Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Elisa
luma12  

Iluntzen ari du. Bordako ateko zirrikitutik azkeneko argi printzak sartzen dira garo gainean pausatuz. Freskatu du eta sekula bere izena aditu ez duen Elisak, bere bi hanka motzez eta hiru besok besarkatzen dute bere gorputz gizena. Ez daki zer ordu den, baina bai daki azkeneko argi printzak ura daukan ontzira ailegatu orduko atea zabaldu eta janaria ekarriko diotela. Goseak dago, beti izaten da gose. Jana ekartzeko zain dago.

Duela ez daki zenbat, ailegatu da berriro argi printza ur ontzira; itzali ere egin da argitasuna; hontza ere entzun da... baina inork ez du atea zabaldu, inork ez du jatekorik utzi garai batean zuria zen ontzi handian.

Argitasun berriak esnatu du bere izena ezagutzen ez duen eta bere ama gazteak Elisa deitu nahi zion neska gaztea. Gau freskoa egin duen arren, bere ilajeak babesten duenez, epel dago garo pilan bere gorputzak egin duen zuloan. Goseak sentiarazten du deseroso, eta berriro ere hainbeste desiratutako argi seinaleak muga gainditu baitu, atea ez da zabaldu.

Hontzarekin batera kantaitan hasi da bere aitak Elisa sekula deitu ez zuen gizajo hura. Sukaldeko zorutik aditu ditu Juan Luisek edonork nahastuko lituzkeen basapiztiarenak izan litezkeen orro haiek. Ezin du eroria dagoen tokitik mugitu, ordea. Bera ere, arima errukiena bezalaxe, inor agertu zain dago, baina denbora da gizasemerik hurbiltzen ez dela baserri zahar hartara. Andrea hil zenean gutxitu ziren bisitak etxe hartan. Bakar batzuk izan ziren aita-alaba bakarrik ikusita Atabalarako xendari ekiten jarraitzen zutenak, erabat desagertu zirenak alaba Inesen gerriondoak handitzen joan ahala.

Bakardade hartan, elkarren berotasuna bilatzen zuten Juan Luisek eta Inesek, iluntze puntuan, kanpoko lanei uzten zietenean, batik bat.

Ines gaztearen gerrialdea gizendu zen bezalaxe, masail gorriak zurbilduz joan zitzaizkion eta bere barru hartan zer gertatzen ari zen ondo jakin gabe, ilunabar batean, ukuilutik bueltan, min handia hasi zitzaion. Izter artean errekatxo gorri epela sentitu zuen. Ez zen odola bere gorputz barrenetik atera zen gauza bakarra (aspalditxo hori gertatzen ez bazitzaion ere), ordu luze mingarri batzuk pasa ondoren, animaliatxo jaioberri likatsu baten antzerakoa izterretatik behera irristatuz azaldu baitzen, bere esku dardartien artean hartu zuena.

Bakarrik zegoen etxean, aita bezperan haitzaren atzeko aldeko basoan utzitako zepoak ikustera joana baitzen. Kontu handiz, ahal bezala, Inesek garbitu zuen buru txikitxo hura, bi hanka txikitxo haiek eta... hiru beso txikitxo haiek. Negarrez garbitu ere, orduan konturatzen hasia baitzen Elisa izena jarriko zion animaliatxoa ez zela sekula oso normala izango eta, behin aitari aditu zion bezala, beheko erreka ondoko baserrian jaioa zela txahal bat bost hankekin eta handik gutxira Teodorok, etxeko jaunak, akabatu behar izan zuela.

Sukaldeko txokoan aurkitu zuen Juan Luisek alaba Ines, odol putzu baten erdian etzanda, besotan zerbait gordetzen zuela.

Sukaldeko toki berean ikusten du orain bere burua Juan Luisek, bera ere, alaba bezala, isilik joango da, bakarrik. Eta ehiztariren batek ez baditu orro desesperagarri haiek aditzen, arima errukiena ere halaxe joango da, bakarrik.

Izaskun Etxeberria

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli