Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 

luma1_15  
LABARREKO SEKRETUA

Egunak berriz pertsiana altxatzerako Goizeko Argi arrantza-ontzia Ondartzabalko kaitik milia batzuk urrunduta egongo zen. Mila tonako zama astuna gainetik kendu duenaren arintasuna eta lasaitasuna sentitu zituen Jonek, lur mutur guztiak itsasoak irentsita irudikatzerakoan. Giharrak erlaxatu, eta gasolio eta olio usainekin adiskidetzeko prestatu zen hurrengo portu arterainoko bidaide izango zituen eta.

Baporeak jabal nabigatzen zuen Numaren esku beltzaranen eta begi zurien kontrolpean, patroia eta beste lau marinel lotan zeuden artean. Neurri guztietako puntu zuriak ageri ziren zeru sabaian, eta haien argira dantzan zirudien urak harat-honat akonpasatuan.

Jonek bere burua zoriondu zuen azken unean belarrietarako tapoiak hartzeaz gogoratu izanagatik. Motorearen durunda erogarri litzaioke haiek gabe. Zarata hargatik ez balitz, amonak sehaskan kulunkatzen zueneko eztitasuna berbizi zezakeen. Begiak itxita, makina arteko zola umelean uzkurtu zen amonaren altzo epela sentitzeko. Atzera itzuli nahiko zukeen: ume bihurtu eta hutsetik hasi berriz hazten. Baina hori ezinezkoa izaki, inork ezagutuko ez zukeen lekura joan eta bizitza berri bat hastea zuen amets.

Egunak ez zuen inoiz bezalako argirik biztu orduko hartan. Laino zuriak taldeka bilduta presaz zihoazen norabait. Haiek joanda zema gris eta triste geratu zen, negar egitetik hurbil. Haren aldarteek , baina, ez zeukaten sekreturik ontziaren bizkarrean zebiltzanentzako; hauek, haserretzeko keinua igarri ziotenean, sarea zabaldu zuten patroiaren esanetara. Ipar-mendebalak ez zien asko lagundu eta egundoko esfortzua egin behar izan zuten bost gizonek. Izango al zuen ordainik

egindakoak? Ez jakin! Itsasontziak arrain detektagailu eta tresneria hoberenaz hornituta zeuden garaietan, arraina arras urri zebilen itsasoan. Arau asko lehorrean eta arrain gutxi itsasoan. Arrantzaleen azken baladak ziruditen, sardinaren egiazko ehorzketa bizitzeko atarian.

Mozkorraldi batetik bezala esnatu zen Jon. Denbora joan zen bere burua aurkitu zuenerako. Itsasontzia geldi zegoelako irudikapena izan zuen orduan. Lur hartuta ote zeuden? Hezurrak zuzentze aldera alboko leihatilara hurbiltzekotan zela, oin-hotsak entzun zituen burdinezko eskaileran behera. Giharretako minari eustea nahiko ez eta, arnasari eutsi behar izan zion.

Urak harro zebiltzan itsasontzira jauzika. Haizea eta euria nor baino nor festa animatzaileago. Bost txano - hori sarekada altxatzeko ahaleginetan madarikazioka. Zenbatzeko adina arrain txiki dardarti eta egurrezko lau kaxa, ez preseski arrainetarako erabili ohi direnak, ekarri zizkien sareak. Arrama ez beste dena zegoela orain itsasoan pentsatu zuen marineletan zimurtuenak. Patroiak, aldiz, dena ontziratzeko eta galerna etorri baino lehen berriz sarea uretaratzeko agindu zien.

Marinelak elkarri begiratu zioten/ baina inor ez zen ausartu desobeditzera. Felix jubilatuta, patroi berriarekin itsasoratzen ziren lehen aldia zen. Hala ere, marmar bat baino gehiago ito zen haien ahoetan. Hogeita hamar urtez arrantzuan zebilen Peliri, ez besteei, ez zitzaien sekula halakorik egokitu. Bigairen sarekadan beste hiru kaxa etorri ziren eta hirugarrenean bi. Lau eta hiru zazpi eta bi bederatzi. Patroiak laugarren aldiz bota arazi zien sarea baina ezer ez. Bosgarren aldi batez ere bai, berrehun bat metro ekialderago, baina alferrik.

Hamargarrenik gabe etsi behar izan zuen Julian Galparsorok ardiak ihes egin dion otsoak baino zaputzago. Esana zioten J. Galvez ezagutzen zutenek, haren hamarrekoa bederatzi izaten zela ematerakoan eta hamaika hartzerakoan, eta argi ibiltzeko harekin tratutan hasterakoan. Itsasoan aurki zatekeen bale sabel handienarekin eta marrazo hortz zorrotzenekin irudikatu zuen mafiosoaren erretratua Julianek. Geroxeago,  tenplea bereganatuta agindu zehatzak eta zorrotzak luzatu zizkien jokoz kanpo eta konplizitatearen arrak barren-janean zituzten marinelei. Itsasotik bizi nahi bazuten hark emandakoa hartu beharko zutela zioen galdera baino baieztapena gehiago zenaz akuilatu zituen.

Hauts zuridun plastikozko poltsak lekua hartzen joan ziren arrairi eta gela artean. Numaren beso sendoek aise tolestatu zituen hozkailuan. Jonek makina tartetik kaxak zenbatzen entretenitu zuen tripa-zorria. Baporea abantean jarri izanaren abisua pasatu zion heste lodi hustuen goragaleak. Zenbat falta ote zen lur hartzeko? Luze zihoakion bidaia, aspergarri eta deseroso, abiadura handiko treneko makina gelako billetea ez hartzeaz damutzerainoko lain. Loak denbora bizkortu ohi duela eta amonaren altzoko epelera itzultzea erabaki zuen.

Altzoa baina, umel zegoen oraingoan. Txikiagoa ere ba zela esango zukeen. Sakonera gutxiagokoa eta ez horren mamitsua. Zorrotada epel itsaskor bat sentitu zuen masailean behera; Klararen magalean zegoenekoa etorri zitzaion gogora. Hura isil-isilik zegoen; panpina bezain mutu. Jonek, hala ere, haren ahots urratua entzuten jarraitzen zuen:

- Lagunak izatekotan geratu ginen-. Baina Jonek ez zuen agendako laguna izan nahi; Jonek/, Toni delako harroputza bistaratu aurretik bezain lagun izaten jarraitu nahi zuen. Horregatik egin zuen egin zuena Pirinioetan alokatutako bungalow hartan. Horregatik gero, besoetan hartu eta zumitzezko besaulki loratuan jesarri zuen erregina bat bailitzan. Bere erregina. Berea eta ez besterena. Txakur leiala etxe-jaunaren oinetan bezain ferekatzaile jarri zitzaion eta magalaren epelean baretu zuen burua.

Gozo eta ezti jarraituko zukeen likido hotz likin hark eragindako hotzikarak kontzientziaren begiak ireki izan ez balizkio. Itsaso Gorriaren erdian naufrago esnatzerakoan bezalako zirrara sentitu zuen orduan. Ezabatu ezina ezabatzen saiatu zen ondorengo orduetan, eta egunak lehen argiak piztu ordurako herrirako bidean jarri zuen autoa. Horretarako,  gauean,  egonaldia ordaindu eta goizean goiz partituko zirela esanda utzi zuen kanpineko nagusia. Ez zegoen, beraz, susmorik eragiterik. Itsasertza lehenbailehen harrapatzeko grinak gidatzen zuen ford gorria. Bihurgunez bihurgune Klarak oso maite zuen labarrera jo zuen. Nudistak ez ziren beste bi hilabetetan handik azalduko; beraz, bakarrik egongo ziren, hara joan ohi ziren gehienetan bezalaxe. Besoetan hartu eta urertzean etzan zuen. Gero,  mimo handiz garbitu eta lehortu ondoren mitxoleta gorriz estanpatutako soinekoa jantzi zion. Eder zegoen Klara; beti bezain eder, edo are ederrago orduan, amets zerutiarren batean galduta zirudiela. Hain gogoko zuen paradisuan utzi zuen bainua hartzen.

Merveilleuxeko portuan inoiz ez lako jendetza ageri zen. Bandera ingelesa aireratzen zuen beste itsasontzi hark aurrea hartu eta deskargan ari zela pentsatu zuten Goiz-Argikoek. Halako jendetzarik; ez eta balea harrapatu balute ere! Julian Galparsoro, ordea, jendarme usaia hartzen hasita zegoen. Uniformatuak ugari ziren nasa aldean, baina ez zegoen atzera egiterik. Gainera/ zerbaitek arreta guztia bereganatuta zeuzkan guztiak eta inoiz baino samurragoa izan zitekeen begiralerik gabe kargamentua hustea. Sakelako telefonoa erabili zuen bertan beharko zukeen kamiodunari deitzeko. Bitartean, ehun emakume inguruk labankada haien egilea larrutu nahi zuten. Hogei bat poliziak euren armak zorrotik atera eta tiroak jaurti behar izan zituzten airera mendeku uholdea geldiarazteko. Tripulazio ingelesa aurkitutakoaren zehaztasunak ematen ari zitzaion itsas komandanteari. Eszenaren erdian, gorpu bat toldo urdinaren. gainean altxatzeko agindua eman behar zuen epailearen zain. Festatakoaren zantzurik ez zuen buila hark ezkutalekutik irten arazi zuen Jon, eta itsasontzia hutsik zegoelakoan kabinako leihotik begiratu zuen tentu handiz, inork ikusi ez zezan. Mitxoleta gorri busti batzuk besterik ez zituen ikusi. Besterik ez zuen ikusi izan nahi. Kaiko ur oliotsuan kolpeko pulunpatze bat entzun zen itsasontziaren popa aldean. -Uretara! Jauzi egin du uretara!- Deiadar hura arimaren ahotik atera zitzaidan. Sekretu batzuk ezin direla sekretu izan, eta ezin direla gorde konturatu nintzen. Ez betirako behintzat.

Maibel Aiertza

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli