Haur eta gazte literatura

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
SUGEGORRIAK 

Alaitz Olaizola VI. KARMELE IGARTUA SORKUNTZA-BEKAko

2016ko irabazlea.

Komedia tonuan atondutako antzerki lana duzue honako hau. Hogei partaiderentzat pentsatua.

SINOPSIA

Aratz eta Ihara baserrira doaz belarra biltzera asteburuan. Biek, txikitatik dakite belarra biltzea esperientzia zoragarria izan daitekeela, belar artean dauden harriak, harri soilak baino askoz ere gehiago direlako. Aitonak aspaldi erakutsi baitzien, “eder edo itsusi, zein begik ikusi”.

PERTSONAIAK

ARATZ

IHARA

ENEKO

JUNE

LOREA

MADDI

AITONA

BOST SURFLARI

AUTOBUSEKO TXOFERRA

MEXIKARRA

FRANTZESA

INGELESA

TXINATARRA

ABESBATZA

ABESBATZAKO HIRU PARTAIDE

Antzezle gutxitxo bazarete, arestian aipatutako pertsonaiek egin dezakete hauena, edo gutxitu pertsonaiak. Agerraldi batzuetan posible da hori egitea.

AGERTOKIA

Eze gutxi beharko dugu antzezlan honetarako. Zati bakoitzean ikusiko dituzue beharrak dena dela. Batetik besterako saltoan beltzera joango gara, musika batez lagundurik. Musika proposamenak ere agerraldi bakoitzean zehaztuko ditugu, lagungarri egingo zaizkizuelakoan.

1. agerraldia

Eskolako txirria entzuten da. Musika hasten da (Proposamena: Goran Bregovic – Mashala Mashala) argiak pizten diren bitartean. ikasle mordoxka bat ageri da agertokian, alde batetik bestera pasatzen koadernoak besapean eta motxilak bizkarrean hartuta. Elkar agurtzen dute eskuaz batzuk, beste batzuk elkarrekin pasatzen dira alde batetik bestera… Ostirala da eta bukatu dituzte asteko eskola orduak. Pozik ageri dira guztiak, asteburuaren esperoan.

ARATZ iristen da agertoki erdira musika ari duen bitartean. Erlojua begiratzen du. Norbaiten zain dagoela dirudi. Halako batean badator bere arreba IHARA liburu mordo batekin eskuetan. Musika jaitsi eta…

ARATZ: Berandu, ez?

IHARA: (Kexuka) Pixka bat bai… Txirrina jo eta artean irakaslea sermoitan! Ostiral arratsaldeetan debekatuta egon beharko lukete matematikako klaseek.

ARATZ: (Barre eta) Jai eskatzea onena!

IHARA: Aizu, ba txarra ez!

ARATZ: (Iharak eskuetan dituen liburuetan erreparatuz) Eta hori?

IHARA: Zea, asteburuan ez aspertzeko. Zer iruditzen?

ARATZ: Faena galanta… Badakizu baserrira goazela bihar, ez?

IHARA: (Haserre moduan) Hilabete pasatu dut eguna noiz iritsiko, eta dapa! (Liburuak erakutsiz) Begira!

ARATZ: Neuk lagunduko dizut hori dena gainetik kentzen, konforme?

Ihara pentsakor geratzen da.

IHARA: Eta, zer zor dizut trukean?

ARATZ: (Barre eta) Ezer ez!

IHARA: (Hasperen egin eta) Hara, Aratz… Ni ez nauzu engainatuko…

ARATZ: Bale… (Pentsakor) Um… Utzi pentsatzen…

Honetan, ENEKO eta JUNE hurbiltzen zaizkie, hauek ere motxilarekin eta liburuekin.

ENEKO: (Iharari) Ihara, bazatoz bihar hondartzara?

IHARA: Ez ba.

JUNE: Surfeko taula berria erregalatu didate, eta probatzeko amorratzen nago. Etorri!

IHARA: (Aratz seinalatuz) Anaia eta biok baserrira goaz.

ENEKO: Baserrira? A zer aspertua, ez?

JUNE:(Adarra jotzen) Behiei jaten ematera?

ARATZ: (Mindu xamar) Ez, baina beharrezkoa bada baita hori ere.

IHARA: Belarra biltzera goaz, Eneko.

LOREA eta MADDI pasatzen zaizkie ondotik.

LOREA, MADDI: Aio!

JUNE: Lorea, Maddi! Zaudete!

Lorea eta Maddi hurbildu egiten zaizkie.

JUNE: Zer nahiago, hondartza ala baserria?

LOREA: Zuk zer uste, June?

MADDI: Xomorroengatik bakarrik bada ere, hondartza!

Denek barre egiten dute.

ENEKO: (Aratzi eta Iharari) Bueno ba, ondo pasa (ironiaz) “belarra biltzen”.

ARATZ: (Barre gaiztoa eta) Ezjakinak zer erraz hitz egiten duen… Ito gabe ibili!

Enekok, Junek, Loreak eta Maddik alde egiten dute, berriketan, ahopean.

ARATZ: (Bat-batean) Badakit zer nahi dudan! Eskolako lanak egiten laguntzen badizut… zuk jolastu nirekin ordu erdi Play Stationean!

IHARA: Banekien, banekien halako zerbait eskatuko zenidala! (Pentsatu eta) Ados. Futbol partida bat.

ARATZ: (Jostari) Ez! Saskikoa!

IHARA: Futbola edo batere ez.

ARATZ: Bale ba…

Biak, barrez, desagertu egiten dira.

2.agerraldia

Ihara dago agertokian, belar mordo bat aurrean duela lurrean zabalduta. Eskuarea eskuetan belarra biltzen ari da lasaitasun ederrean musika ari duen bitartean. (Proposamena: Goran Bregovic - Pampur Galbeno) (Belarra plastiko zabal batean eduki dezakegu, kendu behar denean, plastikoari tira eta, azkar batean kentzeko agertokitik. Belarraz gain kartoiz egindako harri handi samar batzuk ere behar ditugu) Tarteka, gelditu eta, bekokiko izerdia lehortzen du soinean duen kamisetarekin. Irribarrez dago, gustura.

ENEKO, JUNE, LOREA eta MADDI agertzen dira. Musika jaitsi eta…

MADDI: Iepa!

Iharak buelta hartzen du.

IHARA: (Harrituta) Ai ba! Nolatan zuek hemen?

ENEKO: (Zapuztuta) Ikusten duzu… Eguraldi kaxkarra atera da, eta ezin hondartzara joan…

JUNE: Asper-asper eginda geunden, eta hemen zinetela akordatu gara…

MADDI urduri dago. Xomorroak ez ditu batere gustuko, eta urduri mugitzen da, xomorroak gainetik kendu nahian bezala.

MADDI: (Xomorroari) Alde! Utzi bakean!

LOREA: Hara, Maddi… Ez zaituzte jango!

MADDI: (Xomorroari, eskua astinduz) Uzteko ba bakean!

Iharak barre egiten du.

IHARA: (Oihuka) Aratz! Ikusi zein etorri diren!

ARATZ agertzen da eskuarea sorbaldan hartuta. Izerditan dator.

ARATZ: (Harritu eta) Surflaria eta bere koadrila bisitan etorri ez zaizkigu ba! (Adarra joaz) Zer, itsaso txarra?

JUNE: (Minduta) Itsaso txarrarekin ere berdin-berdin sartzen naiz uretan.

LOREA: (Aratz eta Iharari) Benetan ez zaretela belarra biltzen aspertzen?

IHARA: Probatu nahi?

Lau lagunak elkarri begira geratzen dira.

MADDI: Xomorrorik egongo al da?

ENEKO: Zuk zer uste?

Denek barre egiten dute, Maddik ezik.

ARATZ: Ni goiko zelaian nago, etorri batzuk nirekin nahi baduzue.

LOREA: Bale.

Lorea Aratzen ondora hurbiltzen da.

MADDI: (Kakati) Ni zurekin noa, Lorea! (Xomorroak usatuz eskuaz)

ARATZ: Goazen ba!

Eneko eta June Ihararekin geratzen dira.

Iharak eskuarea luzatzen dio Juneri.

IHARA: Hartu, June. Badakizu nola erabiltzen den?

JUNE: Ez da hain zaila izango… Hortza horiekin belarra bildu, ez?

ENEKO: Honek lurreko zizare guztiak gainazalera atera baietz!

Iharak, eskuarea hartu berriz ere eta, nola egin erakusten dio.

IHARA: Ikusi… Makurtu gerria pixka bat eta luzatu eskuarea. Gozo, hortzak lurrean sartu gabe… Eta tira zuregana, oina estali arte.

Eskuarea Juneri ematen dio berriz ere Iharak.

JUNE: Bo, erraza!

IHARA: Kontu bakarra… Harriak daude tarteka… Handi xamarrak.

Horiek utzi bere lekuan, bale?

JUNE: Benga!

June belarra biltzen hasten da, hitz egiten duen bitartean. Eneko eta Ihara lurrean esertzen dira.

JUNE: Gerria pixka bat okertu, luzatu trastu hau eta poliki-poliki…. 

ENEKO: (Adarra joaz) Surfean baino estilo gehiago daukazu!

JUNE: Egon ! Egon! Iritsiko zaizu ordua!

Bat-batean harri batekin topo egiten du.

JUNE: Hor, harri bat. Ihara zutik jartzen da kolpera.

IHARA: (Serio) Utzi hori, segi hor belarrarekin.

Junek ordea, indartsua dela erakutsi nahi eta, harria altxatzen du, esanez…

JUNE: Zer da ba harri koxkor hau? Putz eginda ere altxatuko nuke!

Ihara ikusten dugu eskuak burura eramaten, izutu aurpegiarekin. Soinu bitxi bat entzuten da une honetan, gogor xamarra, eta argi guztiak itzaltzen dira.

3.agerraldia

Musika ari duen bitartean, (Proposamena: Goran Bregovic.- Dikh Mo Vant) ilunpean, belarra kendu behar dugu agertokitik. Ezin badugu kendu, izkina batera eraman eta zerbaitekin estali besterik ez bada ere.

Bost SURFLARI daude agertokian. Bainujantzia soinean, edo neoprenozko jantzia, eskura duzuenaren arabera. Bakoitzak surf egiteko taula edo “paipo” bana du eskuetan. Surflarien erdian dago JUNE, zur eta lur, ulertu ezinda.

JUNE: Baina…

SURFLARI 1: Eta zure taula?

JUNE: Baina… Zer da hau?

SURF. 2: Eta neoprenoa?

JUNE: (Ulertu ezinda) Etxean…

SURF.1: Etxean? Eta nola demontre pentsatzen duzu ematea gaurko klasea?

SURF. 3: Hau desastrea! Munduko surflaririk onenaren eskolan omen geunden! Gezurra galanta!

SURF. 2: (Juneri) Ea, June… Atzo esan zenigun gaur uretara sartuko ginela…

JUNE: (Haluzinatzen) Nik? Atzo?

SURF. 4: Lorik egin gabe etorri al zara, edo zer?

SURF. 5: Zeharo tontotuta bai behintzat!

SURF. 4: Hau denbora galtzea!

SURF. 5: Ea, etorri garenez gero… Utzi taulak lurrean, ekipo.

Taulak lurrean uzten dituzte. Beroketa egitera doaz.

SURF. 5: Berotzeko prest?

DENEK: Bai!

June zur eta lur dago. Ez du ezer ulertzen. Ingurura begiratzen du, inguruan dituenei.

SURF. 2: (Juneri) Zuk ez al duzu ezer egin behar?

SURF. 3: Joan txabolara eta hartu taula bat. Monitoreak etxean uztea ere bere taula…

JUNE: Monitorea, ni?

Denek barre egiten dute.

June ezkutatu egiten da una batez. Besteak beroketak egiten hasten dira, bakoitza bere taularen ondoan jarrita.

SURF: 5: Altxa besoak gora-gora… Jaitsi… Erlaxatu…

Honetan, June sartzen da taula batekin. Besteen ondoan jartzen da.

SURF. 5: Gerria behera-behera… Alde batera eta bestera… Poliki…

June besteek egiten duten berdina egiten hasten da. Gerria behera jaistean, oreka galdu eta lurrera erortzen da. Gainontzekoak begira geratzen zaizkio.

SURF. 1: June! Baina zer pasatzen zaizu? Atzo sekulakoak eta bi egin zenituen, eta gaur ez zara ezertarako gai!

JUNE: Atzo? Aizue, ni belarra biltzen ari nintzen oraintxe dela bi minutu, eta bat-batean hemen agertu naiz!

SURF. 3: (Haserre xamar) Nola? (Besteei) Aizue, goazen uretara! (Juneri)

Igual uretan esnatuko zara…

Korrika hasten dira denak taula besapean hartuta. Uretan sartzen direnaren keinua egiten dute. June azkena, egoerarekin haluzinatzen.

SURF. 1: Fresko!

Taulak lurrera bota eta gainean etzaten dira, ikuslegoari begira. Besoak astintzen hasten dira, igerian.

SURF. 4: Badatoz olatuak!

SURF. 3: Galantak gainera!

June izutu samar dago.

JUNE: Ai ama! Hor datorrena ez ote da handiegia!

SURF. 5: Zenbat aldiz esan duzu hogei metroko olatuak hartzen espezialista zarela?

JUNE: Nik?

SURF. 2: Hemen da, hemen da!

Taula gainean tente jartzen dira eta olatuarekin batera badoaz aurrera, surf egiten.

(Lekutik mugitu gabe) June ere saiatzen da, baina erori egiten da.

SURF. 1: (Juneri, ironiaz) Oreka, oreka! Zenbat aldiz esan diguzu hori?

Oreka!

SURF. 4: Badator beste bat! Kontuz! Hau izugarria da!

SURF. 2: Hamabi bai gutxienez!

June erabat izututa dago. Besteak zeharo animatuta. Besoak mugitzen hasten dira, igerian ariko balira bezala,

SURF. 5: Benga, benga! Aurrera!

JUNE: Ez, e! Nik ezin dut!

SURF. 3: Nola ezetz? Eman egurra!

Zutik jartzen dira taula gainean. Denak garrasika eta pozik. Junek luze irauten du oraingoan taula gainean, baina azkenean erori egiten da garrasi luze bat egiten duen bitartean. Une horretan argiak itzaltzen dira kolpera.

4.agerraldia

Ilunpean jarri berriz belarra bere lekuan eta pertsonaiak kokatu utzitako lekuan. ENEKO lurrean eserita, IHARA zutik eta JUNE eskuarea eskuan hartuta belarretan. June izoztuta dago, haluzinatuta.

JUNE: Joe, hemen nago!

ENEKO: Non ba!

JUNE: Surf egiten ari nintzen…

ENEKO: (Barre eta) Bai, eta ni Everest igotzen!

IHARA: Esan dizut ba harria uzteko bakean… (Gezurretan) Harrien azpian sugegorriak egoten dira.

JUNE: Benetan?

IHARA: (Gezurretan) Zizta txikiren bat egingo zizun, eta pozoiak, une batez, tontotuta utziko zintuen…

ENEKO: Joe! Ez al da ba hilkorra sugegorriaren pozoia?

IHARA: (Gezurretan) Tira… Ukitu baino ez zuen egingo.

AITONA sartzen da.

AITONA: Joño! Zenbat langile gaur!

IHARA: Bai, bisitan etorri dira.

Aitonak Junerengan erreparatzen du.

AITONA: Aizu, ondo al zaude? Zurbil-zurbila zaude…

JUNE: Bai… Ez dakit zer gertatu zaidan…

IHARA: (Moztuz) Ondo dago, aitona. Belarra biltzen egon da, eta nekea, badakizu…

Aitonak harria dagoen lekura begiratzen du. Serio jartzen da.

AITONA: Ihara, zenbat aldiz esan behar dizut…

IHARA: (Moztuz) Bai, aitona. Lasai. Dena kontrolpean dut.

ENEKO: (Aitonari) Sugegorri asko al daude hemen inguruan?

AITONA: (Iharari begira, serio) Ihara…

IHARA: (Moztuz, Enekori) Asko-asko ez… Tarteka bakarren bat… Ale, aitona. Segi zuk zurearekin. (Bultzaka)

AITONA: (Juneri) Zatoz nirekin baserrira. Kamamila batek on egingo dizu.

JUNE: (Erdi zorabiatuta) Ez, ez… Eskerrik asko, baina ez zait gustatzen.

AITONA: Bueno, ezki-ur pixka bat…

JUNE: Hori ere ez zait gustatzen…

AITONA: (Hasperen egin eta) Koka kola bat orduan!

JUNE: Bale.

June, altxatu eta, aitonaren ondora hurbiltzen da.

AITONA: (Iharari begiratu serio eta) Argi ibili, aitu? Ez dut disgusturik nahi.

Aitona eta June alde egiten hasten dira. Ezkutatu baino lehen…

IHARA: June, gu laster joango gara, baina aspertuta bazaude, egin nire ikastolako lanak nahi baduzu!

JUNE: (Ahopean) Bai, belarra biltzea baino hobe.

Aitona eta June desagertu egiten dira.

ENEKO: A ze aurpegia!

IHARA: Ze! Entretenituta egongo da hartara!

Ihara belarra biltzen hasten da. Enekok, zutitu eta…

ENEKO: Utzi niri pixka bat… Ez dut sekula egin.

ARATZ: (Eskuarea emanez) Bale. Badakizu, gozo-gozo belarra hanka gainera.

Hastear dagoenean, ARATZ, LOREA eta MADDI agertzen dira.

ARATZ: Oraindik ez al duzue bukatu?

IHARA: Gutxi falta zaigu. Zuek bai?

ARATZ: Listo.

IHARA: Goiko zelaian harririk ez dago eta! (Begi-keinua egiten dio anaiari)

LOREA: Guk ere lagundu diogu, e?

ENEKO: Maddik baita?

LOREA: Bueno… Maddik nahikoa lan bazuen xomorroak gainetik kentzen.

Denek barre egiten dute Maddik ezik. Honek xomorroak uxatu nahian jarraitzen du.

Eneko haste da belarra biltzen.

ENEKO: Zenbat harri zelai honetan, ez?

Iharak eta Aratzek elkarri begiratzen diote.

ARATZ: Bai, baina zuk ez ukitu…

Esaldia bukatzerako Enekok eskuan hartu du harria. Une horretan, kolpera, ilundu egiten da soinu bitxia entzuten den bitartean.

5.agerraldia

Musika entzuten da. (Proposamena: Goran Bregovic.- Bijav) Argiak piztuz doaz pixkanaka. Autobus batean gaude. Zazpi aulki ageri dira. Txoferraren aulkia aurrean dago, besteak atzean, binaka jarrita, ilaran. Ikuslegotik begiratuta antzezleen ezkerperfila ikusten dugu. TXOFERRAk bolante bat du eskuetan.

Bere atzean, MEXIKAR bat eta FRANTSEZ bat daude eserita. Hauen atzean INGELES bat, eta honen atzean TXINATAR bat eta ENEKO. (Egokia litzateke jatorri desberdineko pertsonaiek dagokien herrialdeko azentua jartzea, nahiz eta gehiena euskaraz hitz egin. Esaterako, frantzesak r ak g egin, txinatarrak l, eta mexikarrak eta ingelesak azentua nabarmendu. Idaztean ez ditut aldaketa horiek egingo. Zuen esku non eta noiz egin nahi dituzuen zehaztea)

ENEKOk ez daki non dagoen. Alde guztietara begiratzen du, haluzinatuta. Gainontzekoak berriketan doaz. Autobusa martxan doa.

MEXIKARRA: (Ikuslegoari begira, leihotik begira ariko balitz bezala)

¡Que lindo! Ikusi zenbat jende dagoen hondartzan!

Frantzesak, betaurrekoak jantzi eta begira hasten da.

FRANTZESA: Oui… Nik ere hartuko nuke bainu eder bat… Autobus honetan egiten duen beroa… (Izerdia lehortuz)

TXINATARRA: (Enekori) Ondo al zaude? Zurbil xamarra zaude…

ENEKO: Non nago?

TXINATARRA: Autobus baten barruan.

ENEKO: Ja, hori badakit.

MEXIKARRA: (Txoferrari) Señor conductor, disculpe… Ze herri da hau?

TXOFERRA: (Lehor) Zumaia!

FRANTZESA: Polita, oso polita…

ENEKO: Zumaia? Tolosan ez nengoen ba oraintxe bertan!

INGELESA: What? Tolosara bihar goaz. Hala esan digute hotelean. (Txoferrari) Excuse me, Tolosara bihar goaz, ez?

TXOFERRA: (Izerdia lehortuz, serio) Bai!

Eneko, altxatu eta, txoferrarengana hurbiltzen da.

ENEKO: Aizu, barkatu… Ni Tolosan nengoen oraintxe bertan… Ezin dut hemen egon. Ez da posible!

TXOFERRA: (Haserre samar) Hara, gazte! Kokoteraino nago, turista hauek hartu eta, atzera eta aurrera bueltaka! Ez etorri niri adarra jotzera, aitu?

TXINATARRA: Txofer jauna, gero Getariatik pasatuko al gara berriro?

TXOFERRA: Baietz ba! Zortzi aldiz gauza berdina galdetzea ere!

FRANTZESA: Arrain pixka bat erosi dezakegu portuan.

MEXIKARRA: ¡Wey! Buena honda!

INGELESA: Fantastic! Yes!

TXOFERRA: (Bere buruari) Fantastic? Fantasma bai galanta!

ENEKO: (Urduri) Tolosara joan nahi dut.

Txoferrak, hasperen luze bat egin eta, autobusa gelditzen du, bortizki. Bidaiarien gorputzak aurreraka egiten dute.

TXINATARRA: Ei! Kontuz! Ia-ia lepoa atera zait bere lekutik!

Txoferra altxatu egiten da.

TXOFERRA: (Enekori besotik heldu eta) Kito! Honaino! Ezin dut gehiago! Neka-neka eginda nago. Ezin dut beste metro bakar bat bera ere gidatu. Hartu bolantea, eta segi gidatzen.

ENEKO: (Erabat haluzinatuta) Nik?

Txoferra atzeko aulkira abiatzen da hitz egiten duen bitartean.

TXOFERRA: Burua lehertu beharrean daukat. Bidean arreta jarri behar, hauen galderei erantzun behar… Baina ez bat edo bi, e? Ez, ez! Ehunka!

Txoferra atzeko aulkian jartzen da, eta begiak ixten ditu, lo egiteko asmoz edo.

TXINATARRA: (Enekori) Goazen ba! Donostiaraino irisi behar dugu!

ENEKO: (Ulertu ezinda) Donostiaraino? Ez dakit gidatzen!

MEXIKARRA: ¡Dele, compadre!

Enekok martxan jartzen du autobusa. Bat-batean, dar-dar egiten hasten da autobusa. Pertsonaiak dar-dararen erritmoan mugitzen dira.

TXOFERRA: Kendu esku-frenoa!

Enekok esandakoa egiten du, eta dar-dar egiteari uzten dio autobusak.

FRANTZESA: (Enekori) Sartu hutsik egin gabe Getarian, e? Ez ahaztu!

MEXIKARRA: A! Eta geratu sin falta Usurbilen! Eguzkitako betaurrekoak ahaztu ditut bazkaltzen!

Eneko gero eta urduriago dago. Apenas ezin du gidatu, eta turistak oihuka ari zaizkio, bakoitza bere eskaria egiten. Ingelesa hurbiltzen zaio, ondoezik.

INGELESA: Please, mareatu egin naiz… Poltsa bat emango?

Enekok ez du begirik kentzen errepidetik. Oso urduri dago. Bekokiko izerdia lehortzen du behin eta berriz.

TXINATARRA: Emateko ba poltsa ingelesari! Ez al duzu ikusten nola dagoen?

Denak zalapartan hasten dira zutik jarrita. Erdi-lo dagoen txoferrak barre egiten du.

Enekok ezin du gehiago. Kolpera gelditzen du autobusa eta garrasi ozen bat egiten du.

ENEKO: Aaaaaaa!

Argiak itzaltzen dira kolpera.

6.agerraldia

4.agerraldian utzi ditugun moduan daude pertsonaiak. ENEKO eskuarea eskuetan duela.

ENEKO: (Haluzinatuta) Puf.. Puf…

IHARA: Zer pasatzen da, Eneko?

ENEKO: Jakingo banu…

MADDI: Ondo al zaude?

ENEKO: Ez oso ondo… Sugegorria izango zen… Nik uste baserrira noala… Kamamila, Koka kola… Berdin zait… Zerbait behar dut….

Hori esan eta desagertu egiten da. Maddi eta Lorea harrituta geratzen dira.

LOREA: Sugegorria?

IHARA: Ba, kasurik ez! (Anaiari begiratzen dio segidan) Bueno, zer, gaurkoz nahikoa lan egin dugu, ez?

ARATZ: Bukatzen badugu hobe. Belar gutxi geratzen da biltzeko.

IHARA: (Eskuarea hartuta belarretara hurbilduz) Bai… Aitonari poz emango dio.

Loreak eskuarea kentzen dio eskuetatik Iharari.

LOREA: Neuk bilduko dut geratzen dena. Ikusiko duzu zein azkar ikasi dudan!

IHARA: (Irribarre eta Maddiri) Maddi, zu ez zara animatzen?

MADDI: (Bere buruari, xomorroak usatu nahian) Alde !Alde egiteko ba behingoagatik! 

Denek barre egiten dute.

Lorea belar biltzen hasten da hitz egiten duen bitartean.

LOREA: Belarra ez nuen sekula bildu, baina etxean ditugun loreei ura nik botatzen diet egunero. Gustatzen zait… (bat-batean) Hara, harri bat! Goiko zelaian ez zegoen bakar bat bera ere.

Maddi hurbiltzen zaio.

MADDI: Lasai… Neuk kenduko dut. Belarrik bildu ez dudanez… Ez nuke alfer bat naizela entzuterik nahi.

Aratzek eta Iharak elkarri begiratzen diote, izutu samar.

ARATZ: Ez,lasai. Utzi hor, (Harriak leku guztietan…)

Bukatzerako, zarata bitxia entzuten da, eta kolpera, iluna. 

7.agerraldia

Musikarekin batera (Proposamena: Goran Bregovic - Ciribella Ciribella) argiak pizten dira pixkanaka. Abesbatza bat ageri da agertokian, bakoitza bere lekuan zuzen jarrita. Ilara batean, bitan edo hirutan, ikuslegoari begira. (Abesbatzako partaideak nahi adina izan daitezke. Hitz egingo dutenak hiru izango dira)

Abesbatzaren alda banatan ageri dira MADDI eta LOREA. Ez dakite non dauden. Elkarri begiratzen diote, harrituta, non ote dauden galdetuz buruarekin.

ABESLARIA 1: (Biei) Zuek zer, jarri beharko duzue ba zuen lekuan, ez?

MADDI: Gure lekuan? Zein da gure lekua?

ABESLA. 2: Zu gu zuzentzen, eta zu, Lorea, hor atzean!

MADDI: (Ezin sinetsita) Ni… zuzentzen? Zuzendu, zer?

ABESLA.3: Gure abesbatza! Gaur oso egun garrantzitsua da! Herriko aretoan abestu behar dugu!

LOREA: (Ulertu ezinda) Nik, abestu? Hori bai ezetz!

ABESLA.2: Lorea, ia urte osoa daramagu entseguetan, beraz, ez esan tontakeriarik! Ea, jarri bakoitza bere lekuan! Jendea hasi da sartzen.

Lorea besteekin batera kokatzen da abesbatzan. Maddi atrilera hurbiltzen da. Han dagoen makilatxoa, batuta, hartzen du eskuan. Ez daki zer egin behar duen. Inoiz ez du abesbatza batean parte hartu, gustatuko balitzaioke ere. Loreak berriz, gorroto du abestea.

MADDI: (Xomorroak usatuz bezala) Alde!

LOREA: (Berarengana hurbildu eta) Maddi, mesedez… Hemen ez dago xomorrorik.

MADDI: Baina, zer egiten dugu hemen?

LOREA: Horixe jakin nahiko nik ere… Baina gero hitz egingo dugu horretaz. Orain, mesedez, zuzendu abesbatza hau ahal duzun ondoen.

Maddik ikuslegoaren aldera begiratzen du. Urduri dago. Agur txiki bat egiten du. Abesbatza abesten hasteko prest dago.

ABESLA.1: (Taldeari) Animo, e? Jendez gainezka dago aretoa! Sekulako arrakasta edukiko dugu!

LOREA: (Ahopean, ironiaz) Zaude seguru, bai.

Guztiak Maddiren aginduen zain daude. Maddik batuta du eskuan, baina ez daki zer egin.

ABESLA.2: (Baxu) Maddi, eman tonua!

MADDI: Tonua? E… bai. Bale. (une batez isiltasuna eta gero kantuan)

Dooooo…

ABESLA. 3: (Baxuan) Do? Tonua Solen ematen da! Ez al daukazu diapasoirik?

MADDI: Dia… zer? (Kantuan) Soooool…

Taldea nahasi samar dago. Arraro sumatzen dute zuzendaria. Ezin dute ulertu.

LOREA: Barkatu, Maddi… (Taldekoei) Barkatu, baina ze abesti abestu behar dugu?

ABESLA. 1: Lorea, mesedez! Loretxoa! (Edo zuek aukeratzen duzuen besteren bat) Mila aldiz eskatu zenuen! Zure faboritoa da!

LOREA: (Haluzinatuta, baina grazia egiten dio egoerak) A bai, e? Bale, ondo!

Maddik batuta astintzen du abesbatzaren alde batean. Hauek kantuan hasten dira. Gero beste aldean. Kantuan hasten dira beste aldekoak ere. Txukun ari dira. Maddik ikuslegoari begiratzen dio, harrituta, sorbaldak jasoz.

ABESBATZA: Mendian lar artean, aurkitzen da loretxo bat, aurrean umetxo bat, loretxoari begira…

Halako batean, Loreak doministiku egiten du. Abesbatza isildu egiten da. Denek Loreari begiratzen diote haserre samar.

LOREA: Barkatu…

Maddik batuta astintzen jarraitzen du. Abestia, utzitako lekutik, hasten dira kantuan. Dena primeran doa. Halako batean, badirudi euli bat inguratzen zaiola. Urduri jartzen da Maddi, eta batuta korrika eta presaka astintzen hasten da. Era berean, abesbatzak gero eta azkarrago abesten du. Hain da erritmo bizia, dantza ere egiten dutela. Lorea, han atzetik lasaitzeko keinuak egiten Maddiri.

Maddik, berriz, abesbatzak abesten jarraitzen duen bitartean…

MADDI: (Xomorroa dela uste duenari) Alde, alde! (Batuta alde batera eta bestera astinduz bizi-bizi)

Abesbatzako kideak haluzinatuta daude Maddiren jarrerarekin, baina gustura ari dira kantuan; gustatzen zaie Maddik proposatuta bertsioa.

Amaitzean, txaloka hasten dira abesbatzako kideak.

ABESLA.3: Zorionak, Maddi! Sekulako bertsioa!

ABESLA. 2: Sorpresa ederra eman diguzu, e? Begira zein gustura dagoen jendea! (Jendea seinalatuz)

Maddik ikuslegoari begiratzen dio.

MADDI: Sorpresa ederra, bai…

ABESLA:1: Hori da hori batuta astindu!

LOREA: (Barrez) Xomorroen ehiztaria!

Lorea Maddi besarkatzera hurbiltzen da, besteak pozik desagertzen diren bitartean.

LOREA: Zorionak!

Elkar besarkatzen diren unean, argiak itzaltzen dira.

8.agerraldia

6.agerraldian utzi ditugun moduan daude pertsonaiak. Argiak piztean…

LOREA: (Pozik, Maddiri) Ez dakit amets bat izan den edo benetan gertatu den…

MADDI: Abesbatzari buruz ari zara?

LOREA: Bai!

MADDI: (Aratzi eta Iharari begira) Zer pasatu da? Amets berdina eduki dugu biok!

ARATZ: (Disimulatu nahian) Ez dakit ba… Sugegorria akaso?

MADDI: (Loreari) Goazen Enekori eta Juneri kontatzera! Haluzinatu egingo dute!

Maddi eta Lorea desagertu egiten dira korrika, pozik.

Aratz eta Ihara eskuare bana eskutan hartuta daude, geldirik.

IHARA: Hauena ona izan dela dirudi!

ARATZ: Eta eskerrak! Guk ere hasieran esperientzia txarrak izaten genituen.

IHARA: Kontrolatzen ikasi arte…

AITONA sartzen da serio. Aratz eta Ihara begira geratzen zaizkio, isilik.

AITONA: Zuen lagunak hobeto daude.

IHARA: Pozten gara…

AITONA: Sugegorrien gezur galant hori kontatu diezue, ezta?

ARATZ: Bai, disimulatu egin behar…

AITONA: Sugegorriekin jolasik ez, Aratz. Hilkorrak dira, eta zuk badakizu hori.

IHARA: Bai, aitona, baina zer esan behar diegu, harrien azpian ametsak, beldurrak, desioak ezkutatzen direla?

AITONA: Ez, inoiz ere ez. Belaunaldiz belaunaldi familia honek gorde duen sekretua da. Arbasoek sekretuan jasotzeko agindua eman zuten, eta bete egin behar dugu.

ARATZ: Pena da… Niri oso ondo etorri zait harrien azpiko munduak ezagutzea.

IHARA: Baita niri ere! (Bere burua seinalatuz) Askoz ere indartsuagoa naiz orain.

AITONA: Pena izan hala ez, milaka urte da harri hauek hemen daudela, eta agindua argia da: etxekoek bakarrik jakin behar dutela. Ez dadila berriz gertatu, aitu? Lagunekin belarra bildu nahi baduzue goiko zelaira joan. Han ez dago arriskurik.

ARATZ: Bale ba.

AITONA: Eta orain goazen. Lagunak zain dituzue baserrian.

IHARA: Hauxe bukatu eta oraintxe goaz.

Aitona desagertu egiten da. Ihara eta Aratz azken belarrak biltzen hasten dira.

ARATZ: Arrazoi du, arbasoen agindua da.

IHARA: Jakina arrazoi duela…

Isilunea une batez eta belarra biltzeari utzita…

IHARA: (Irribarre maltzur batekin ezpainetan) Baina gustura ekarriko nituzke Mikel eta Peru… 

Aratzek irribarrez begiratzen dio.

ARATZ: Datorren hilean?

IHARA: Bale!

Biek barre egiten dute.

ARATZ: Benga, goazen. Zure eskolako lanak bukatuko zituen Junek dagoeneko!

IHARA: Saskiko bat eta futboleko beste bat, ados?

Aratzek irribarre egin eta eskuareak bizkarrean hartuta desagertu egiten dira. Argiak itzali eta musika entzungo da. (Proposamena: Goran Bregovic - Bulgarian dance)

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago