Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria

Erabiltzailearen balorazioa: 5 / 5

Star ActiveStar ActiveStar ActiveStar ActiveStar Active
 
   
 
 ISILPEKO POEMA

Ordu hartan irekitan zegoen leku bakarra zelako sartu nintzen taberna hartan. Argitzear zegoen; zeru morearen azpian, inguruko mendiak etzanda zeuden animalia izugarriak bailiren, lo; han urrunean piztear zeuden su garrez jabetu gabe. Hotz ikaragarria egiten zuen. Dardarka nabaritzen nuen gorputz osoa; ez dakit, ordea, hotzaren eraginez edo urduritasunez.

Haserre nengoen, oso. Horretaz oroitzen naiz, bai. Haserre nengoen, ezer ez ikasi eta, hala ere, oposaketa batzuetara aurkezten nintzen azken aldia izango zela zin eginez neure buruari. Trenean alboko, aurreko zein atzeko jendearen elkarrizketetatik edozeinek nik baino gehiago zekiela iruditu zitzaidan. Gorroto nituen oposaketak, eta gorroto ditut oraindik hutsaren eltzera bota eta bertan ondo irabiatzen zaituztelako.Haserre nengoen, bai...

Oposaketak txinatarrek asmatu omen zituzten. Madarikatuak! Zerura begiratu eta hegazkinek ere urduri jartzen ninduten. Ekialdetik zerua zeharkatzen zuten dragoi gorri haiek... haiek barreiatzen ote zuten txinatarren asmakuntza edonon?

Parkearen ertzean zegoen kiosko batetan erosi nuen egunkaria. Liburuxka urdin bat eman zidaten opari. Hartzea erabaki nuen, trenean bueltakoan irakurtzeko zerbait izango nuela eta, baina ez nuen zer zen ere galdetu. Poltsikoan jaso nuen, besterik gabe.

Hotzaren hotzez kalean goitik behera paseatzen ezingo nuela ibili eta nonbait sartu behar nuela erabaki nuen zerbait beroa hartzeko. Goiz zen oraindik azterketaren lekura agertzeko, eta komunera joan behar nuen nahi ta nahiez. Orduan topatu nuen taberna hura. BAR MARTIN jartzen zuen hautsak eta denborak errenditutako kartel hartan. Eraikin baten ertzean kokatua, leihoetan beltzez pintatuako barrak zituen, atzeko leihoen grisa edo estaltzeko; eta ia usteltzear zeuden bi geranio. Ez nion oso itxura ederra hartu, baina besterik ezean, barrura sartu nintzen.

Atea ireki eta begiratu bizkor bat eman nion topatu berria nuen aterpeari. Oso taberna txikia zen. Atetik bi metrotara edo, barra zegoen eskuin aldera. Egur kolorekoa azpian, marmol beltz zartatu bat gainean. Atzean, paretan, aldenik alde, ispilu jadanik horiztatua, aurrean ezarritako likore botilak ere doi doi isladatu zitzazkeena. Loteriako kupoiak goiko baldatik zintzilik eta han San Pankraziok begiratzen zidan hatzarekin alboan zuen kattagorri disekatua salatuz.

Haruntzago barraren beste erpinean erloju gorri baten azpian sukaldeko atea eta alboan auskalo noiz mus txapelketan irabazitako trofeoa, plastikozko loreen artean.

Ondoren, barraren bestaldean zegoen andreari geratu nintzaion begira. Berrogeita hamar urte izango zituen. Iharra. Ilea horia, ia zuria; azalez, aldiz, beltzarana. Begiak nabarmenegi margotuak, ezpainak gorriegiak eta bihotza grisa. Amantal zikin batek estaltzen zion soina. Telebistari begira zegoen, jabetu ere ez zen egin sartu nintzenik.

Telebistaren azpian makina bati jo eta su ari zitzaion goizean inora joaterik ez duten gizon horietako bat. Begiak triste, ezpainak hestu, noizbehinka eskuen artean zuen zigarroa zupatzen zuen astiro. Ke hasperen sakona gero. Anis kopa zuen, ordea, barraren erdian, zain.

Ez zen beste inor kaiola hartan. Hori uste nuen behintzat. Tabako makinaren ertzean zegoen mahai bakarrera begiratu nuen arte. Orduan ikusi nuen bera. Haseran ez nion jaramonik egin, andre hari kafe bat eskatu eta komunera joateko asmotan bainintzen. Eta horrela egin nuen.

Emakumeak irribarre egin zidan baina txolarrearen hegaldia baino gutxiago iraun duen irribarrea. Laister bueltatu baitzuen begirada telebistara. Ez naiz oroitzen zer zegoen telebistan. Aparteko gauzarik ez. Baina taberna guztia batetzen zuen haren etengabeko marmarrak.

Kafea parean nuenean atzean nuen mahaira begiratu nuen zeharka, disimuluz. Gizon hark ez zion telebistari begiratu ere egiten. Aurrean zuen liburuari bakarrik. Itxura berezia hartu nion, arrotza. Bere zentzu guztiak liburu hartan jarriak zeuzkan. Errezuan zegoela ere iruditu zitzaidan. Gero, ordea, noizbehinka eskuan zuen koaderno batetan zerbait apuntatzen zuela iruditu zitzaidan. Bera ez zen jabetu ere egin begira ari nintzaionik. Hori uste nuen behintzat.

Ezingo nuke bere adina zehaztu: 40, 50 edo 60 urte eduki zitzazkeen. Argala zen. Modaz aspaldian pasatutako traje beltza zuen jantzita; korbata iluna eta alkandore zuria. Arraroa egin zitzaidan horrelako taberna batetan trajedun gizon hura topatzea. Alboko aulkira begiratu eta sonbrairu bat ikusi nuen, ondoegi tolestutako gabardina baten alboan. Buru soila zen, eta begiak txikiegiak iruditu zitzaizkidan, are txikiagoak ziren betaurreko borobil-borobil batzuen atzean. Ez zuen bista oso ona izango, horregatik beharbada bere irakurketa arretatsu hura.

Ez zirudien bertakoa, ez zirudien inongoa. Aspaldian alboratutako jostailuak etorri zitzaizkidan burura, ahaztutako ipuinak, aspaldian joan ziren pertsona maitatuak, parke bakartiak, udazkena... guzti hau gogoarazi zidan bat batean gizon hark. Ezaguna egiten zitzaidan eta eraberean oso arrotza. Urrutiko oihartzunak, baina nire barneko aspaldikoak.

Urduri jarri nintzen.

Kafea gogo txarrez edan nuen. Egia esan esperantza handirik ere ez nuen hango kafean. Erlojuari begiratu nion, ordu erdi azterketa hasteko. Baina, ordaintzeko poltsatik kartera ateratzerakoan erori zitzaidan lurrera egunkariarekin oparitu zidaten liburuxka hura.

Bat batean, atzean nuen gizonak aulkitik altxatu, makurtu eta liburuxka jaso zuen. Ondoren liburuxkari begira geratu zen denbora luzez. Gero, begirada tristez, irribarrez “Fernando Pessoa” esan zidan. Horrela jakin nuen kioskoan oparitu zidaten liburu hura Pessoaren poesia liburu bat zela. Barre zozo batez baietz esan nion, barne-ikara handi batek astintzen ninduen bitartean.

Orain banekien zergatik egiten zitzaidan hain ezaguna gizon hura. Lisboan lagun batek “La Bra-ssileira”n atera zidan argazkiaz oroitu nintzen... Presaka irten nintzen taberna hartatik, erdi urduri, erdi txundituta.

Bost urte geroago, atzo bertan, oposaketa batzuetara aurkeztu nintzen berriz ere. Eta liburudenda batetan nindolarik erosi nuen egunkaria. Iragarki txiki batetan irakurri nuen. Apartamentu zahar batetan aurkitu zutela gorpua. Pobrezia izugarrian bizi zela D.H. eta neguaren hotza ezin izan zuela jasan. Ohean aurkitu zuten trajea soinean eta botak jantzita. Gorpua, bidaia-poltsa bat eta egurrezko kutxa handi bat; besterik ez omen zen gela hartan. Eta sonbrairu eta tolestutako gabardina baten gainean.

Hurrengo astean, ordea, azaldu zen erreportaia. D.H. hura Diego Ariztimuño izeneko idazle bat omen zen eta bere egurrezko kutxa hura irekitzean topatu zituzten gizon hark bere bizitza osoan idatzitako poema guztiak. Bere bizitza isilpeko poema jasoa. Euskal Poesiaren altxor izkututzat kalifikatu zuten. Egilea hotzak eramana zuen ordurako, ordea. Eta La Brassileirako argazkia etorri zitzaidan burura. Eta orduan negar egin nuen... Pessoaren omenez.

Laida Azkargorta Ruiz de Egino

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli