Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
 Ilustrazioa: Kristina Fernandez    
pdf    
ez du ulertuko

Itsasoa zimurtu eta olatuz erditu; olatu bortitzak eta leunleunak, behetik arnasa barru-barruan gordez zulatzen ditugunak eta flotatuz, gorputzaren ertzak zabalduz, laztanduz, eskuetatik ihes egiten dutenak, kresalezko musuak emanez.

Eta ikusi, nola jarioan bata bestearen gainetik, azpitik, atzetik, segika doazen eta badatozen, hondarrarekin kiribildu arte, jaioko diren olatu berriei espazioa zabalduz. Eta sastatu hodeiak eta pixkanaka harilkatu, zirimolak sortuz. Eta egin marra geometrikoak eta libreak eta infinituak.

Egin marra ilunak eta zurbilagoak, argiagoak. Eta gelditu, gelditu pintzela, zerua eta itsasoa elkartu dituzun marra horretan, gelditu eta pentsatu ikaragarria dela bulkadez josten den geografia. Eta gelditzean, eman denbora barruko-barruko isuriei eta gainezka egingo dute. Lehenengo malko bat, gero bi eta gero beste guztiak, sudurretik ahora; olatu bat, gero bi eta gero itsasoa eta zerua eta horizontea, hatzetatik, ertzetatik, orrira.

Eta pentsatzen hasi zara zergatik ez duzun urte guzti hauetan marraztu, mukizapia ezpaineko urarekin umelduz. Eta ez zara gogoratzen. Eta leihotik sartu den moskitoari segika ari zara pilota partidu baten erritmoan, lepoa mugituz, ezker- eskuin, eskuin-ezker eta, hala ere, belarri ondora gerturatu zaizu.

Egonezinak eztanda egin dizu eta kalera irten zara buruan duzun nahasmen-espiral horri tira egin eta marra zuzen bihurtu nahian. Kalean, kioskoan, txiki-txikitako laguna. Zuzenbidea ikasi du, master pare bat egin eta hor dago aitarekin lanean, bere aukera noiz iritsiko. Gerturatu zara, gertatu zaizuna kontatzeko asmoz, baina berarekin gizon bat dago, altualtua, bibote luzea gorantz, arkatz zorrotzena baino zorrotzago alde bietan. Pertsona inportantea izango dela pentsatu duzu, agian, enpresa handi bateko gerentea edo prestigio handiko abokatua. Eskua altxatuz laguna agurtu duzu eta joan egin zara.

Laukitxo batean gizakia dardarka, azken argi berdeak taupaka. Batzuek erritmoa bizkortu dute, beste batzuek haurrei heldu diete kamisetatik. Zuk, ordea, gizaki gorria agertu arte itxaron duzu. Ez duzu korrika egin nahi, marra txuri batetik bestera salto egingo zenuke, txikitan bezala. Zure ondoan, bistaz ezagutzen duzun emakume bat dago, ile luze beltza, praka bakeroak eta niki txuri kursia darama bihotz gorri eta handiekin. Gaztetan punki-punkia zen, Rip taldeko kamiseta apurtua, ile berde motza, arropa beltza eta gerriko pintxoduna; piztutako zigarro bat ikusi duzu lurrean, eskola atzekoa izan zitekeen, eta uhinak sortu ditu zure inguruan eta gora egin du eta gora begiratu duzu. Antzinako lurrun makinaren arnasa ikusi duzu teilatuan, zerura hodei beltzak botatzen, zeruari erasotzen eta berau iluntzen.

Eta sinfoniaren hasieran gaudela dirudi, biolina sorbaldan, baxua gorputzean, tronpeta ahoan prest. Haurra bizikleta gainean, heldua adarrei eutsiz, gizon adindua makilarekin eta zure gogoan amama besotik helduz. Eta zuzendariaren eskuak mugitzean gizaki txikia arropaz aldatu da: orain gizaki berdeberdea da, hasi da sinfonia. Ondoko emakumea keinu batez agurtu duzu eta aurrera. Urrats batzuk eman dituzu eta atzera begiratu, haurdun dago, zebrabideko desfilearen babesean.

Fabrikako adarrak jo du. Laguna ikusi duzu, eskailera kiribila jaisten bokadilo handia eskuan, plazan jolasten zenuen futbol partiduen atsedenean ateratzen zuen tamainakoa. Txokolatezkoa izango da edo txorizoa urdaiazpiko egosiarekin. Atsedenaldi guztietan gerturatzen zitzaizun zati bat eskaintzera, hatzekin zatia mugatuz. Baina zuk ezetz esaten zenion eta ateak ziren bi jertseak ondo kokatzeko denbora hartzen zenuen, jertse bakoitzari bolumena emanez. Betidanik egon da zutaz maiteminduta eta badakizu, keinu batez agurtu duzu eta irribarre goxo batekin erantzun dizu.

Gola bai, gola ez, eztabaidak, lagunak, herriko plaza eta bokadiloa. Eta bokadiloa. Tripa orroka hasi zaizu. Azken begirada eman diozu fabrikari. Eskolaren antza duela konturatu zara atsedenaldiko txirrina entzun duzunean. Fabrikan guztia dago zatikatua. Lehenengo pieza bat, gero beste bat, ondoren hurrengoa eta horrela azken produktua, guztia solairuka, ondo antolatuta. Eskolan ere, urte bakoitzari maila bat eta solairu bakoitzean gelak mailaka eta ikasi beharreko guztia ikasgaietan zatikatua.

Eta zure baitan bilduta zaudela, emakume bat pasatu da korrika zure ondotik: besoak indartsu zituen, zainak eta muskuluak markatuz. Eta gaur egungo pesak giltzadura baten inguruan mugitzen direla konturatu zara. Eta pentsatu duzu orain dela 400 urteko iraultza teknologikoan: polean, gatapultan. Hezurrak: palanka, giltzadurak: ejeak, giharrak: indarra. Tripak orro egin dizu berriro. Tripek ez dute ulertzen gorputzaren ikuskera mekanikoaz, gorputzak energia behar du mugimendua egiteko, lurrun makinak bezala.

Irakasle ikasketak egin dituen laguna tabernan dago lanean eta bertara hurbildu zara. Bidean, autobus geltokian, aspaldiko lagun bat ikusi duzu maleta handi batekin, ingeniaria da, eta Alemaniara doa lanera. Besarkada bat eman diozu. Ez du ulertu. Besarkada bat ez da sare sozialetan mezu bat idaztea.

Aurrera jarraitu duzu eta erakusleihoko manikiak duen bihotz handiz betetako kamisetari begira ari zarela, kuadrillako batekin topo egin duzu, iheskor zaude. Bere ezkontzaz bakarrik hitz egiten du azkenaldian eta nazkatuta zaude: argazkilaria, banketea, soinekoa, gonbidatuak... ez duzu ezkontzara joan nahi, baina oraindik ez diozu ezer esan. Eta ez diozu kontatu gertatu zaizun hori, barruan duzun emozio zurrunbiloa; ez du ulertuko: betiko burrundan zimurrik ez, espaziorik zabaldu ezin.

Deiane Moreno Mujika
Arrasaten jaio zen, 1986an.
Ikasketak: Lehen Hezkuntza eta
Gorputz Hezkuntzako Minorra/
Zuzendaritza Idazkaritzako Diplomatura.
Idazle Eskolako bigarren
maila amaitu berri du.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli