Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
be10_11_1    
   
pdf    

hondar-aleak paperean nola...

Zarrastatu dut puska bat paper zuri. Marraztu dut zentimetro baten luzera duen marratxoa errotuladorez, urdin eta mehe, zuzen eta horizontal, odaiertza eredu. Eskuinetik ezkerrera egin dut, ohi dudan bezala. Egiaztatu dut nire zentimetroak, kontrako norantzan egina izanagatik ere, zentimetro bat neurtzen duela. Lurperatu dut hatz erakuslea hondarrean eta, behin jasota, astintzen hasi naiz itsatsi zaizkidan hondar-aleak. Euria ari du paper zuriaren gainean.

 

Haizatu ditut marratik kanpo erori direnak. Lerratu ditut tinta urdinaren gainekoak, arreta handiz lerratu ere. Ez dira nahikoak marra estaltzeko. Zenbatu egin ditut banan bana: bost.

 

Bost hondar-ale zentimetroko, hamasei zentimetro lerroko, hogeita bost lerro orrialdeko, hamahiru bat orrialde... hogeita sei mila hondar-ale inguru, itsasoak gazitu eta eguzkiak gozatuko dituen hogeita sei mila karaktere.

HATZ-MARKAK

Obsesio gaixoberaz ari natzaie ahurrei begira, ezkerrekoa omen da patuaren iragarle. Iragarle bezala, lehenaren arrasto eta orainaren lekuko; horrela diote eskuetako lerroak irakurtzen dituztenek. Bizitzarena sakona eta luzea, buruarena tolesgabea, bihotzarena azalekoa eta hauskorra, zortearena... zortea eskuan betikotzen duen lerrorik dagoela sinestea ere... Dena omen dago hemen; interpretatzen jakin behar, nonbait. Zertarako ekarri gogora lehena? Nork dauka nire orainaren berri zintzoagoa nik neuk baino? Eta geroa? Geroa aurreratu nahi duenak zantzu onak hartzen dizkiolako izango da... eta ez da kasua.

 

Txikitan zalantza egiten nuen azazkalak beltz izate hori ez ote zen jaiotzetiko berezitasuna izango, nolabaiteko malformazioa, neure neurea, beste batzuek bost hatz izan beharrean lau edo sei dauzkaten bezala. Oraintxe igurtzika arituko balitzait bezala gogoratzen ditut espartzu haren atzera-aurreak, etengabeak bezain alferrikakoak, azala erre eta eskuak erabat minduta utzi artekoak, azazkaletan lehenengo eta hatz-mamietan gero. Belaunikatuta lurra marruskatzen aritzen ginen zizare bila, lodiena edo luzeena nork harrapatuko, uste baikenuen amua irensten zuenak amuan iltzatutakoaren proportzioan izango zuela tamaina. Arrantza saioek gure hipotesia baliogabetzen zuten arren, geureari eusten genion, harik eta denborarekin eskarmentuari uko egitea debaldekoa zela eta errealitatea nahiari gailentzen zitzaiola ikasi genuen arte. Lurra azazkaletatik erortzearekin batera lausotu ziren ilusioak, tamalez, ez bakarrik arrantzari erantsitakoak.

 

Beti esanekoa ni, amaren aholkuari jarraitzen nion: “hori ez da kuxidadea, patriketan sartu itzak sikiera!”. Umetan hartu nuen eskuak patriketan gordetzeko ohitura, nire gorputzaren akats hura ezkutatzekoa, beste batzuek horzdura okerra ez erakusteko irribarrea galdu, edo belarriak atereak dauzkatenek ile luzea modako jartzen duten eran. Lurraren partez, institutu garaian, joerako ziren zamarra berde ilun haien patriketako barruko oihal zakarraren harizpiek belzten zituzten nire azazkalak, tabako merkeak hatzetako mamiak horitzen zituen bitartean. Atzenduta neuzkan kontu hauek guztiak, erabat.

 

Urteak aurrera, lantegiko koipeek hartu zieten erreleboa garai bateko lurrari eta ondorengo oihal izpiei; azazkalen beltzari ahurren azal gogortuak gehitu zitzaizkion. Orduan ohartu nintzen eskuen itxuraren esanahiaz eta orduan erabaki nuen beti agerian eramatea, harro eta duin aldarrikatzen zutelako fabrikako langile nintzela.

 

Dagoeneko zortzi hilabete lantegia itxi zela, eskuak eta bizitza antzaldatzeko adina denbora. Obsesio gaixoberaz ari natzaie ahurrei begira poz-penarik gabe: ez koipeen beltzik, ez azal gogorturik... Bizitzaren lerroa, sakona? luzea? Hatz-markak ere kendu nahi izan dizkigute, ez baikara existitzen, ez baikara inor. Ezabatu gaituzte baita langabetuen erroldatik ere. Gizartearen linboan nago beste 7.499 langilerekin batera.

Estatistikatik kanpo zeuden 7.500 langabe gehitu ditu orain Lanbidek
BERRIA, 2011.03.31

KIROLA, ARMARIK GABEKO GERRA

Esan ohi da kirolak, oro har, kulturen arteko zubi-lana egiteko ahalmena duela. Bestera interpretatzen zuen futbola George Orwell-ek Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan antolatu ziren nazioarteko partidak gogora ekarrita: “futbola guztiak zauritzen dituen kirola da; nazio bakoitzak bere jokatzeko erari eusten dio, beste nazioarentzat arras desegokia izanagatik ere”.

 

Ezaguna da Europa gerraren hondakinen artean berpizteko ahaleginetan zebilenean Moskuko Dynamo futbol taldeak Ingalaterra, Eskozia eta Gales bisitatu zituela. Lau partida jokatu zituen, bi irabazi eta bi berdindu; garaipenen funtsa estrategia-lanketa berritzaileetan, eta prestakuntza fisiko eta diziplina zorrotzetan omen zetzan. Politikari errusiarrek ezin hobeto probestu zuten ekitaldiek hedabideetan izan zuten oihartzuna adierazteko kirolean lortutakoa beraien nagusitasun ekonomiko eta politikoaren isla zela. Bai zelaian, bai zelaitik kanpo, kapitalismoa eta komunismoa arrez aurre. Artean Britainia eta Errusia aliatuak ziren eta Gerra Hotza hasi gabe bazegoen ere, ofizialki behintzat, askok diote futbolaren inguruan bildutakoek izandako hainbat eztabaidak Estatu Batuen eta Errusiaren arteko harremanen tira- birak sortu –areagotu– zituztela.Kirolaren aitzakian piztu omen zen gerora hain luze iraungo zuen bi indarren tentsioa.

 

Kirolak onerako ere eragin dezakeen ustean, edo besterik gabe, diru-iturria izan daitekeelako, akaso, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, besteak beste, ahalbideratu dute Top14 liga eta Heineken kopa frantsesen hainbat rugby partida Donostian izatea. Ohiko bihurtu da atzokoa bezalako estanpa koloretsua: Miarritze eta Baionako zaleen elastiko txuri-gorri edo txuri-urdin tropelka Anoetarako bidean, nork bere taldeari adore ematen. Hiriko espaloiak letra zuri-gorri-berdez Euskal Herria aldarrikatzen duten kapela zuri andanaz estalita, eta hormak bestaldetik etorritako 30.000 ikusleekin bat egiteko gonbitea egiten duten afixez josita.

 

Ez nintzatekeen afixa hauen eta Mugaldekoak filma iragartzen dutenen arteko antzaz jabetuko biak elkarren ondoan itsatsita, ausaz ziur asko, ikusi izan ez banitu. 40ko hamarkadan bezala 2011an ere irmo dirau Ipar eta Hego Euskal Herriko harremanak baldintzatzen dituen mugak. Zinema aretoetara hurbildu zenak aktoreak ikusiko zituen mugan barrena; estadiora hurbildu zenak, berriz, kirolari eta zaleak, mugan barrena hauek ere. Orwellek esanak esan, ongi etorriak izan daitezela rugby partidak, ongi etorriak armarik gabeko gerrak.

Miarritzerentzat Anoetako derbia
BERRIA, 2011.03.27

 

be10_11_2    

BARNE LURRIKARAK

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Urrun sentitzen dut Japonia. Penatzen nau azken egunotako ezbeharrak, baina urrun sentitzen dut. Eraikinak, itsasontziak, hondakinak eta gorpuzkiak irudietan nola, halaxe metatu eta nahasten zaizkit niri zifrak: lurrikarak 8.9 graduko intentsitatea, tsunamiak 500 km/orduko abiadura, 130/24 epizentroaren koordenadak kilometrotan, % 1.72 burtsaren jaitsiera, 200.000 milioi eurotik gorako galerak... Nireak egin nahiko nituzke nazioarteko politikarien elkartasun adierazpenak sinesgarriak direla pentsatu ahalko banu, hildakoen eta desagertutakoen kopuruak nola hazten diren honen hotz ikusteak eragiten didan asaldua baretzeko besterik ez bada ere. Ideia bakarra datorkit burura, dezimalek edo ehunekoek inoiz azaltzen asmatuko ez dutena: gizakiaren ahuldadea Naturaren indarraren aldean.

 

Bistan da Natura eta gizakiaren arteko aurrez aurrekoetan nor izaten den irabazle eta nor galtzaile. Nahiz eta askotan Lurraren gailendu nahi izate hori ulertezina egiten zaigun, gizakiok apal onartu behar izaten ditugu bere apetaldiak eta burumakur jasan eragindako sufrimendua, horrelakoetan ez baitakigu nor egin errundun. Guztiz bestela jokatzen dugu, ordea, parekotzat jotzen ditugunekin, gertu gertukoekin. Harremanen hondamendiaz ari naiz, bikotekideen arteko failaz, barneko lur- eta itsasikaraz.

 

Japonian bezala, nor bere baitan eskarmentua pilatzen eta baliabideak doitzen joaten den arren, alferrikakoak izaten dira babes neurri guztiak: beti harrapatzen gaitu ezustean, beti da desatsegin, beti mingarri. Jazoera jakin bat izaten da epizentroa, egutegian zein mapan zehaztasun osoz markatu dezakeguna, hori baino lehen izan ohi dira, ordea, oharkabean pasatzen utzi ditugun dardarak eta entzungor jaso ditugun alerta-abisuak. Beranduegi iristen dira maiz gehiegikerien aitormenak eta damuak; indarrak behin eztanda eginda, ondorioak geldi- eta menderaezinak izaten dira. Uhinak hedatu egiten dira, lurrikararen eragin-eremua zabaldu eta kalteak handitu. Ordura arte eraikitakoa desitxuratuta azaltzen da eta suntsiketa da nagusi.

 

Oraingoan ere Naturaren eskutik datorkigu irakaspena: hondamendiek errepideak eta burnibideak txikitzen dituzte, baina ez ibaiak; ibaiek, oztopoak gaindituz batzuetan eta saihestuz besteetan, bide berriak bilatu eta aurrera egiten dute.

 

Gomendioa. Aldian-aldian arakatu zure lehenean, behatu astinduak eta zenbatu, neurtu intentsitatea. Aztertu zure sismograma eta eraiki zure Richter eskala propioa. Beti ibaiak eredu.

Hondamendia Japonian
BERRIA, 2011.03.12

 

be10_11_3    

ELIZA ERAIKITZEN

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Askotan egotzi zaio eliza katolikoari garai eta egoera berriei egokitzen asmatu ez izana, saiatu ez izana zorrotzenek zehaztuko luketen moduan: emakumezkoen parte hartzearen muga estuak, homosexualitatearen aurkako jarrera nabaria, antisorgailuen erabilera murrizturako gomendioak... Hori guztia egia izan arren, noizbehinka begiak zabaldu eta aurrera begiratzen duela dirudi, Donostiako Loiola auzoan eraikitzen ari den Iesu eliza, exenplurako.

 

Iesu eliza Moneo arkitekto ospetsuaren lana da, batzuen iritziz proiektu abanguardista abanguardistarik bada; beste batzuenez, aitzitik, aurreko lanen baten errepikapen moldatua baino ez. Lehenengo begiratuan egitura poliedrikoak eta kolore zuriak ematen dute arreta, kristauen biziera zuzen, zuhur eta orbain gabearen isla, behar bada. Asimetria da nagusi eliza osatzen duten hiru elementuetan: behinena, tamainaz eta beteko duen funtzioaz, kubo forma duen tenplua da; bigarrenak, L itxura duen egiturak, bilduko ditu bulegoak, ekitaldi aretoa, bilera- gelak eta apaizen etxebizitzak; hirugarrenean egongo dira elizategirako sarrera eta barruko patioa. Berritzailea, zalantzarik gabe, bai formaz, bai emango zaion erabilera anitzez, aipatutakoei beste bat gehitu behar baitzaio: hipermerkatua sotoan.

 

Aurrekoa irakurrita, fedea gorabehera, erlijioaren berri izan dugunoi saihestezina zaigu Jesusek merkatariak tenplutik bota zitueneko Bibliaren pasartea gogoratzea: “Tepluan merkatariak aurkitu zituen idi, ardi eta usoak saltzen, eta diru-trukatzaileak ere bai, han eserita. Jesusek, lokarriz zartailu bat eginez, tenplutik kanpora bota zituen denak (...). Ez egin nire Aitaren etxea merkatu-etxe” (Jn 2,14-16).

 

Nekez onartuko zukeen Gipuzkoako Gotzaitegiak bere teilatupean sal-erosketetan aritzea, hitz sakratuaren irakurketa ortodoxoa egin izan balu. Iesuk badu, beraz, iraultzailetik pixka bat. Praktikotasunari heldu eta gizakion bitasuna hartu du aintzakotzat, alderdi espirituala eta alderdi materiala batera. Bien beharrei erantzungo dien irteera bilatu du: arima eta gorputza elikatuko dituzten eliza eta hipermerkatua, hurrenez hurren.

 

Bide horretatik jarraitzera animatuko nuke Munilla gotzaina, lehen aurrerapauso hau sendotze aldera, baita ideiaren bat eman ere. Tenplua alaitasun eta argitasunez betetzeko esango nioke, adibidez, beirateei etekina ateratzeko eta erabiltzeko aldian-aldiko eskaintzak iragartzeko. Beira koloretsuetan deigarriagoak izaten dira dos-por-unoak, eta merkeagoa ematen du kilo bat azukre erostean doako ogiak. Gehiegizko ausardia irudi badezake ere, azken aholku bat emango nioke kristauen artzainari, irakurtzea eta behin betikoz gogoan iltzatuta uztea Jesusek bi itsu sendatu zueneko pasartea: “Zer nahi duzue niregandik? Haiek erantzun: Begiak zabaltzea, Jauna! Jesusek, gupidaturik, begiak ukitu zizkien, eta une berean ikusmena etorri zitzaien berriro” (Mt 20, 32-34).

 

Ba hori... zabal ditzala begiak eta merkatu-etxe askotako komunetan bezala, han ere jar dezala preserbatibo-makina.

La parroquia del arquitecto Moneo y del obispo Munilla
DIARIO DE NAVARRA, 2010.07.20

 

be10_11_4    

TOUT EST BIEN

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Egoera zein den, horrela eusten diogu gaiari: umoretik batzuetan, haserretik bestetan, ironia ukituez edo kritika zorrotzez, zalantzati edo oldartsu. Tonua aldatzen joan daiteke testuan zehar, aldartea egunean zehar mudatzen joan dakigukeen bezalaxe.

 

Laneko kontuak zirela eta, haserre hasi nuen eguna. Langileen engaiamenduaz eta motibazioaz, talde lana bultzatu beharraz, kontzientzia hartzeaz, kalitateaz... arituko zitzaigun goiz osoa, nire ustetan eta gertatzen ei denez, horri guztiari buruz gutxien esaterik zuena. Eguna ilun esnatu bazen ere, inauteriak ziren... mozorro koloretsuak eta festa giroa. Biak uztartu nituen: kalitate sistemak eta inauteriak, haserrea eta umorea. Hau idatzi nuen 2011ko martxoaren 7an.

Kalitate-mozorroa modako

 

Ateari bultzaka baina sartu naiz nola edo hala. Orain hanka-puntetan ibili behar ezer ez zapaltzeko. Argi-giltza. Bai, etxeko ganbaran nago. Punky orrazkerarako spray berdea, pailazoaren ezkerreko zapatatzarra... ez. Lapurtu zidaten bizikletaren gurpil-puzgailua, eta ordenagailu zaharraren sagua, eta kanpineko sua, eta dozena erdi aulki tolesgarriak... ez. Marakak, zilar koloreko jaka, Pinotxoren sudurra, sorginaren erratza, kupoi-saltzailearen betaurrekoak... ez. Mandarin-txinatar txirikorda... nonbait hemen behar du! Hemen! Japoniar mototsa orratzak eta guzti, geisharen zetazko soinekoa eta gerriko zabala, aurpegiko hauts zuriak eta txapin loredunak. Ondo ematen dit japoniar jantziak. Nola ez? Ez dugu, bada, japoniarrak imitatzen astebete alferrik pasa!

