Datorren ainara hura
Marrazkia: Kristina Fernandez | ||
Blowing in the wind
Udazkeneko arratsalde hartan irratia entzuten ari zen bakarrik, bere logela txikian. Arratsalde hartan, Bob Dylanek uda hasierako ainara hura oroitarazi zion, zurezko leiho zaharreko artaka batetik sartzen zen aire leun hark bat-batean hartu baitzion bere gorputz gaztea, eta bere burua iraganean harrapaturik gelditu zen.
Denbora oroitzapen ederretan gelditu zen, eta ainara hark emandako aire leun eta fresko hura askatasunean hegan egiteko probestu zuen. Negar egiten uzten ez zion oroiminean igeri egiten zuen, eta denbora iragaten zela ez zen ohartzen; baina ikusi zuen. Ikusi, ametsetan munduan gehien maite zuela ikusi ahal izan zuen, eta gero azken batean bakarrik gelditzeko.
Merezi ote bakarrik gelditzea geroan ere bakarrik gelditzeko? Bakarrik gelditu zen, aire berri batez iritsi zen uda bat oroitzeko; iritsi bezala, gogaiturik beste aire batzuen bila joan zen arte, gaixoa!
Ainara hura bat-batean agertu zen zeru urdinean, bera zuri zikin koloreko bere logelan zegoelarik, eta udako haizekada batez margotu zuen dena ainara hark. Baina jada ez zegoen, toki epelagoen bila joan baitzen hegoalderantz. Pasiozko eta ametsezko hiru hilabete bizi izan zituzten, eta dena bezala, uda ere amaitu zen, eta ezusteko pasiozko amodio hura hoztu. Airea bezala hoztu zen, eguzkiak ez baitzituen gehiago berotzen bi arima gazte horiek, eta ez zien batera segitzeko bultzadarik eman.
Bere bizitzan behin sartu zen ainarak zimeltzen eta itzaltzen ari zen lore bati loturik aurkitu zuen bere burua, haize txar batek bat-batean bere ahotsa tristatu baitzuen. Eta orain, bera da loretxo gaixoa, bakarrik gelditu dena, ia ezin arnasa harturik. Ia haizerik gabe zintzurrean sartu zitzaion haize txar baten ondorioz ahotsik gabe gelditu zen. Ezin zion ainarari oihukatu, berarekin heldu zen negu gogorra pasatzeko erregutu ziezaion. Itxarongela batean gelditu zen mutu. Zain.
Itxaronaldi itogarria inondik ere, freskotasunez beteriko aire hura gabe bizi behar zuela jakin gabe, eta energia apurrak malko pare bat isurtzeko gastatuz.
Bi malko, bata handitasunez hegan egin zuen ainararengatik, eta bestea beragatik, bere gaitzaren bakardadeagatik. Udako haize leun eta lasai batekin amestea soilik du itxaropen bakar, eta bi malkoak bere euskal arbasoek egindako haritzezko mahaitxoaren gainean erori ziren.
Ainara handinahi hark bakarrik utzi zuen, bakarrik zuri zikin koloreko logela hartan berriro ere, hura berriro ikusteko edo sentitzeko inolako itxaropenik gabe. Ainarak etorkizunerantz hegan egin zuen; eta bera, airean dilindan gelditu zen, nora ezean, zer egin jakin gabe. Denboran zintzilik, denbora galdu batetik zintzilik, eta ezin aurrera egin. Etorkizunak ez zuen gehiago existitzen berarentzat; ez orainak ez eta geroak ere. Iragana ere pixkanaka desagertuz zihoan, eta airean dilindan gelditu zen.
Absolutely alone. Alone blowing in the wind, only the answer is blowing in the wind, but she doesn’t know how to catch it.
Ainara haren gisa, ez zuen gehiago lurrik ukitu nahi, eta jauzika joan nahi zuen bizitzatik bizitzara, eguzkitik eguzkira, ilargiraino iristeko itxaropenarekin.
Bere bakardadearen arrazoia ulertu nahi zuen, eta galdera asko zituen buruan, erantzunik gabeko galdera asko: «Zergatik joan zen beste haize batzuen bila ni bakarrik utzita? Hasierarik eta amaierarik gabeko amodioa izan al zen gurea, edo adiskidetasun inkondizional eta mugagabe baten hasiera? Zer egiten dut lau pareten artean bakarrik eta maitemindurik, bihozminez negarrez?». Hitzik gabe desagertu zen bere bihotzeko ainara maitea, eta inori ezin zion kontatu bere mina. Bere barneko galderen erantzunik ez zekien non aurkitu, eta zerura begira zegoela, berriro ere Bob Dylanen kantu hura joan zitzaion belarrietara, bihotzera.
Bakardadetik ateratzeko bidea edo lagunen erantzuna haizean aurkitzeko itxaropenez, ainara hari idazten hasi zitzaion erantzunik gabeko eskutitza, baina lehen letrak bolalumatik pasatuz haritzezko mahaiaren hanka batetik behera irrist eta ihes egin zuen A letrak.
Leihotik kanpora, zeru urdinaren askatasun zabalera hegan egin zuen, eta lehen letraren hegaldi hark ainara harentzako eskutitza idatzi zuen zuriz urdinean: «Akabo, mon amour. Finito. Kaputt. Y adieu, my darling!Aio, ene bihotzeko lagun».
Ainara bakar batek ez dakarrelako uda, agur esan zion eguzki gorri itxaropentsuari, maitasunaren aroaren zain. Haize hartzera bidali zuen ainara ez zuen ikusi gehiago, baina ainarak irakurriko ote zuen urrutian zeru urdinean idatzitako bihotzeko hitz hura!
UDA INSTALATZEN...
....................................... | .................................... | 44% DONE |
Urtaroa ez da aurkitu. Aurkitzen ari zaren urtaroa ba- liteke ezabatu izana, izenez aldatu izana edo behin- behinean eskuragarri ez egotea. Saia zaitez berriro, mesedez...
Udaren amaierak errorea eman zion amaitu baino lehen, hasierarik eta bukaerarik gabeko amodio istorio hari, eta udaren azkenean erori zen bakardade hotzean. Bakardade jasanezinak mutu egotera bultzatu zuen lau pareten artean, eta soilik negar egiten zuen.
Uda joan da jadanik, enarek hegoalderako bidaia hasi baitute. Uste baino lehenago. Aurten udazkena abuztuan etorri da oporretan eta biluztu gaitu, biluztu zuhaitz berdeak orbela egitera utzi gabe.
The sky is not the limit (Zerua ez da muga)
Maitasunak etengabe segitzen du hegan, eta adiskidetasunak saltoka segitzen du harritik harrira, oztopoz oztopo, eta elkartasunak irrist egiten du izotz grisaren gainean hari ikusezin bat marraztuz. Isiltasunean doaz hitzok eta elkar besarkatzen dugu berriro ere distantzian, isiltasunean oroitzen baititut hitzok: «Zorionak! ainara ederra, horixe opa dizut bihotzez, gaur artekotik aurrerako bizitzan. Besarkada eta patxo bat».
1976an jaioa, Irunen.
Euskara irakurle dihardu Brnoko Unibertsitatean,
Txekiar Errepublikan.
Idazle Eskolako ikasle ohia da.
|