- Kontuz, denok bazterrera, badatorrela, badatorrela
-Ez dit denborarik ematen.
-Ni heldu naiz ertzeko zulora.
-Etzan zaitez, eta burua harri artean jar ezazu.
-Belauna urratu dut.
-Zer ote da ukitu dudan zera bigun hau?
-Badator. Gainean da.
-A ze zaratatzarra!
-Kaka zaharra! Koipe beltza.
-Geldi denok.
Rrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr
-Gero eta toki arriskutsuagoetara etortzen gara.
-Aspertzen ari naiz jolas honekin.
-Zahartzen ari zara, ezta?
-Agian.Uste dut, jadanik, ez nauela honek lehen bezala betetzen.
-Nola igartzen den mutil berria aurkitu duzula.
-Ez da hori.
-Gau guztia gabiltza hemen, lur azpian, ilunetan. Bi kilometro egin ditugu, ia trenak harrapatu gaitu. Zikin zikinak gaude. Eskuak beltz-beltz eginda ditut.
-Koipeki alu hau.
-Orain bi urte merezi zuela zenion.
-Hala izango zen, baina orain...
-Badator hurrengoa.
-Sar gaitezen hurrengo babeslekuan.
-Argi ibili, astia badugu eta.
-Lotu hormari.
-Eutsi lepoak.
Rrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr
-Argia ikusten dut, eskuinean. Heldu gara.
-Ea egia den.
-Hemen gelditzen dituzte bagoiak.
-Aupa! Sei, zazpi; han atzean beste bat, zortzi bagoi daude.
-Denak guretzat.
-Denak garbi-garbi.
-Hala. Berriketa gutxiago, eta ekin lanari.
-Bost minutu ditugu, hurrengoa etorri eta lehenengoa eraman arte.
-Zer egingo dugu?
-Bakoitzak bat hartu, eta irudiz bete, noski.
-Gure artea garatu.
-Erdikoak egingo ditugu.
-Ez dira konturatuko, jende artera doazen arte.
-Hori da artista batentzat handiena. Milaka begik zure lana ikustea.
-Zarata berriz ere.
-Ez egin kasorik, jardun.
Rrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr
-Zer ideia daukazu gaurkorako?
-Lur azpiko itsasoa.
-Ideia galanta.
-Tiburoiak, izurdeak,
-Txitxarroak,
-Ba al dakizu, ba, txitxarroak nolakoak diren?
-Ez ta ideiarik ere. Niretzat arrainak denak antzekoak dira. Arrandegietan ikusten ditut. Ez dut inoiz arrainik jan.
-Berdin dio. Txitxarroak berdez egingo ditugu, eta bisiguak gorriz.
-Bisigurik ez dago barren, jadanik.
-Nik ez dakit, kalekume pijoa naiz, eta legatza bakarrik ikasi dut jaten.
-Ixo!
-Norbait dator.
-Bai zera, trena da berriz ere, baina urrutian.
Rrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr
-Nik erdia margotu dut.
-Nik oraindik ez.
-Luzeena hartu duzu ta, Bilbotarra ematen duzu.
-Naizelako.
-Eta, hori zer da?
-Polipoa, eta hura, belakia.
-Bizkarra garbitzekoa dirudi.
-Noski, nondik ateratzen direlakoan, bada, benetako belakiak?
-Jendeak ulertuko du?
-Bai, neska, dokumentalak ikusi dituzte metroan dabiltzanak.
-Itsaso azpiak baino gehiago.
-Orain Neptuno egingo dut.
-Hiriko alkatea ematen du.
-Nahita egin dut, hiruhortzekoa eta guzti.
-Bibotea falta.
-Ta mala letxea.
-Hori ezin diot jarri, baina bibotetxo hitlerianoa bai.
Rrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr
-Beno, hau izango da nire azken ekintza.
-Zer diozu?
-Bai, ez dut jarraituko. Hemendik aurrera beste norbait bilatu beharko duzue.
-Bai zera!
-Bai, bai, erabaki dut, eta ez dut atzera egingo.
-Ba, azkena izango bada, sekulakoa egingo dugu.
-Metro osoa itsaso bihurtuko.
-Hori da, azkena berezia izango da, itsasoa.
-Itsasoa metroan!
-Erabat berezia. Jaso eskuak.
-Zer?
-Jaso eskuak, hau sarekada da.
-Utzi margoak lurrean.
-Sarekada!
-Arrainak bezala harrapatu gaituzte!
-Hau izango da zuen azken ekintza.
-Hau izango da gure azken ekintza.
-Itsasoa metroan!
-Etorkizuna asmatzeko dohaina daukazu?
Rrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrrr