Infinituan zehar, aroetan zehar, unibertsoen artean bidaiatzen duen esploratzailea naiz. Asperraldi eternalean murgilduta nenbilela, gutxien espero nuenean, sekula ikusi gabeko txokoa topatu nuen. Zenbatu ezin diren aro hauetan guztietan ezagutu dut lanpetutako arrazarik. Badakit gisa honetakoak agertu aurretiko aztarnak interpretatzen. Arreta handiz begiratu beharra dago, argia baino bizkorrago pizten baita txinparta. Gehienetan itzali ere bai, ordea. Planeta urdin honetan dena inolako oztoporik gabe aurrera zihoan, eta halako batean, ia konturatzerako, hantxe nuen gizakia.
Ni ere garai batean horrelakoxea izango nintzen. Baina gizakiak hain dira buruarin eta ikaratiak! Beti txunditu izan nau barnean daukaten indarrak, askotan borborka ihes egingo duela dirudien energia olde izugarri horrek. Bakar bat nahikoa da itxaropena sortzeko, baina nahiago dute oldean ezkutatu eta atzeraka, estropezu egin eta amildegian behera erori.
Galdetu izan diot neure buruari nolatan iritsi ote diren hain urrun. Lipar batean leize-zuloetatik espazio zabalera. Oraindik urrunago joan beharra daukate, ordea. Buru makur dabiltza, oinetara begira. Eta begiak altxatuz gero, parean pasatzen den lehenengo profetari saltzen diote euren arima. Beraiek eboluzioa deitzen diote, baina bere horretan gelditu da. Izaki patetiko miserablea. Ez besterik.
Batzuetan gogoratzen naiz gazte garaiaz, eta niretzat denboraren egunsentia bezain argi dagoena azaldu nahi nieke: egia barnean daramatela, eta hura besarkatzeak grazia salbatzaile baten gisa alda dezakeela patua. Borrokaldia gogorra eta luzea izan arren, bide horrek eramango ditu suntsipen ala salbamenera. Hala ere, izango al dute etorriko denari aurre egiteko beharrezkoa den gaia?
Aski lukete barnean so egitea. Bertan topatuko dute oinazetzen dituen gaitzaren sendagaia. Biderik latzena. Etengabeko froga kemenarentzat. Badator gizakiaren garaiaren amaiera. Aldaketa. Gizakiak behar duena. Onerako zein txarrerako.
Nik bila jarraituko dut.