Japoniar mozorrotu nahi gaituzte. Sukaldaritzan bezala, “japoniar erara” egin behar omen dugu lan. 5-S metodologia, Japonian 60ko hamarkadan Toyota enpresak sortua, EAEko sektore guztietako hainbat enpresatan eta erakunde publikotan ezarri den kalitate- sistema da. Japoniarrek esanda: beharrezkoa dena beharrezkoa ez denetik bereiztu eta alferrikakoa botatzea komeni da, baita beharrezkoa dena eskura edukitzea ere. Horiek bezalako bost arau logiko bezain sinple ditu oinarri. Hori bideratzeko antolatzen dira langileei zuzendutako ikastaroak, eta aldian-aldian aholkulariek lantokia bisitatu eta ordura arteko emaitzak balioesten dituzte. Horren guztiaren helburua lan-ohitura berriak sorraraztea eta lan-kultura eraldatzea omen.

Mesfidati hartzen ditut horrelako hobekuntza-plan guztiak. Denetarako balio duenak ez duela ezertarako balio irakurri nion norbaiti. Orokorra behar du oso japoniarrentzat zein euskaldunentzat aplikagarria den lan-metodologiak; gizakiaren zentzu ona bezain orokor eta agerikoa... alferrikakoa, beraz. Arazoa bat da eta bakarra: langileak, lanean ari denak, alegia, badaki lana zertan eta nola hobetu; lantokian bai, baina lanetik urrun dabilenak, berriz, japoniar bat behar du, lana zertan eta nola hobetu esango diona. Azken hauek atxikimendu eta onespen osoa aitortzen diete kalitate-sistemei. Batzuen konpromisoa kalitatezko lanarekikoa da, besteena, ordea, kalitate-aitorpen hutsalarekikoa. Hori da aldea.

Eta aldea dena delako, aldarrikatu nahi dut ni ez naizela japoniarra, eta ezta izan nahi ere. Horregatik ateari bultzaka sartu nahi dut nik ganbarara, eta ezertarako balio ez duten trasteak pilatzen jarraitu. Beharrezkoa ez dena eta jadanik balio ez duena inoiz erabili ez dudanarekin batera gorde...

 

Ez nuen eta ez dut japoniarra izan nahi. 2011ko martxoaren 11ra arte japoniarrak kalitatearen eredu ziren; martxoaren 11n zentral nuklearrek salatu dituzte 5-S kalitate-sistemaren eta teknologia aurreratuenen ahuleziak, ohi den modura, agintariak egoeraren larria hasieratik mozorrotzen saiatu badira ere. Voltaire-k Tout est bien poema idatzi zuen 1755ean Lisboak jasandako lurrikararen karira; haserre idatzi omen zuen, Naturarekin haserre hainbesteko sufrimendua eragiteagatik, eta garaiko filosofo erratuekin haserre sinesmenaren babesean sufrimenduari men egiteagatik: “Dena dago ondo -esango duzue- dena da beharrezkoa”.

 

Orain japoniarrek, nori egiten diote otoi? Segurtasun Nuklearreko Agentziako zuzendari Nishiyama jaunari?

Dardara seismoen lurraldean
BERRIA, 2011.03.12

 

be10_11_5    

... BAINA GUZTIAK KOLPATUKO DITU

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Japoniarrentzat bide seguru bakarra emigratzea dela irakurri dut aldizkari baten lerro buruan, zentral nuklearren inguruan jaso dugun informazioa aztertu eta benetako egoera zein den alderatzen duen artikuluan. Kazetariaren iritzi bera izango dute segur aski japoniar askok, irtenbide bakarra uhartea uztea dela, alegia. Lehengo migrazioa hondamendiaren bihar amonean bertan hasi zen, bizia salbatu eta lur- edo itsasikarak atzean utzita hegoalderantz joateko aukera izan zutenentzat. Fukushima zentral nuklearraren uhinen mehatxuak eragin du bigarren migrazioa; horretan iheslariei egoera larriagotu egin zaie errefuxiatu-egoitzetara hurbildu eta erradiaktibitateak kutsatuta dauden beldurrez, sarrera ukatu zaienean. Nahiz eta erradiazioa neurtzeko kontrol zorrotzak ezarri eta kontaminazio maila araututakoa baino altuagoa ez dela egiaztatzen duten agiriak eman, ugaritzen ari dira ospitale eta hoteletan onartu ez dituztenen salaketak.

 

Imajinatzen dut Fukushima inguruko ospitale baten kanpoaldea. Okamura jauna abailduta sarreran zutik, bizkarra hormaren kontra, Yukiko, zortzi urteko neskatoa, ttiki, argal eta ahul, kalenturak jota magalean marruka duela. Agiri guztiak eman dizkio zaindariari, handik ordu erdira alaba artatuko duen medikuaren txandarena barne. Eta zaindariak irri abegikorrez ezetz, bisita guztiak ikuskatzen ari direla, eta berea ezetz, ez dagoela onartuta, agiri bat falta zaiola, erradiaktibitateak ez dituela kutsatu bermatzen duen agiria.

 

Imajinatu nahi izan dut Fukushima inguruko ospitalearen barrualdea, eta Goya-ren La peste olioa ikusi dut bat batean. Eta pentsatu dut Okamura jaunak atarian negarrari eman badio, barruan zer dagoen ez dakielako dela. Gela zabal bat, eskuin aldean garai batean bi egoitza bereizten zituen arkua duena. Erdian gela argiztatzen duen leiho bat, bakarra; gaixoek, mesfidati, ihes egiten diote argitasunari eta itzalean daude denak. Bat, zuriz jantzita, zutik ari da, agian, harrizko arkuaren kontra buruarekin kolpeka, zigorrarekin hormaz bestalde egindakoaren karga arindu nahian bezala. Beste bat, zarpail batez sudurra estalita, agonduta dagoen hil-hurrenari ontzi batetik ura ematen. Lurrean eserita ama haurtxoarekin eta bikote bat uzkurtuta. Hare xehearen gainean barreiatuta hilotzak. Guztietan edonorenak izan zitezkeen aurpegi ilun eta definitu gabeak. Herioaren usaia bizidunen hilobian.

 

Honela zion La Fontaine-k izurri beltzak animaliak harrapatu zituen alegian: “Ez ditu guztiak hilko, baina guztiak kolpatuko ditu”.

Emigratzea da bide ziur bakarra japoniarrentzat
ARGIA, 2011.04.10

 

be10_11_6    

ONGI ETORRI FORGES-EN BINETETARA

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Administrazioko langileena da krisia bortitzen zigortzen ari den sektorea. Lanpostua galtzeko arriskuaz edo soldaten murrizketaz arituko banintz bestelakoak lirateke kontuak, baina ez naiz ez lan- egonkortasunaz, ez lan-baldintzez ari, ari naiz langileez. Defizit altua izan omen da krisi ekonomikoa eragin duen arazoetako bat; krisiari aurre egiteko irtenbideetako bat, beraz, defizita jaistea. Ahalegin horretan diharduten gobernuek enplegu publikoaren gastua murriztea aldarrikatzen dute ezinbesteko neurri bezala, honek gizartearengan izan ditzakeen ondorio negatiboak gutxietsita.

Nahiz eta batzuetan ahaztu –ahaztarazi nahi diguten, hobeto esanda– , sektore publikoa herritarren zerbitzura dago, beraien beharrei erantzuteko eta guztiei gutxieneko maila bermatzeko; kasurik argienak osasun edo heziketa arloetan dauzkagu. Administrazioa eraberritzeaz edo antolakuntza berregokitzeaz mintzatzen direnean, politikarien gibelasmoa pribatizatzea da, hau da, zerbitzu txarragoak eskaintzea eta lan-baldintzak okerragotzea, bakar batzuen mesedetan. Aspaldian hasi ziren kudeaketa berritzailearen aitzakian langile publikoen jarduna, eta ondorioz beharra, zalantzan jartzen. Askotan leporatzen zaie funtzionarioei zabarkeriaz edo axolagabekeriaz jokatzea, kontuan izan gabe Administrazioaren egitura bera dela eraginkortasunaren etsairik handiena.

Horren adibide garbia da duela hilabete batzuk Donostiako Udaletxeko bulego baten harreran elebitan irakur zitezkeen kartelak –kartelak diot, hormak josita zeudelako–: “Ni administrari laguntzaile naiz, ez dut pentsatzen”. Hau ikusita, Administrazioa bezero gisa baino ezagutzen ez duten gehienen interpretazioa honoko hau da: “Lanpostu finkoa, soldata ona –ordutegia zer esanik ez–, kafeak noiznahi eta deskuidatzen bazara erosketak ere bai... ikuste hutsak alfergura ematen du... ez dago, ez, asko pentsatu beharrik egiten duena egiteko... marka da, gero... sarrera-irteeraren bat erregistratu, faxaren bat bidali, argibideren bat eman –zakar itxura dauka, gainera, petrala bera bezalakoxea–... zigilua jarri eta hemendik 3. solairura bidaliko nau marmarka... hauei guztiei geuk ordaintzen diegula pentsatzeak...” Administrazioa barrutik bizi duen batek, berriz, hau irakurriko luke: “Administrari laguntzaile lanpostu bat betetzen ari bada ere, ardura gehiago hartzeko gai da eta ondo prestatuta dago. Sekulakoak entzun behar izan zituen goikoei kontsultatu gabe zera hura erabaki zuen hartan, zuzen erabakiagatik ere. Orduz geroztik lanpostuen zerrendan aipatutako zereginetara mugatzen du bere lana. Ordutegian ere ez du minutu bat ere barkatzen, ez bat gehiago, ez bat gutxiago, ordaintzen diotena juxtu-juxtua”. Forges-en azken seme kuttuna.

Salarios y productividad, una boda casi imposible
EL PAÍS, 09.04.2011

SINESTESIA EDO...

“Ardo egonkorra, gorri heldua. Oparoa eta orekatua usaimenean. Ahosabaian urduria, belusatua eta goxoa. Upeleko zurak haritzaren ahogozo ezin hobea...” Izango dira zalantzarik gabe meritu gutxiagorekin literaturatzat hartuak izan diren lanak. Usainak, koloreak, zaporeak, testurak... denak batera ardoari sinestesia diagnostikatzen dion hogeita hamabost zentimetro koadroko etiketan.

Sinestesia hitza baliabide literarioen zerrendetan aurkituko dugu maizen. Horren azalpen ezinago argia eta irudimentsua da Julio Cortázarrek Acefalía izeneko ipuinean eskaintzen diguna: burua moztu dioten arren bizien munduan jarraitzen duen gizonak ukimenaren bidez –salbatu duen zentzumen bakarraren bidez–, ikusten, dastatzen, usaintzen eta entzuten ikasten du; zigortua horretan tematu bazen sinestesiaren berri zuelako izango zen.

Fikziotik kanpo ere, sinestesiak badu zer esana. Batzuentzat patologia eta gehienentzat dohaina den hori zentzumenen ez ohiko pertzepzioan datza, pertzepzio bateratuan, hain zuzen ere: zenbakiak edo letrak koloretan jasotzea, musika-noten garraztasuna entzutea, limoiaren triangelu itxura dastatzea... Adituen irudiko, ez ohiko elkarketa hauek gertatzen dira zentzu- organoek garunera egiten dituzten bideak gurutzatzen direnean. Hori horrela, logikoa dirudi garunean elkarren ondoan dauden bi zentzumen zentruen arteko sinestesia mota ohikoena izatea, koloreena eta zenbakiena, kasu. Osagai genetikoa omen dauka, sinestesikoak sortze- eta oroimen- gaitasun handikoak ohi dira, emakumezkoak gehienak, ezkerrak, ezkerra eta eskuina bereizteko arazoak dituztenak, txukuntasun eta ordena zaleak...

Emakumezkoa, ezkerra, ezkerra eta eskuina bereizteko zailtasuna, txukuntasuna, ordena... Halako egonezina piztu zait, oraindik ardoa usaindu ere ez eta dagoeneko zorabiaturik... Izan ere... irudimena berotuta nabil azken boladan. Denborak espiral amiltsuaren itxura hartzen du eta lekuek soinu-uhin armoniatsuak darizkien labirintoenak, besarkadak osorik biltzen nauten borobilak dira, mendazko laztan gozo-beroak eta urre koloreko muxu distiratsuak jasotzen ditut...

Izan sinestesia, izan maitemina... pertzepzioen asaldua da, nahi gabekoa, iraunkorra, dutenentzat erabat erreala eta gerora ere zehatz gogoratzen dena.

Zentzumenen zoramena
ELHUYAR, 2005eko iraila

 

be10_11_7    

EDER EDO ITSUSI...

 

 

 

 

 

 

 

 

 

... lenteak nolakoak diren. Horrek beharko luke esaera zaharraren amaiera hizkuntzen inguruan dabiltzanek diotena egia balitz, alegia, zuzena balitz mintzairak hiztunen ohituren arabera bilakatzen direla eta horien behar sortu berriei erantzuten dietela.

Aspaldiko asmakeria da lenteena, ordura arteko ikuskera ezberdinak deuseztatu eta, argiena zelakoan, bakarra ezarri zuena. Ausartagoa banintz lenteen erabileran kokatuko nituzke globalizazioaren hastapenak, bai horixe! Gizakia gizaki denetik egongo ziren presbiziak jota zeudenak, baita ondo miopeak ere. Batzuk eta besteak orekan biziko ziren segur aski: lehenak ameslari hutsak, beti urrunera begira eta etorkizuna kezka; bigarrenak, berriz, hemen eta oraineko bizipenetan murgilduta, egunerokoari estu lotuta. Horrela irudikatzen dut nik mundua harik eta XIII. mendeko beiragile italiarrek batzuen gertuko eta gero besteen urruneko begiradei lurruna kentzen asmatu zuten arte. Harrezkero denek dena berdin ikusiko zuten.

Aspermenak bultzatuta izan edo historiaren zikloek aginduta izan, luze gabe sortu zen begiratuei hainbat mundu koloreztatu zabalduko zizkien beste betaurreko mota. Aitzakia eguzkitik babestea izanagatik ere, benetako helburua garaiko ikuskera beti-batarekin haustea zelakoan nago ni. Made in China omen ziren Europara iritsi ziren lehenengo eguzkitako betaurrekoak, beira keztatuaz eraikiak; orduz geroztik hobetu egin dira teknikak eta ugaldu eskaintza, noiz zer komeni den ikustea. Ingurumenaren gaineko ardura areagotzeko, adibidez, lente berdeak modako; ekonomian edo politikan gobernuaren gabeziak mozorrotu behar direla, arrosa tintatutakoak jantzarazi eta kitto; herritarrak krisiaren marroiaz konturatu daitezen nahi dugula, badago horretarako ere lente kolorea... eta badaude grisak, eta beltzak...

Betaurreko beltzak berez itsuengan pentsatuta egingo ziren, baina izan badira ikusteko ahalmena eduki arren itsu jarraitu nahi dutenak. Lente beltzak jantzi ohi dituztenek minez bizi dute argitasun zantzurik mehena. Gauzak diren direnean jasotzeko nahikoa lukete lente beltzak eranztea, baina, antza denez, ez dira irtenbideaz jabetu eta horren ordez lupak erabiltzearekin egin digute mehatxu, jakingo ez bagenu bezala lupek errealitatea desitxuratu egiten dutela, irudirik arruntena eraldatu eta mamu bihurtzen dutela. Eta mamuak beti mamu... beti itsusi.

Rubalcaba y Ares acuerdan intensificar la vigilancia sobre las listas de Bildu
El ministro enfatiza que pondrán “dos lupas” sobre la coalición “abertzale”
EL PAIS, 10.04.20
be10_11_8

... hitzak eskuetan hala

Hogeita sei mila karaktere inguru, bost zentimetroko, hondar-aleak balira bezala eskukatu ditudanak. Batzuetan hartu eta batetik bestera ibili ditut, behin eta berriz, eskuinetik ezkerrera eta ezkerretik eskuinera; ahurraren izerdiari atxikita geratu diren apurrek diraute orain paper zuriaren gainean. Bestetan hatzak hondoratu ditut hondarrean, bostak batera, zilindro formako bost zulo eginez; eskua jaso eta pixka bat mugitu ondoren, hatz-mamiei eta azazkalei lotutakoak, sakonen egondako hondar-ale hezeak, behin askatuta zurira horiek ere.

Asko bidean galdu dira, paperera iritsi ezinik edo paperetik erorita. Ameslarienek ihes egin didate itsas brisak kulunkatuta, eta ausartenek, ertzean jolasean zebiltzala, olatuek eramanda.

Hondar-aleak eskuetan nola, hitzak paperean hala.

Irene Gil Legarra

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago