Narrazioak

Irudiak: Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Irudiak:Kristina Fernandez
Luma berrien eleak 10.zenb.
Luma berrien eleak 10Zenb.
Irudiak:Kristina Fernandez
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
ZAZPIKA GARAren aldizkaria
Star InactiveStar InactiveStar InactiveStar InactiveStar Inactive
 
Gutuna

Errezilen, 2010eko urtarrilaren 22an

Alô chefa:

Hogei urte pasatu dira Portugaldik, Euskal Herrira alde egin nuenetik eta desagertu nintzen egunean bertan hildakotzat jo ninduzun.

Umezurztegiko haur denen sendiak ezagutzeko aukera izan nuen baina sekula ez nirea. Sekula ez zenidan ezer aitatu. Gorroto nuen nire burua inork maite ez ninduelako. Bakardadean negarrez pasatu nituen urteak, labana bat sehaskako burkoaren azpian loak hartzen ninduelarik, zainak mozteko behar nuen adorea ilunetan lortuko ote nuen itxaropenez. Baina hurrengo goizean begiak ireki eta pareta biluzi eta arrailduen artean esnatzen nintzen beti, zure agindupean.

Hanka mehar luzeak, kumako barrote arteetatik erruz ateratzen zitzaizkigun, estutasun haiek ateratako ubelak urteetan neure azalaren kolore bihurtu direlarik. Beltzunezko jantzia. Guretzat zenituen kaiolak baino handiago egin ginenean, nerabezaroan, soineko legez geratzen zitzaigun sehaska. Hala ere zoruaren hoztasunean etzatea, etxabereen pareko, askatasun larregi izatea zen guretzat.

Eskuetan atxurra eta pala hartu genituen lapitza eta koloretako margoen ordez. Apenas indarrik genuenean hasi ginen baratzean lanean, dastatu nuen barazki bakarra patata gordina baso bete uretan izan bazen ere. Nire lehen txerria zazpi urte bete nituenean odolustu nuen eta lanagatik animaliaren azazkalak oparitu zenizkidan.

Gauero esertzen nintzen eskailera muturrean atea zarratzea ahaztuko zitzaizun itxaropenez edo gaueko zaindaria mozkortu eta loak hartuko zuen zain. Eta hamasei urtetan behin ahaztu zitzaizun giltza idazmahaitxoan, zure egunkariaren ondoan. Gauza biei heldu eta lasterka batean, arnasestuka galdu nintzen, atzera begiratu ere egin barik, umezurztegiak sortutako hotzikara urtzeraino. Ilargi betearen argitan baina begirada lausoz, malkorik gabe, begiak makarrez josirik, itsu – mutsuan, sartu nintzen etxalde bateko ikuilura, etxabereen aldamenean, berotan, barroteen muga barik, loak hartuz.

Bidaia luzea eta neketsua izan da nagoen lekuraino heltzeko. Zuri gutun hau idazteko. Nire ama zarela onartzeko. Igorritako mina, jaso duzunaren pareko dela konturatzeko. Bortxaketa baten oroitzapen latza soilik naizela zuretzat ametitzeko. Eta gau hartan giltzak nahita utzi zenituela zure egunkariaren gainetxoan, oinazea desagertzeko itxaropenez ziurrenik, ulertzeko. Horregatik eta arrangurarik gabe, solik, adeus chefa, Jon.

Haizea Caminos

BABESLEAK

Laguntzaileak:

  orkli