Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Melnikov mamua 
7k7    
Marrazkia: Kristina Fernandez    
pdf    

Ikusten al duzu?... zuri-zuria da...». Esan du haurrak ahopeka, sekreturik ezkutuena ezagutzera eman duenaren aurpegi zurrunaz.

 Haurrak Nikolai izena du eta zirkulu formako horma zuriak seinalatu dizkio hatz erakusleaz lagunari, sastraka artean uzkurtzera egin dutenean. Mijail, laguna, aho zabalik geratu da. Eraikina bi gorputzek osatzen dute, basati hazten doan zelai erdian landatu diren bi zurtoin zilindrikoek. Zuri-zuria da, bai, elurra bezain zuria. Horrexegatik ez zen sekula ohartuko eskolara bidean zeharkatu ohi duten lorategi albo-alboan dagoela. Zenbatetan entzun ote ditu gurasoak etxe zuriari buruz hizketan, hitz debekatuak ahoskatzen dituztenen zuhurtzia berberaz, Mijail zelatan dela konturatu eta isila sukalde zuloraino sartzen den arte.
 «... Hor bizi al da Melnikov?»
 «Tssssst! Ez ba! Agurea hilda zagok!» egin dio isiltzera Nikolai-k , ernegatuta-edo.
 
Mijail-ek ez du ezertxo ere ulertzen. Nola egongo da, ba, hilda agurea; jendeak inoiz leihora arrimuan ikusi badu? Nola ez da ba biziko; Politburó-a atezuan badu gau eta egun?
 

Laguna zutitu egin da eta korrika batean gerturatu etxe zurira. Hexagono formako leihoak ditu eraikinak, horma zuria zulatzen duten hutsune geometrikoak. Mijail pentsakor geratu da, ez du Nikolai-ren atzetik joateko adina ausardiarik. Aitak inoiz kontatu dio nolakoa den utopiaren etxea; kanpotik arkitektura modernoaren aztarnak izan arren, barnean egurrezko altzairu zaharrak omen ditu; dotoreak, inperio garaikoak. Alta, aitak ez du sekula etxe hori auzoan dagoenik esan, are gutxiago Krivoarbatsky 10ean. Ametsetako etxe zuri bat deskribatu izan dio; Lenin- en sarkofagoa diseinatu zuen arkitektoak beretzat neurrira egindako obra. Ostera, ikusten duen hau ametsa balitz? Utopia bada benetan aurrean duen etxe zilindrikoa? Eta ezustean Melnikov mamua agertu eta aurkikuntza ameskaizto bihurtuko balu?

 Nikolai ate aurrean da dagoeneko eta keinua egin dio hatz erakusleaz, «etorri, etorri» esanaz.
 
Mijail ez dago ziur; ikaratuta bai, beldurrez dardarka. Ingurura begiratu du. Ez da inor ageri, baina jendarmeen urratsak entzun daitezke ez hain urrunean; Politburó-aren urratsak gerturatzen. Urratsak gero eta gertuago. Urratsak gertu. Ber-bertan. Eta Mijail-ek korri egin du sastraka artetik Nikolai-ren albora. Melnikov- en etxe zurian sartu da izuak gailenduta.
 

«Ooooooooo!» irten zaio hasperen.

Koadroak.Koadroak eta koadroak. Margoak, pintzelak, koloretako arkatzak, mihise hutsak eta margoz beteak. Melnikov-en etxe zuriak margolari baten tailerra ezkutatzen du bere barnean. Nikolai-k eta Mijail-ek aho zabalik behatu dute etxearen behe solairuan gordetzen den koloretako altxorra. Sukalde txikia, egongela, komuna, eskailerak. Lehen solairurainoko eskailak igo eta sala handi batera heldu dira, liluratuta haurrak. Leiho erraldoi batek argitzen du orain espazioa.

«Bai ederra... !» egin dio eskutik tira Nikolai-k.

Emakumea biluzik da salaren erdian, ohantzean izara artera kiribilduta. Ilea xerloka bi aldetara, azal zuriaren gainean ildo beltzaranak marraztuz. Haurrek ez dute sekula halakorik ikusi; emakumearen kurbak etxe zuria bezain borobilak dira. Hain da ederra aurrean duten irudia... ! Leiho hexagonaletatik argiztatua dama... !.

Mijail-ek parean duen mihiseari erreparatu dio. Traza batzuk ageri dira, norbaitek emakumea marrazteari ekin diola esango luke. Izara zuria atzematen da, leihoaren argitan distira eta tolesduren artetik azala, kurbak, ilaia beltza. Unerik garrantzitsuenean margolariak ihes egin balu bezala. Norbaitek hanka.

«Anna! Anna!» deiadarra entzun da goiko solairutik. Nikolai-k bapateko jauzia egin du; Mijail aztoratu egin da; emakumeak haurrak deskubritu ditu begira. Segidan hanka hotsak, sirenak, Annaren izu aurpegia, oihuak, bateonbat goiko eskaileretatik salara, sarrerako ateari kolpeka behera norbaitek. Zerbait larria gertatzen da eta haurrak ikusle besterik ez dira Melnikov-en etxean. Bi mamu besterik ez. Bi mamu txiki.

Gero gertatutakoak ez ditu zehatz oroitzen Mijail- ek, baina esango luke leiho hexagonal batetik egin zutela salto; korrika ihes zelai eta sastraka artetik; karrika estuetatik etorbide zabalagoetara, izuak hartuta ia hegan egin arte. Sirena hotsak gogora ditzake Mijail-ek oraindik, Politburó-aren oinotsak eta arma soinuak, emakumearen oihuak eta negarrak, agurearen isiltasuna... Eta oroitzen du gero iluna gailentzen hasi zela, arrats gorrizta ñabartzen pixkanaka eta gauak hiriaren izkina guztietara bidea egin arte ez zirela Nikolai eta biak etxera itzultzera ausartu, beldurrez.

Mijail-ek memorian gorde duen irudi argienetakoa da emakumearen mihisea, haurtzaroko oroitzapenen artean ezkutuan zaindutako altxorra. Eta dardaraz begiratu du orain aurrean duen koadroaren izenburua: “Anna Grivalova”. Melnikov etxera bigarren aldiz sartu baita gaur Mijail; museo bihurtu duten eraikin modernista horretara hainbat urte beranduago, berriz. Melnikov-en obra ospetsua da orain; berezia, bakarra, indartsua. Bere denbora eta lekua sortzen jakin zuena. Baina nork azalduko dio turista andana horri etxe horretan bertan berak sentitutako lilura eta izua? Nola adierazi leku eta une hark haurrarengan utzitako aztarna, sortutako dardara?

Iluna gailentzen hasi da, arrats gorrizta pixkanaka ñabartzen. Gauak hiriaren izkinetara bidea egin du, baina inork ez du itzala korrika ikusi kale ilunetan barrena. Melnikov etxeko hexagono leihoetatik haur-mamu bat ihesean balitz bezala.

Donostian jaioa, 1978an.
Ikasketa eta lanbidez arkitektoa. Idazle Eskolako
lehen maila bukatu berri du. elnikov mamua

 

 

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli