondo lo egin, lagun. Urretxuko Lehoinabarrak jaso zaitzala.
|
Idazleari buruz... Euskal Herriko eskola-ikastoletan irakasten ikasten, hiru alaben aita izaten ikasten, idazten ikasten. |


