Eta idatzi nahi dut hala ere!Sinetsi nahi dut gizonezkoak eta emakumezkoak berdinak garela, baina oraindik orain, ez dakit zer pentsatu. Aste egun buru zuria dugu gaur eta etxean nago, ez dut lantokira joan behar. Etxean egin dezaket gaur dagokidan lana.Eta haiek amaitutakoan idazteko denbora izango dut. Pozik nago, idatzi egin nahi baitut. Hiru orduz ipurdia aulkitik altxatu gabe eman ondoren, amaitu ditut lantokiko kontuak. Eta orain jabetu naiz etxeak inguratuta naukala. Kanpoan hego haizea dabilela sumatzen dut eta garbigailuan zabaldu zain dagoen arropa deika hasi zait; hego haizearekin berehalaxe lehortuko dela garrasika. Aulkitik jaiki eta arropa zintzilikatu dut eta bide batez garbitzeko zegoen beste arropa ere garbigailuan sartu. Programa laburra aukeratu eta martxan jarri dut. Idaztera eseri nahi dut, baina sukaldean nagonenez, bazkaria ere egin beharko dut ba! Atzo lekak eta oilaskoa egin nituen, herenegun dilistak… gaur pasta barazkiekin. Hogei minutuan bazkaria prest dago. Erabili ditudan ontziak garbitu eta lurra txukundu dut. Eta jakina, zoru garbigailua eskuetan nagoela komunari ere pasada emateko aprobetxatu dut. Hau da hau, begira nola dagoen ispilua, ur zipriztinez josia; zapia eta spraya hartu eta di da batean atera diot distira. Egongelara bidean haurren gela aurretik pasatu naiz, oihana ematen dute, arrastoak non nahi. Badakit nork bere gela jaso behar duela eta horixe esaten diet egunero. Eta egia esan, gelak jaso gabe agoantatzen dut gehienetan. Baina gaur, idazten hasteko, lasaitasuna behar dut eta gela horiek horrela egonda nekez lortuko dut. Tira, hamar minututan jasoko ditut, bistakoa behintzat. Baina gaurkoagatik bakarrik, e? Sukaldea, komuna eta gelak itxuroso geratu dira. Bueltatu naiz egongelara eta lurra nola dagoen ikusteak ez dizkit gauzak errazten. Total, hamar minututan pasatuko dut eta xurgagailua. Amaitu ondoren, tramankulua armairuan gorde eta errebisioa egin diot etxe osoari. Tira, ez dago gaizki, etxea txukun eta garbi. Heldu da neuretzat tartea. Eseri naiz aulkian lasai, inongo oztoporik ez begi aurrean eta riiing! Etxeko txirrina. Joan naiz atea zabaltzera eta alaba aurrez aurre! Dagoeneko eskolatik bueltan ala? Bazkaria berotu diot eta nahiz eta berak bakarrik baduen bazkaltzea, eguerdietan sekula elkarrekin egoten ez garenez, berarekin bazkaltzea erabaki dut. Pasta dastatu bitartean eguneko berri eman diogu elkarri, konplizitatea izan da bion artean aspaldiko partez. Mahaia jaso ondoren, idaztera joateko imintzioa egin dut eta alabak orduan ea kartetan egingo dugun. Ez dakit ba, idatzi egin nahi dut, baina zergatik ez? Pixka batean, alaba berriz ere eskolara bueltatu arte. Gustura aritu gara, elkarri ziria sartuz eta barrezka. Konturatzerako autobusa hartzeko ordua heldu zaio. Gero arte! Eta orduan eseri naiz paper zuriaren aurrean eta pentsatu dut; Gaur ez al dut alabarekin poesia idatzi? Eta bai, konbentzituta nago; emakumezkoak eta gizonezkoak ez gara berdinak oraindik orain. Gure heziketa bizkar gainean daramagu eta zail da etxea ez ikusten etxean gaudenean. Hobe bai morroia banu! Baina nik hala ere idatzi egin nahi dut.