Ale berrien aurkezpena Donostian egin zuten


"L.Luma berrien eleak" aldizkariak idazle
 
berriak aurkezten ditu udako alean
 
Gara 2007-7-22
Jon Cabanillas


Hilabete honetan aurkeztu dute Koldo Mitxelenan Bergarako Idazle Eskolako ikasleek "L. Luma berrien eleak" aldizkariaren bosgarren zenbakia. Ale horretan Tere Irastortzak, Idazle Eskolako zuzendariak, aurkeztu zituen mahaian ziren hogeita bi idazle berriak, eta azpimarratu zuen talde-lan handi bat jorratzen ari zirela. Joan den ekainaren 28an Zumarragan egindako "llunabar Literarioa"n irakurri zituzten aldizkariko zenbait lan.

Bederatzi narrazio lanekin, zazpi poemarekin eta "Solas eta Jolas"ekin osatzen dute hogeita bi idazle berri horiek lan sorta. Fito Rodriguez EIEko (Euskal Idazleen Elkartea) zuzendariak nabarmendu zuen «hogeita bi idazle berri plazaratzeko aukera ematen duen aldizkari baten garrantzia, bai euskal literatura berritzeko eta indartzeko, baita euskaldunon emozioen lekukotza emateko ere». Ale honetan, aurreko aleetan ohiko bihurtu diren atalak daude, esaterako, "Iritzi eta Gogoetak".

«Sorkuntza aldizkaria»

Aldizkariari buruz hala mintza- tu zen Ainara Maia idazlea: « Sorkuntza aldizkaria da. Ez diogu aldizkari literarioa denik, sorkuntza literarioari ere espazio handia eskaintzen zaion arren, literariotzat dauzkagun generoekin batera, bestelako genero batzuk ere txertatzen dituen aldizkaria baita: iritzi eta dibulgazio lanak, liburu-iruzkinak, elkarrizketak...». Aldizkarian agertzen diren lanak ez dira oso luzeak, alde batetik ahalik eta idazle gehienei tokia eman ahal izateko eta, bestetik, aise irakurtzeko modukoa izan dadin, anitza delako, bai generoei, baita gaiei dagokienez ere. Aldizkaria salgai dago Bilboko, Donostiako eta Iruñeko liburudendetan , eta Aretxabaletan, Zarautzen eta Bergaran ere bai.

Kristina Fernandez Irudiak

kristina fernandez

BABESLEAK

Laguntzaileak:

orkli

 

Mesedez! Webgune honek cookieak eta antzeko teknologiak erabiltzen. Informazio gehiago