Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Zapata dantza
zapata_dantza1    
pdf    

Txalo hotsa. Etenunea. Txaloa. Orpoketa geldiezina. Oholtza gainetik azkeneko zokoraino heltzen den zapaten oihartzun gorgarria. Begirada zurruna, tinkoa, begiak kliskatzeko ere astirik gabea. Betozkoa zimurtuz, kopetilun azaldu da, flamenkoa artedun dantzaldia dela sinetsarazteko, emakume urde bizarduna.

Adats urria, bildurik du motots bakan batean. Argi fokuak adats koipeztatuari eskaintzen dion dirdai narritagarria ikusezina da, zapatak bihurtu baitira begirada guztien jabe. Begiradaz ere oinen nondik noranzkoa jarraitzea kasik ezinezkoa da hala ere.

Soineko beltz estua. Haragi eta gantzak biltzen dizkion gerruntzea. Titi mardulak dantzan dabiltza idunetik atera nahian. Okela dantzan. Hala ere, saltari jarraitzen du, eskuak jasoz, jira eta bira, orpoaz oholtza kolpekatuz eta begirada irmoa ikusleen soaldi ausartenari iltzatuz. Txalo zaparrada. Amaitu da saioa. Oholak dantzan gelditu dira, dardara batean.

Aretoaren goialdean bizi da artista. Hogei harmaila gorantz eta logelako atearen parez pare izango da jada. Minutu batzuk apenas falta zaizkio zapatak eranzteko. Tentsio oro askatzeko. Behatzak askatu eta izerdia lurrindu ostean, oinak hala ere, minduta sentitzeko.

Jada ezin du saio hasieratik duen negar anpuluaren isuria ekidin. Ohe ertzean eseri da eta orpoan barneraturik
duen iltze herdoildua atera du poliki garrasi artean. Odol isuria. Bukatu da gaurko emanaldia.

*********

Auto istripua. Ospitalea. Zango ebakuntza. Elbarri esnatu da artista erietxeko ohatila baztertuan. Kostata ireki ditu begiak, apurka-apurka badaezpada ere, igarrita bere habitat berria ez zaiola atsegin suertatuko.

Aurpegi ezagunak ikusi ditu inguruan. Familia eta lagunak. Denak daude Sararen kantoia berotasun uholdez kutsatzeko prest. Baina kezka da aurpegi orotan. Badaki zerbait gaizki doala. Ezin daiteke ezertaz gogoratu tamalez.

Zabor kiratsa. Ustel usaina barneratuegi du. Zarama-kamioia. Hondakin artean sentitu duen itolarria gogoratuz, eskuak bernetaraino luzatu ditu. Ez ditu aurkitu. Belaunetik aurrera ez du jarraipenik antzematen. Larritasuna. Familia eta kideei begiratu die erantzun bila. Soaldi maskalek argitu diote ez dela amesgaizto soila. Konortea galdu du berriz ere ordu pare batez, begiak bilduz.

Lau urte zituela erakutsi zion aitonak flamenkoaren dotoreziaz mugitzen. Dantza barrenetik sentitu eta gorputzadarrekin agerrarazten. Komunikatzeko gailu zuen dantza. Errieta egiten zietenean ere, haserrea eta ezintasuna dantzaz adierazten zituen, besteak beste. Ez zekien beste era batera manifestatzen.

    zapata_dantza2

Hamaikatxo zapata zola higatu zituen ordutik plazaz plaza, lurzoru denak dardara bizian utzi eta pitzatzeko beldurrik gabe. Flamenkoa zuen zaletasun. Flamenkoa zuen ogibide. Dantzatzeko eta dantzari esker bizi zen.

Begiak agudo ireki ditu bigarren aldiz ere. Maindireetatik presaka eta estu tira eginez. Baina ez du ezer aurkitu izara azpian. Ezer ez. Azken saioaren ostean ateratako iltze herdoilduaren mina sentitu nahi du berriz. Odol isuri hori bakarrik izan nahi du gogoan eta ez auto lasterketetara jolasean izan diren nerabeen aurpegiak, ron botila eskuan, algara batean segika izan dituenak…

Gazteak onik atera dira. Ez da beste zauriturik izan. Ezinegona. Sututa dago Sara. Ez gazteak onik ateratzearren, bera erasotzearren baizik. Edo agian bai, suminduta dago, aitatxoren autoaz olgetan aritu izan diren mukizuek ubeldura bat ere ez dutelako, eta bera… Berak ez du berriz zapatak janzterik izango!

********

Txalo hotsa. Etenunea. Txaloa. Aulki jokoa. Oholtza gaineko gurpildun-aulkiaren jirabira zorabiagarria. Begirada zurruna, tinkoa, begiak kliskatzeko ere astirik gabea, bekozkoa zimurtuz, kopetilun azaldu da, flamenkoa artedun dantzaldia dela sinetsarazteko, emakume urde bizarduna.

Kriskitina esku batean, kitarra taupaden agintari. Kailuz josiriko eskua gurpilari sendo eusten, ipar edota hego, zorabiatzera iristerainoko buelta arinak, geldiezinak, ikusleek ere jarraitzerik ez dituztenak. Aulkitik ere ateratzeko arriskuz, ausardiaz egiten ditu jauzi eta saltoak, sasoi bateko beso mardulak egun gihartuta.

Inoiz baino beteago dago aretoa, atzerritarrez gainezka. Flamenkoa ezagutzera hurbildu dira inguruko dantzaririk entzutetsuenaren etxera. Zapatak paretan esekita daude oroigarri edo apaingarri gisa. Oraindik ere, zolan, iltze ugertuaren aztarna antzematea erraza da. Orpoan, zulakadaren minberatasuna sentitu zuen azken eguna gogoan izan nahi du beti Sarak.

Alabaina, zapatak daborduko ez dira begirada guztien jabe. Apaingarri soil bihurtu dira. Paretan eseki eta egunero miretsi eta gogoratu nahi den oroigarri mingotsa. Azaletik, bihotzetik, soaldi hutsaz zabaltzen du flamenkoa aretora Sarak, bazter oro magiaz sorginduz.

Bukatu da emanaldia gaurkoz. Chambaoren doinua aditu daiteke ahapeka, girotutako orduak luzatzeko, jarri berri duten irratiaren bestaldetik. «Pixkanaka uler dezaket ez duela merezi norabide barik ibiltzeak, oinez egin behar dela hazteko. Neuretarrekin eseriko naiz berriz ere, nire alaitasuna konpartituko dut, berriz ere bueltatuko naiz usain berri eta egun argiekin amets egin dudala kontatzeko»…

Sara jendetza artean galdu da. Hitz eder eta ezagun zein ezezagunen berotasunean amiltzeko. Hanka motza dantzan du, zorua besarkatu eta pausoen dardara sentitzeko irrika ezin ezkutatuz. Noizbait, berriz ere, zapatak pausoz pauso urratuko dituen itxaropena sekula ez du galduko.

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli