Dibulgazioa bultzatu nahi du ikastaro berrian Idazle Eskolak
Aizpea Goenagak antzerki tailerra zuzenduko du, eta Pako Aristik zutabegintzakoa
Oihana Lete Bergara
Bergarako Idazle Eskolak seigarren aldia du aurten. Eta beste hainbat helbururen artean, edozein lanetan euskaraz idazteko gaitasuna bermatzea lantzen du; horrez gain, euskara oraindik ohikoa ez den alorretan erabilgarri egiteko baliabideak eskaini nahi dituzte. Idazketa literarioa eta idazketa profesionala lantzen dituzte bi urtean. Eletan Kultur Elkarteak bultzatutako ekimena da hori.
Idazle eskolan, euskal idazleak izaten dira irakasle, eta aurten izango dira, besteak beste: Edorta Jimenez, Aizpea Goenaga, Tere Irastortza, Juan Mari Irigoien, Vicente Huici, Pako Aristi eta Iñaki Zubeldia.
Urtero, ikasleen nahiak biltzen dituzte, eta, horien arabera, hurrengo urteetara begira berrikuntzak txertatzen saiatzen dira. Aurten, dibulgazioa bultzatu nahiko dute. Horretarako, zutabegintzaren inguruko jakintzak eskainiko ditu Pako Aristi idazleak. Idazleek irakurle mintegirako Fikzioa eta historia gaia proposatu dute. Horrela, Vicente Huizik bi gai horien errealitatearen inguruan jardungo du. Ahozkotasunari ere garrantzi berezia eman nahi izan diote, hori dela eta, Itziar Gomezek ozenki irakurtzen irakatsiko die ikasleei lau edo bost klasetan. Horrez gain, antzerki tailerra ere izango dute Aizpea Goenagarekin.
Ikasleei idazten irakatsi ez ezik, beste norbaiti irakasten ere irakasten diete, horrela, ikaskuntza hori inoiz gal ez dadin. Hilean behin, ikasle izandakoekin biltzen dira, eta bertan, idazten irakasteko teknikak irakasten dizkiete, besteak beste.
Tutoretza desberdina izaten da lehenengo urtean eta bigarrenean. Lehenengo urtean ariketa jakinak bidaliko dizkiete ikasleei; bigarren urtean, ikasle bakoitzak bere lana aurkeztuko du, horretarako, irakasle baten laguntza izango du.
-----------------------------------------------------------------------------------------
http://www.berria.info/testua_ikusi.php?saila=plaza&data=2008-09-24&orria=050&kont=011