Hitzak orbainetan / Karmele Igartua / Euskaltzaindia-BBK, 2008

Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2008-09-06

Egileak liburu honekin iazko Felipe Arrese Saria irabazi zuen, zaletuek dakitenez Euskaltzaindiak eta BBK Fundazioak antolatzen eta kudeatzen dutena. Liburua ulertzeko hitz batzuen esanahia jakin beharra dago, “orbain” edo “tatuaia” hitzena esaterako. Biak dira azalekoak. Tatuaia gehiago da festarako, edo poz une baten adierazle. Orbaina, ordea, min edo ebaki baten ondorio da. Lehenago zauria izan zela adierazten digu, handik sortu zela marka berria, esparru berria. Tatuaia betiko da; orbaina, batzuetan bakarrik. Bi irudi horiek iraganaren aldarri dira. Inork ez baititu bere orbainak erakusten, beraiek sortu dituena salatzeko edo aldarrikatzeko ez bada. Berdin tatuaiarekin. Erakusteko da gehiago, ezkutatzeko baino. Iraganak oraina dakarrela esaten digu egileak, eta orainaren markak eta ezaugarriak iraganak utzitakoak direla. Denbora iragana da nagusi beraz; denbora oraina haren etxea baino ez da, iraganak erabiltzen duena bere nahi erara. “Orduko ekaitzak / orduko harriak / orduko urak”, gaurkoak dira. Ez dago iraganeko ezer gaurkotu ez denik, orbaina ordainduz.

Iraganaz sendatzeko hitza beharrezkoa dela esaten digute horretaz ardura duten gizon-emakumeek. Hitzaren bidez nork bere gaitzen berri eman dezake, sendatze aldera edo esate aldera besterik gabe. Hitza, azalekoa barik, iraganaren adierazle da. Hitza, ordea, tatuaia eta orbaina ez bezala, ez da azalekoa eta galdu egiten da, airea bezala. Hitza ez baita ikusten. “Ez dizkinat esango ez direnak / eta diren guztiak ezin esango dizkinat”.

Denboraren sentimendua bera ere azalean da, esku ahurrean bilduta bezala. Denbora ez da ikusten, baina egon badago, guk utzitako tokian. “Denborak mugatzen du / denbora”.

Azken finean, poetak bere sentimenduak erakusten ditu, haragizkoak balira bezala, alegia azalekoak.

--------------------------------------------------------------------------------

http://kritikak.armiarma.com/?p=4364

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago