Iritzia eta gogoeta

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Irene Gil Legarra: "Hondar-aleak paperean nola..."
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
Hitz luzeak

“The shorter the better” omen diote ingelesek, eta esan daiteke haiek horrela jokatu dutela hizkuntzarekin; izan ere, ingelesa oso hizkuntza ekonomikoa baita, silaba kopuruari dagokionez. Adibidez, harrigarria da zein erraz adierazten duten norbaiten hutsunea sentitzen dutela; “I miss you” soil batez esaten dute euskaldunak zortzi/hamar silabako inguru mingurua egitera behartzen gaituen “zure falta/hutsunea sentitzen dut” horrekin baldarki adierazten duguna. Kontrakoa gertatzen da, ordea, denbora adierazteko zenbait adierazpideekin: euskaldunok “etzi” edo “herenegun” arinekin konpontzen duguna esateko, ingelesek “the day after tomorrow” eta “the day before yesterday” astunak erabiltzen baitituzte.

Izatez, euskal hitz oinarrizko eta zaharrenak laburrak dira, silaba bat edo bikoak, hala aditzak nola adjektiboak, adberbioak eta substantiboak… (joan, jin, jan, jar, lor, sor, hil, leher, igo, jaits, zuri, beltz, gorri, urdin, hori, arre, ama, aita, etxe, lahar…). Seguraski beranduago sortutakoak izango dira “aitaginarreba” eta “amaginarreba” bezalako hitz luzeak; eta auskalo zein izan den luzera ikaragarri hori emateko arrazoia.

Hitz luzeak oztopo dira hizkuntza ikasteko prozesuan dauden haur txikientzat. Kostata, barreari eusten saiatzen gara etxean gure alabak honelakoak esaten dituenean: “atzo tebelistan gimnasia birmikoa ikusi nuen”; “nik badakit zer den lefante bat, eskolako txiklopedian ikusi dudalako”; edo, amonaren gaztelania bizia imitatuz, “Dios mío, que aburriento!”. Hala ere, aitortu behar da ez dugula ahalegin berezirik egiten akats horiek zuzendu ditzan, horiei esker gure ume bakarra, 6 urteko neskatoa jada, oraindik txikitxoa delako ilusioarekin jarraitu baitezakegu.

Ez dira txikiagoak, ordea, eskola gutxiko zenbait helduk hitz luzeak —edo eguneroko hizkuntzan ohikoak ez direnak— ahoskatzeko dituzten zailtasunak. Amaren ahizpa bati honako perlak entzun izan dizkiot: “pero que bien te queda ese chandal, te esteriliza un montón”; “Endika liga siempre, está hecho un play back”; “Lo más bonito ha sido el orgasmo de la película (argumento beharrean); “Allá está Miguel con su trator echandole el homicida al campo”. Azken horren eboluzio fonetikoaren lekuko zuzena izan naiz urteetan zehar: hasieran, kostata, “el herbicida” esaten zuen, gero, urtez urte, “el bicida”, “el micida” eta azkenean, hiper-zuzenketa ahalegin ikaragarri baten ondorioz, “el homicida” garbi-garbi ahoskatzen zuen.

Beste arazo bat da hizkuntza gehienetan, baina batez ere, jatorri latinoa dutenetan, erabiltzen den gehiegizko erretorika (erretolika esaten da, oraindik, gehiegizko eta alferrikako hitz jarioa adierazteko). Adibidez, gaztelania-euskara itzultzaile gisa aspertuta nago ikusteaz nola erdaraz ez den ezer “egiten” besterik gabe. Dena da “proceder a” edo, are okerrago, “proceder a llevar a cabo”. Goi-mailakoak izan nahi duten testuetan inoiz ez da “abrir la puerta” edo “ver la televisión” idazten, “aperturar la puerta” eta “visualizar la televisión” baizik.

Horren harira, sasi-hizkuntza hori erabiltzeko arrazoia zein den ulertzeko, oso ondo dator gogoeta-saio honetara ekartzea Italo Calvino idazle italiarrak “anti-hizkuntza” izenez bataiatu zuenari buruz 1963. urtean idatzitakoa:

“Abogados y funcionarios, gabinetes ministeriales y consejos de administración, redacciones de periódicos y de telediarios, escriben, hablan y piensan en la "antilengua". La característica principal de la antilengua es lo que yo definiría como "terror semántico", es decir, la huida de todo vocablo que tenga un significado en sí mismo”.

Eta halaxe da, nire ustez. Hitz sinple eta zuzenak erabiltzeak benetako bizitzatik (objektu eta ekintzetatik) gertuegi jartzen gaitu, eta erosoago aurkitzen gara komunikazioari inolako ekarpen positiborik egiten ez dioten sasi-eufemismoak erabiliz. Eta arrazoi hori bera dagoela esango nuke gaztelaniaz etengabe diminutiboak aplikatuz hitzak luzatzeko dagoen joerarekin (luzatzeko eta, nolabait, indargabetzeko); dena da “pequeñito pequeñito”. Argiñanoren programak ikustea besterik ez dago horretaz konturatzeko: “cojemos los guisantitos y los echamos a la cazuelita con el agüita que esté hirviendito…”.

Nik ez dakit, baina aukeran nahiago dut zuzen eta artez hitz egin, ahalik eta hitz erraz eta laburrenak erabiliz, pertsona zakartzat hartu nazaten arriskuan jartzen banaiz ere.

Jose Luis Larrañaga

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago