Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
nola_igaro.gif  
Nola igaro egun bat ezer pentsatu 
gabe
Goizeko seietan esnatzen naiz egunero. Gogorra da, oso gogorra. Horregatik iratzargailu tradizionala izorratu zitzaidanean izorratu nuen nik bera. Irrati-iratzargailu horietako bat erosi nuen, errazago esnatuko nintzelakoan. Baina bost urte daramatzat eguraldi partearen aurretik botatzen duten kantua madarikatzen. Lau galleta triste kafesnetan bustiz gosaltzen dut. Bitartean, galleta-kaxako osagaien zerrenda irakurtzen dut. Beste batzuetan merkataritza-zentroen katalogoen arteko analisi konparatiboak egiten ditut. Egun batean, publizitatean bakarrik urtebetez kontsumitzen dudan paperaren pisua kalkulatuko dut.

Gosaldu ondoren, jantzi eta autobus-geltokira joaten naiz arrapaladan. Markesinako kristalaren beste aldetik perfume garesti bat eskaintzen duen neska ezpaingorria dut niri so. mar egunez behin aldatzen dituzte markesinetako publizitate-kartelak. Norbaitek, ordea, orri bat itsatsi dio bularretan. Pisu bat alokatu nahian dabilen norbait izango zen.

Azkenean, badator autobusa. CORTEFIEL, oso fidela ez bada ere. Larruzko jakadun modeloak barre egiten digu autobusaren alboko iragarkitik. Hotzik ez al du edukiko madarikatu horrek? Ez da ezer entzuten autobusean, alboko gizonaren eztulak izan ezik. Monotonia hausteko pantaila batzuk jarri dituzte, turistei hiria promozionatzeko. Niri goardiako farmaziak non dauden jakiteko bakarrik interesatzen zaizkit, asko begiratuz gero mareatu egiten bainaiz.

Heldu naiz lanera, azkenean. Lanean, fax, telefono eta inprimagailuen hotsa ez entzuteko, irratia pizten nuen, lehen. Orain, galarazita dago. Jendaurreko zerbitzua hobetzeko eta giro egokia eratzeko hari musikala jarri ziguten duela hogei egun: etengabe errepikatzen diren lau kantu zozo. Gainera, kalitate maila handitzeko protokolo bat jarri digute: arauak koadro batean sartuta dauzkagu urrezko letra handiz bulegoaren erdian... baina mikrouhin-labea konpontzeaz ez da inor arduratzen... gaur ere alboko tabernan bazkaldu beharko dut, ekarritako makarroiak ezin ditut berotu eta.

Bostetan irteten naiz lanetik, eta etxeko atarira heltzen naizenean, buzoiak publizitatea jaurtitzen dit. Publikatarata dirudi. Zakarrontzira doa dena.

Afaldu aurretik: bat, erosketa batzuk egin behar ditut alboko supermerkatuan; bi, biharko bazkaria prestatu behar dut; hiru, laneko pare bat gauza berrikusi behar ditut. Banoa korrika supermerkatura. Hemen ere laneko musika bera jartzen dute. Supermerkatuek deprimitu egiten naute; ez dakit jendeak nola ligatzen duen hemen. Debekatuta egon beharko luke argi fluoreszenteen azpian maitemintzea. Gainera, ordaintzerakoan fideltasun-txartela eskatzen dizute! Nik ezetz, dirukontutan ez naizela fidela erantzun diot dendariari. Irteterakoan, atean neska batek geldiarazi nau eta orri bat luzatu dit sinatzeko. Nik ezetz. Lana eskatu dit. Nik ezetz. Dirua eskatu dit, nire borondate onagatik. Nik goizeko seietan esnatzen direnek borondaterik ez dutela erantzun diot, baina azkenean dirua eman diot, nire kontzientziaren lasaitasuna dudan jarriz.

Ez dut gogoko erositako jana poltsetatik atera eta jasotzea. Baina oraindik armairura bakarrik joaten diren produktuak asmatu ez dituztenez, bada... Gauza gehiegi erosi ditudala jabetu naiz, ordea, eta behar ez nituenak, gainera. Plastikozko poltsak goiko armairuan gordeko ditut. Atea irekitzean, ordea, aurretik barruan zeuden guztiak erori zaizkit gainera. Azkenean, zakarrontzira botako ditut guztiak.

Biharko bazkaria prestatzen hasiko naiz. Beratzen zeuden garbantzuak eltzean egosten diren bitartean, lanetik ekarritako orri horiek ikusi behar ditudala otu zait. Eta honetan ari naizela telefonoak jo du. Lagunen bat izango da; baina, ez, telefonia-konpainia bertatik deitzen didate, ea Internetik dudan galdetuz. Nik, ezetz. Ea posta elektronikorik.

Nik ezetz. Ea tarifa planorik. Nik planoa dudan bakarra pazientzia dela diot. Haserretu egin zait. Azkenean, garbantzuak erreko zaizkidala eta, moztu egin diot. Momentu horretan bertan ateko txirrinak jo du. Ama izango da. Baina bi emakume txiki agertu zaizkit atean ea hiltzen garenean nora joaten garen galdetuz. «Garbantzuak» oihukatu dut. Haiek «Bakea munduan». Nik «Garbantzuak» eta atea itxi diet. Ate azpitik sartu didate Jesusen bihotza. Sakelakoak jo du oraingoan; berriz ere, publimovimegaestar... laneko orriak sukaldeko mahaitik erori zaizkidala
ohartu naiz azkenik...

Hortzak garbitu eta ohera noa lehenbailehen, bihar seietan esnatu behar dut eta. Eta ohe-ertzean eseri naizenean nabaritu dut isiltasuna lehenengo aldiz neure alboan. Eta eguneko unerik onena hau dela otu zait. Zenbat denbora nire baitan murgildu gabe! Zenbat denbora ez dudala idazten!

Intimitate-eskubidea omen dugu, baina aspaldian galdu zuen hark bere esanahia. Kartoizko kaxa handi bat bezala imajinatzen dut, baina barnetik hutsa. Eta gaurko eguna zer izan den pentsatzen dut, non galdu dudan nire intimitatea, neure etxean ere ez bainaute errespetatzen. Teknologia-aurrerakuntzek norberaren esparrua babestu ordez, berau urratzeko bide gehiago ireki ez ote dituzten iruditzen zait. Leihotik begiratu eta zeruan ilargia ikusi dut:

«Ai, Ilargia, egun batez zuri begiratu eta neoizko Coca Colaren txapa handi bat topatuko dut piztuta!»

Eta sakelakoak jo du...

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago