Gidoiak eta antzerkia

Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak
Luma berrien eleak

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 

ASIER.- Orkatila okertu zait. Pierre San Martinetik bi ordura nago. Haitz gris handiak besterik ez ditut ikusten, aurrean eta atzean. Zorigaiztoan otu zitzaidan bakarrik

1
pdf

mendira etortzea. Ezin dut oina mugitu.

Mina hanka guztira zabaltzen zait lurrean behatz bat jarriz gero. Orkatila da nire ahulgune nabarmenena. Beti ezkerreko orkatila.

Gogoan dut orain pare bat urte ere. Donostiako portuan nengoen. Alde zaharretik irten ginen, lonjak igaro, eta harresiaren azpitik gindoazela kiskilak lapurtu genizkion, han, saltzen zegoen emakume zahar bati.

Korrika joan ginen hamar bat metrotan, eta ikusi genuenean ezin gintuela harrapatu, iseka egiten hasi gintzaizkion, keinuka, dantzan, burlaka. Bira eta salto egin nuenean -salto txikia, izatez-, orkatila okertu eta uretara jausi nintzen.

Lagunak –ordura arte lagun zenak-, lagundu beharrean, ihes egin zuen, ni, han, erdi jota, erdi itota utziaz. Gainera, erortzerakoan –hiru metro bai-, potin baten ertzaren kontra jo nuen. Bi hortz galdu ere, bertan.

 Esku batekin orkatila heltzen ari nintzela bestearekin ahoa estaltzen ari nintzen; Begiak ireki ahal izan nituenean, ikusi nuen atsoa -mobila eskuan- bere senar arrantzaleari deitzen. Hark, bere lagun arrantzaleei. Haiek, euren lagun arrantzaleei. Bost minuturen buruan uretatik irteten lagundu zidaten.

-Hauek bai gizon onak- nire artean.

Kai gainera igo eta ostikoka hartu ninduten hamar bat minututan.

–Eman, eman, horrela ikasiko du kiskilak lapurtzen- zioen batek.

–Hurrengorako kenduko diogu gogoa- beste batek.

Inguruko jendea ere, animaturik, ostikoka eta ukabilkadaka hasi zitzaidan. Mutiko eta neska txikiak, madrildar bat, enpresa-gizona, hiru turista katalan, eta bi frantziar, arratsalde pasa etorritakoak.

Beltzunaturik geratu zitzaidan gorputz osoa; eta min gutxien orkatilan nuen, egia esan.

__________

ASIER.- Hemendik ez da inor pasatzen. Inor ibiltzen ez den tokietatik joatea gustatu izan zait beti. Izan ere, lanagatik, jendez inguraturik izaten naiz aste osoan. Asteburuan bakardade bila etortzen naiz mendira.

Handitzen hasi zait. Dagoeneko ez zait oinetakoan sartzen.

Orkatila da nire ahulgune nabarmenena. Beti ezkerreko orkatila.

Orain lau urte ere futbol partidua arbitratzen nengoen. Gustuko ez nuen jokalari bat zegoen. Ederra zen, garaia, sudur luzea; emakumeak atzetik izaten dituen horietakoa, eta horrek amorrua ematen zidan –oraintxe ere, pentsatzeaz bakarrik amorratu egiten naiz-.

Gainera, driblina egiten zuen bakoitzean harmailara begiratzen zuen, irribarrez, aurkaria umiliatuz, bere emaztegai izango zen ilehori liluragarriari, galantari begiratzeko. Ezin nuen jasan.

Gola sartu zuenean, “off side” zela esan, eta nahita –ez zen arren-, baliogabetu nuen. Jokalariaren herriko guztiak irainka hasi zitzaizkidan. Nik, orduan, atzaparra altxatuaz, keinu iraingarria egin. Futbol zelai osoan izugarrizko burrundara sumatu nuen, baina ez zitzaidan batere inporta, satisfazioz ari bainintzen.

Halere, ertz batetik lau astro-potro, korrika, jotzera zetozkidala igarri nuenean, joateko ordua zela otu zitzaidan. Ate nagusirantz egin nuen. Han beste dozena erdi zain neuzkan.

Alboko hesia saltatu nuen, estuturik, eta lurra hartzerakoan orkatila okertu eta atletismoko pista gorrira jausi nintzen.

Aldamenean neukan marrazaina –koldar hura- ez nuen gehiago ikusi, bandera eta guzti, pixa aldean, desagertu baitzen, astro-potroak iritsi aurretik.

-Eman, eman, horrela ikasiko du golak baliogabetzen- zioen batek.

–Hurrengorako kenduko diogu gogoa- beste batek.

Hamaika ukabilkada eman zizkidaten bi ertzain, porra eta guzti, azaldu aurretik.

Eskerrak etorri zirela!

Neuri bakarrik eman beharrean hirurok kobratu genuen; beraz, nik herena bakarrik. Halere, beltzunaturik geratu zitzaidan gorputz osoa, eta min gutxien orkatilan izan nuen.

__________

ASIER.- Arrastaka edo, joan beharko naiz. Bestela gaua egingo zait, eta, hemen, harri artean gaua pasatzea, ez da txantxetakoa izango. Mina gero eta handiagoa. Elurtegi horretan sartuko dut oina, ea hotzarekin lasaitzen zaidan.

Ubeltzen hasi zait. Gutxienez bi tokitan daukat ligamenduen haustura.

Orkatila da nire ahulgune nabarmenena. Beti ezkerreko orkatila.

Orain sei urte ere langostino izoztuei –desizoztu eta gero, noski- azala kentzen ari nintzaienean, burua kendu eta, bat batean, zipriztin bortitzak, aurrean nuen bezeroaren zetazko alkandora zikindu zuen. Ergel aurpegiaz begiratu nion -negozioa galzorian zegoela asmatuz-, eta barkamena eskatzeko jaiki nintzenean, oinetakoa zapaltzen ari zitzaidala konturatu.

Buruarekin bekokian jo ninduen. Aurpegia langostino azal artean sartu zidan, eta, atzera egin nuenean, gogor, beste mahaiko aulkia jo nuen bizkarrezurrarekin.

Han zeuden bi gorbatadun enpresa-gizonek besoetatik heldu ninduten, eta eskerrak, ateraino eraman.  

Puntadun txarolezko oinetako dirdiratsua sumatu nuen, sarkor, ipurtzuloan. Jatetxearen atariko lau eskailera aidean igaro nituen, bosgarrenean hanka jarri eta, buruz behera ez erortzearren, orkatila okertu nuela.

Bekokiarekin jo nuen, burdinazko barandaren kontra.

Hartan nengoela, jaiki ezinik, sarrerakoak etorri zitzaizkidan zarataka. Eskuak poltsikoan sartu eta diru guztia kendu zidaten, barandila eta lorontziak ordaintzeko aitzakiaz, besteak arrastaka eramaten ninduen artean, jatetxeko lorategia bukatzen zen tokiraino.

-Eman, eman, horrela ikasiko du zipriztinak botatzen - zioen batek.

–Hurrengorako kenduko diogu gogoa- beste batek.

Zabor edukiontzira bota ninduten, buruan tronpoiloarekin, begia erdi itxirik, besoa kolpaturik, eta pena bat bihotzian.

Gazte batek, begiratu gabe, uste dut, arrain hezurrez betetako poltsa irekia gainera bota zidan gainera, arantza bik sudurzuloa odoldu zidatelarik. Beste batek, kiwi eta fruta azalak, meloi haziak, heze, belarrietatik. Koka-kola lata masailaren kontra.

Horregatik, beltzunaturik geratu zitzaidan gorputz osoa; min gutxien orkatilan izan nuen.

__________

ASIER.- Bada, oraingoan orkatilan badaukat minik, redios!

Han, itzalak ikusten ditut.

Bai, mendizaleak edo, dira! Hurbiltzen ari zaizkit ilunean. Salbatuta nago!

-E, zuek!

Linterna handia dakarte. Itsutu egiten nauen argi horia. Mina ere gutxitu egiten da egoera hauetan.

-Hemen nago! Hemen nago!

ASEGURU AGENTEA -Menago, Menago! -Mecaguen! - DNI!

ASIER.- Ostras, Goardia zibila!

AS.AG.- Ez motel! Barkaidazu txantxa. Aseguruak bidali nau.

ASIER.- Arraioa!

AS.AG.- Berriz hasiko naiz. Gabon gizon!

Zer egiten duzu hemen ordu honetan?

ASIER.- Bada, zuen zain. Norbaiten beharra daukat, orkatila okertu zait, eta.

AS.AG.- Nik zuzenduko dizut.

ASIER.- E, zer diozu?

AS.AG.- Bai, bai. Erakutsidazu oin hori, eta neuk zuzenduko dizut.

ASIER.- eta, zergatik ez didazue eramaten, ospitale batera, lehenago?

AS.AG.- Zer diozu? Sekulako garestia da hori. Zuk ordaindutako aseguruak ez du horrelakorik bere gain hartzen.

ASIER.- Nola ezetz?

AS.AG.- Zuk ez zenituen inprimakiaren behealdeko “hizki txikiak” irakurri, ezta?

ASIER.- bada, egia esan, ez. Fidatzen nintzen herriko mendizale elkarteko lehendakariaz.

AS.AG.- Denak berdin egiten duzue, eta gero horrelakoak gertatzen dira. Hala, jarri hanka hori harri honen gainean.

ASIER.- Ezin dut oinetakotik atera.

AS.AG.- Guraizeak ditut, lasai. Ebakiko ditut, eta listo.

ASIER.- Ez ta pentsatu ere!. Bota hauek asko balio dute. Eroso dauzkat, eta neskalagunak egindako oparia dira.

Ez zaizu nahikoa iruditzen?

AS.AG.- Nik ezin dizut zuzendu orkatila bota handiaren barruan badaukazu.

ASIER.- Non egin dezaket erreklamazioa?

AS.AG.- Ez egin. Ez zaituzte sinetsiko.

ASIER.- Zergatik?

AS.AG.- Nola joango zara, bada, erditik zatitutako oinetakoaz apurtu egin zaizula esatera? Bota saltzaileak leloak direlakoan, ala?

ASIER.- Ez, ez. Nik asegurua nahi dut erreklamatu. Zu, zure jarrera, eta zure asmoak.

AS.AG.- Nahi al duzu hemen geratzea?

ASIER.- Bai, bihar etorriko da norbait, edo etzi.

AS.AG.- Otsoren bat ez bada, harritzen nau batenbat hemendik igarotzea. Ordurako hilik izango zara.

ASIER.- Nire neska.

AS.AG.- Berak bidali gaitu hona.

ASIER.- Eta, esan diozue zer egin behar didazuen?

AS.AG.- Noski. Hasieran esaten zigun helikopteroz etortzeko, koitadua!

ASIER.- Koitadua, zergatik?  

AS.AG.- Helikopteroa bageneukan, baina saldu egin genuen iaz, soldatak kobratu ahal izateko.

ASIER.- Hori ere “hizki txikietan” jartzen du?

AS.AG.- Ez hori ez dugu jarri aurtengoan, baina, denak zu modukoak direla ikusirik, agian, datorren urtean: inork ez du irakurriko.

ASIER.- AA! Ondo da. Min handia daukat. Mesedez, egin nahi duzuna.

AS.AG.- Beno, ikusten dut hasi zarela zeure onera etortzen. Jartzazu bota handi hori harri honen gainean, eta kenduko dizut.

ASIER.- Kontu handiz, mesedez! Esan dizut mina daukadala.

Zertarako atera duzu boligrafoa?

AS.AG- Lehenik inprimaki hau sinatu behar didazulako.

ASIER.- Zer diozu? Zer da hori? Jainko maitea!

AS.AG.- Hau, nire eta zure eskubide eta betebeharrak adierazten dituen idazkia da. Beharrezkoa da biok ados jarriz sinatzea, aurrera egin ahal izateko.

ASIER.- Sinatuko dut, azkar.

AS.AG.- Ez, ez, lehenik irakurri egin behar duzu.

ASIER.- Bederatzi orri dira!

AS.AG.- Denak derrigorrez irakurri eta ulertu beharrekoak. Begira, “hizki txikiak” ere badira, ez pentsa; gu ez gara edonolako asegurua. Zehaztasun guztiaz, kalitatez egiten ditugu irteerak.

ASIER.- Honi kalitate deritzozu? Nolakoak ote dira besteak!

AS.AG.- Je, je. Ironiatsu ikusten zaitut. Ikusiko duzu oinetakoa kentzen hasten garenean. Pasako zaizu.

Bukatu duzu irakurtzen?

ASIER.- Bai, bai.

AS.AG.- Sina ezazu. Orri bakoitzean.

ASIER.- Beharrezkoa al da guztietan?

AS.AG.- Nazkatzen ari naiz, hainbeste kexurekin.

ASIER.- Zu, nazkatzen ari dena, neu naiz. Goizeko ordu-batak dira, eta oraindik mendiaren erdian gaude. Eta ez daukazu hemendik irteteko ez helikopterorik, ez Lanroberrik, ez motorrik. Eta, jakin dezazun…Min izugarria daukat orkatilan!

__________

ASIER.- Gau erdiko iluntasuna belztu egin da. Ilargirik ez dago. Lainoa sartzen ari da Larrako basamortutik. Niretzako, beste norbait bidali beharko dutela gure bila. Hau ez da kapaz izango ni lurretik altxatzeko ere.

Orriak gordetzen ari da motxilan. Aulkitxo tolesgarria atera du. Orain behintzat bigunean jarri ahal izango naiz, orduak daramatzat harri gainean eta.

-Etor zaitez, poliki-poliki, hankarekin lurra ukitu gabe, orkatila zuzen mantenduaz.

ASIER.- Zirkuko kontortsionista naizelakoan, ala?

Etor zaitez laguntzera, ezin naiz hemendik jaiki.

-Ea, bada. Heldu lepotik. Sartu eskua gerri atzetik. Manten ezazu oreka, bestela biok jausiko gara.

ASIER.- Jausiko gara! Jausiko gara!

-Heldu! Hortik heldu!

-Hortik ez heldu! Ez heldu! Hortik ez!

BIAK.- Aaaaaaaa!

__________

BIAK.- Orkatila okertu zaigu. Pierre San Martinetik bi ordura gaude. Haitz gris handiak besterik ez ditugu ikusten, aurrean eta atzean. Zorigaiztoan otu zitzaigun bakarrik mendira etortzea. Ezin dugu oina mugitu.

Mina hanka guztira zabaltzen zaigu lurrean behatz bat jarriz gero. …

ASIER.- Ba al duzu asegururik?

AS.AG.- kadukatuta daukat.

ASIER.- Joan hadi pikutara! …

______________________________________________

Iñaki Odriozola

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago